Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Pertur, egia nahi: galdera asko ase litezke erantzun bakar batekin

Malko gazi eta musu gozo artean, Bidasoaren hegian, egia aldarrikatu dute Eduardo Moreno Bergaretxe ‘Pertur’-en lagun, senide eta herritarrek. Irun eta Hendaia lotzen dituen Avenida zubi aldean ikusi zuten azkenekoz bizirik ETA pm-ko kidea, eta 50 urte beranduago, galdera aunitz daude erantzun gabe.

Anartz Egia eta Olatz Beldarrain dantzarien agurra, duela 50 urte desagerrarazi zuten Perturren argazkiari, Bidasoaren hegian, Avenida Zubian.
Anartz Egia eta Olatz Beldarrain dantzarien agurra, duela 50 urte desagerrarazi zuten Perturren argazkiari, Bidasoaren hegian, Avenida Zubian. (Iñigo URIZ | FOKU)

Haizea epeletik hotzera aldatzearekin batera bete da jendez Irun eta Hendaia arteko Avenida Zubia. ‘Pertur, egia nahi’ izena jarri diote Eduardo Moreno Bergaretxeren adiskideek bera omentzeko ekitaldiari, duela 50 urte desagerrarazi baitzuten ETA pm-ko kidea eta orain arte ez baitago datu berririk gertatu zenaren zantzuren bat argitzeko. «Horra hor gure konpromisoa, horra hor batzen gaituena. Egia, besterik gabe».

Pettik eta bildutako guztiek kantatu duten ‘Xalbadorren Heriotzean’ abestiko letrak dioen bezala, «inoiz esan ezin diren, estalitako egien oihurik bortitzena» egin dute, «botere publikoei zuzen-zuzenean itaunduz, urte hauetan guztietan beharrezkoak ziren eta egin ez diren ikerketak behingoz bultza ditzaten». «Perturren guraso Alvarok eta Martak semeari benetan gertatu zitzaiona ez jakiteak eragindako larritasuna eta sufrimendua gainditu gabe amaitu zituzten beren egunak. Egia ezagutu nahi dugu. Eduardoren duintasunari zor zaio, bere familiari zor zaio, eta euskal gizarteari zor zaigu», adierazi dute.

Ikertzeko deia

Ikertzeko eskumena eta baliabideak dituztenei eskatu diete legezkotasun eta legitimitate demokratikoak betez eta humanitate-printzipio oinarrizkoenak errespetatuz beren erantzukizunekoak diren jarduerak gauzatu ditzaten. Era berean, desagerpena argitzen lagundu dezakeen edozein informazio mota dutenei dei egin diete izan ditzaketen datuak agintari eskudunei emateko. Eta, jakina, gertakari hauei buruzko edozein xehetasuni buruzko sekretua altxatzea galdegin dute, baldin eta espainiar Estatuaren sekretu ofizialei buruzko egungo araudiak eraginda balego.

Gaineratu dutenez, Perturrek Estatu frantsesean errefuxiatu politikoaren estatusa zuen desagertu zen unean eta lurralde horretan desagertu zen. Beraz, oroitarazi dute Administrazio espainiarrak eta frantziarrak, eta baita segurtasunaren arloan eskumenak dituen bertze administrazio orok ere, gertaerak argitzeko eta ahal balitz gorpuzkiak aurkitzeko behar diren ikerketak egiteko betebeharra dutela. 

Testuingurua

Xabier Euzkitze aurkezleak kontatu duenez, Memoria Demokratikoaren Leku izendatutako mugako zubi honetatik hurbil ikusi zuten azkenengoz bizirik Pertur. Horregatik, kokaleku hau aukeratu dute egia eskatzeko eta baita lagunaren figura eta frankismoaren aurkako eta Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borrokan bete zuen papera azaltzeko ere, «hain zuzen ere, hobeto ezagutzeko zer testuingurutan erabaki zuen norbaitek Pertur akabatzea, bahituz eta desagerraraziz».

Idatzi bat irakurri dute Euzkitzek berak (euskaraz), Berta Gaztelumendik (espainolez) eta Béatrice Mollek (frantsesez) eta bertan gogoratu dutenez, Moreno Bergaretxe lehenengoetakoa izan zen jabetzen borrokak bilakaera bat izan behar zuela, alegia, «diktaduraren kontrako erresistentzia hutsa –erradikalena izanik ere, indarkeria barne– sustatzen zuten estrategietatik beste estrategia batzuetarako pausoak eman behar zirela». Bertan, «protagonismoa ez zuen abangoardiak izango, baizik eta herriak, hau da, herritarrek eta haien egintzak. ‘Masa-borroka’ esaten zitzaion orduan».

Euzkitzek agertu duenez, Perturren lidergoa proposamenak egiten, alternatibak aurkezten eta bideak irekitzen nabarmentzen zen. Baina, tamalez, ezin izan zituen bide horiek ikusi, bera desagertu eta hilabete geroago abiatu baitziren, 1976ko abuztuan, ETA pm-ren VII. Biltzar Nagusian. «Biltzar hartan, Perturren partaidetza erabakigarriaz formulatuak ziren aldaketa ideologikoak eta estrategikoak onartu ziren, eta horien ondorioz, besteak beste, EIA sortu zen 1977an, geroago Euskadiko Ezkerran sartuko zen alderdia, helburu politikoak lortzeko bide politikoak eta demokratikoak bakarrik erabiltzea bere eginez eta ETA pm-ren autodesegitea eraginez».

Urratsak

Agiri horretan, Perturren desagerpen behartuaren egitateekin lotuta egindako urrats garrantzitsu batzuk azpimarratu dituzte. Lehena, Nazio Batuen Batzar Nagusiak, lehenbizi 1992an eta gero 2006an, Pertsona guztiak desagerpen behartuaren kontra babesteko Nazioarteko Konbentzioaren bitartez, desagerpen behartuari delitu jarraituaren izaera aitortzea izan da. Eta, aldi berean, Konbentzioa sinatu eta berresten duten estatuei (tartean espainola eta frantsesa) jokabide horiek azkenera arte ikertzeko eskatzea.

Bigarren pausoa EHUko Giza Eskubide eta Botere Publikoen Katedrak Perturren desagerpenari buruz berariaz landutako txosten bat argitaratu izana 2017an. Bertan azpimarratzen da egitate haiek ez direla iraganekoak bakarrik, desagerpen hark gaur egungoa izaten segitzen duela eta «delitu hura egiten jarraitzen dela. Hori dela-eta, ikerketarik eza ez da iraganeko analisi bat, baizik eta gaur egungo erreibindikazio bat».

Hirugarren urratsa Estatu espainolean Memoria Demokratikoaren 2022ko Legeak hitzaurrean adierazten duena da: «Memoria elementu erabakigarria da herritartasun-mota ireki, inklusibo eta pluralak sustatzeko».

Entzun nahi dituenarentzako hitzak

«Hitzak bertzerik ez dira, hagitz ongi erranak, entzun nahi dituenarentzat», kantatu du Pettik gitarrarekin, ahots indartsuz, Perturren argazkia, ikurrina eta EIAren ikurra zituen oholtzatik. Gabriel Arestiren poema bat ere errezitatu du: «Irrintzi bat entzun dugu ezpataren aurrean, oskorria zabaltzen da euskaldunen lurrean».

Hunkigarriak izan dira Jon Sarasuak eta Andoni Egañak botatako bertsoak ere. «Non dago Pertur, non da bakea, eta non da justizia/ non da pertsonen askatasuna, non zorion ihesia/ non da ametsak, errukigabe mugatzen ditun hesia/ non da egia, non da pertsonei beti zor zaien bizia/ gaurko galderak seinalatzen du beste denen gabezia», kantatu du lehenak.

Eta bigarrenak: «Gure mundua Otsagabian bukatzen zenik ez nekin/ baina zuri-beltz idatzi zena bihurtu zuten gorrimin/ min bilatua, min pilatua, bihur liteke erremin/ isiltasunak ezin ote du parentesiren bat egin/ galdera asko ase litezke erantzun bakar batekin». 

Sarasuaren hau ere, ederra: «Gazte bizkorrak muga pasa du herrigintzaren aiduru/ ta amets horri jarraiki zaio gogo, bihotz eta buru/ helburu baten bila bai baina bidea ere helburu/ orain gu gara zure ondore, ta zu ondare zaitugu/ distira baten printza onenak ahaztu nahi ez baditugu».

 

Perturren adiskideek krabelinak eskaini dizkiote, une hunkigarria sortuz. (Iñigo URIZ/FOKU)

 

Anartz Egia eta Olatz Beldarrain dantzariek eta Aitor eta Xanet Arotzena Mujika txistulariek agurra eskaini diote gero Perturri, eta malkoei ezin eutsiz, loreak utzi dituzte Moreno Bergaretxeren lagunek bere argazki irribarretsuaren ondoan. 

Aurpegi ezagun ugari ageri zen: Nerea Kortajarena EH Bilduren Programa idazkaria, Joxean Agirre ezker abertzaleko kide historikoa, Xabier Barandiaran parlamentari jeltzalea, Eneko Goia Donostiako alkate ohia eta Sabino Arana Fundazioko kolaboratzailea, Elkarrekin Podemoseko Miren Echeveste eta Josetxo Arrieta, Igor Enparan Hondarribiko alkatea, Axun Lasa Josean Lasaren arreba eta Martxelo Otamendi kazetaria, bertzeren artean.

Batasunerako deia eginez amaitu da ekitaldia, eta bazkari eder baten bueltan elkartu dira Perturren senide eta lagunak.