Andoni Arabaolaza
Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Euskal sokada batek Tsaranoroko ‘Mora Mora’ bide gogorra egin du

Urko Zabalak 700 metro eta 8b+/c maila dituen Madagaskarreko lerro hori era askean errepikatu duen bitartean, Abel Armendarizek soilik luze zailena zintzilik utzi du. Behin betiko ekinaldiak lau egun eskatu zizkien.

Zabala eta Armendariz ‘Mora Mora’ bidean lanean
Zabala eta Armendariz ‘Mora Mora’ bidean lanean (Urko ZABALA)

Urko Zabalak sare sozialetan zintzilikatutako bideo batean ikusten da ospakizunak protagonismo berezia duela. Abel Armendariz eta Zabala bera Tsaranoroko gailurrean (Madagaskar) pozez lehertzen. Kamisetak airean, oihuka, korrika… Egoera horrek ez gaitu harritzen, batez ere bi euskal eskalatzaileek ‘Mora Mora’ ibilbidean (8b+/c, 700 m) lortu duten arrakasta ikusita. Laburbilduta esan dezakegu bi eskalatzaileok Tsaranoroko lerro gogor hori errepikatzeaz gain, Zabalak aukera izan duela luze guztiak era askean kateatzeko. Armendarizek, berriz, bidearen giltza ezin izan du guztiz askatu. 

Jarduera hori testuinguruan jartzeko, aurreratu behar dugu Toti Valesek eta Francisco Blancok sortu eta ekipatu zutela 1999an. Estilo oso teknikoa du granitoan; izan ere, ezaugarri nagusia plaka leuna da helduleku oso txikiekin. Kirol eskaladako moldearekin harreman zuzena du, besteak beste, paraboltekin ekipatuta dagoelako. Alabaina, oso luzea denez, big wall batean jardun behar da.

Adam Ondra oso gaztea zenean, 2010ean, bisita egin zion Tsranorori, eta bidaia hartan uzta oparoa erdietsi zuen. ‘Tough enough’ (8c, 400 m) egun batean eta librean sinatu zuen. Atseden pixka bat hartu, ‘Mora Mora’-ra hurbildu eta berriro egunean eta askean igo zuen. Eskalatzaile txekiarrak puntu gorria jarri zion. Hots, lehen igoera askean izan zen. Ordutik, bisita batzuk izan ditu, baina eskalada librean hurrengo protagonistak Sasha DiGiulian eta Edu Marin izan ziren. Duela bederatzi urte, biek ala biek altxor hori eskuratu zuten.

Orain, berriz, 23 urteko Izkueko eskalatzaileak aipatu ditugun protagonista horien urratsak jarraitu ditu. Hots, Zabalak ‘Mora Mora’ librean eskalatu du. Aurreratu dugun bezala, 31 urteko Zumaiako Armendariz gertu ibili da. Zabalak esan du behin betiko ekinaldiak lau egun eskatu zizkiela: «Lau egun paretan bizitzen, egunsentiak eta ilunabarrak bertatik ikusten. Hori guztia eskalatu dugun bidea baino askoz gehiago izan da: ahalegina, pazientzia, elkarbizitza eta une ahaztezinak. Horrelako esperientziak dira benetan geratzen direnak. Eskalada batzuetan eskergabea da. Merezita izan arren, Abeli luze gogorra kateatzea falta egin zitzaion, azalarekin komeriak pasa ondoren. Hala ere, gainerako luze guztiak kateatu zituen».

Arrakasta

‘Mora Mora’ 700 metroko big wall denez, bi euskal eskalatzaileek egun batzuk egin zituzten tresneria paretara eramaten. Hamakarekin horman sartu, hamabi luzeak eskalatu eta lau egun beranduago lan guztiak bukatu zituzten. Zabalak honako aurrerapena egin du: «Nire aldetik, dena oso ondo joan zen. Lehenengo egunean, giltzara iritsi aurretik dauden luze guztiak kateatzea lortu nuen. Bigarren eguna Abeli aseguratzen eta animatzen eman nuen; beraz, deskantsatzeko aukera izan nuen. Hirugarren egunean goitik ateratzea besterik ez zitzaigun geratzen. Hortik aurrera eskalada guztiz aldatzen da estiloz, baina, zorionez, geratzen ziren luze guztiak bistan egitea lortu eta gailurrean uneaz gozatzeko aukera izan genuen».

Zabalak ez bezala, Armendarizek hatzetako azalarekin arazoak izan zituen. Granito urratzaileak eta helduleku oso txikiek buruhausteak eragin zizkioten. Alabaina, ez zuen etsi eta luze gogorrena probatzen jarraitu zuen. Oso gutxigatik bada ere, amore eman eta eskaladarekin aurrera jarraitzeko erabakia hartu zuten.

Oso motibatuta zein kontzentratuta zeuden, eta «akatsik» ez egitea helburu zuten. Adibidez, ibilbidea estiloz aldatu eta 60 metroko 8a mailako diedro batean Zabalak gogor estutu behar izan zuen erorikorik ez izateko. Laugarren eskalada egunean, bi gazteok Tsaranoroko gailurrera heldu ziren aipatu dugun arrakastarekin.