NAIZ

ELAk euskarafobia kasuak salatzeko gida aurkeztu du

ELA sindikatuak ‘Euskarafobia gida’ argitaratu du, euskaldunen hizkuntza eskubideen aurkako bazterketa eta erasoa ikusarazi eta salatzeko gida. Zehazki, hamaika euskarafobia adibidek osatzen dute zerrenda, eta lan munduan zein beste esparruetan erabiltzeko helburua du.

ELAk antolatutako protesta bat, Osakidetzan euskarak duen egoera salatzeko, artxiboko irudi batean.
ELAk antolatutako protesta bat, Osakidetzan euskarak duen egoera salatzeko, artxiboko irudi batean. (Gorka RUBIO | FOKU)

ELA sindikatuak ‘Euskarafobia gida’ argitaratu berri du, euskaldunek jasaten duten hizkuntza zapalkuntza ikusarazteko eta salatzeko xedearekin. Ekimen horren bidez, lan munduan ez ezik, beste esparruetan ere gertatzen diren euskararen aurkako jarrerak identifikatu eta ulertarazi nahi dira.

Sindikatuak azaldu duenaren arabera, orain arte espainiar eta frantziar Estatuek euskal hiztunen gainetik jarri izan dituzte haien hizkuntza eskubideak, euskaldunei «diskriminazio soziala» ezarriz. Hori horrela, euskara borondatezko eremuetara mugatzen dela azaldu du ELAk, euskaldunen hizkuntza eskubideak «murriztuz edo zuzenean ukatuz».

Azpimarratu du bi estatuek, beste hainbat eragilerekin batera, euskaldunak sarritan baztertu egiten dituztela, gaztelera zein frantsesa ikastera behartuz edo arlo askotan inposatuz. Ekimenaren baitan, «salaketa txokoa» ere martxan jarri dute, langileek euskarafobia kasuak modu errazagoan salatu ditzaten.

«Planto euskarafobiari»

Hain zuzen, «Salatu eta egin planto euskarafobiari» izenpean, gidak hamaika euskarafobia adibide jarri ditu mahai gainean. Besteak beste, ‘Babesgabetasun ikasia’ kontzeptua jorratzen da: «Zapalkuntza egoerei aurre egin arren aldaketarik eragitea lortzen ez dugunean etsipena errotzen zaigu, eta neke psikologiko horren ondorioz, ondorioztatzen dugu ‘onena’ ez saiatzea dela».

ELAren iritziz, zapalkuntza hau historikoa eta sakona da, eta beharrezkoa da horren berri ematea eta egoera horiek salatzea. Horregatik, adierazi du euskarafobiaren aurkako jarrera aktiboa hartu duela, langileen eskubide linguistikoak defendatzeko.