Esku-ahurrekin

Kamio, gurasoek mende erdi bete dute ezkonduta. Ez zaizu makala iruditzen lortutako marka eta pentsatu duzu agortzen ari den eredu baten aurrean zaudela. Baina ez urrezko eztei deritzan horiek ospatu dituztelako, eskuetako hatzen artetik irrist egiten dizun bizimodu baten azken lekukoen artean zaudela uste duzulako baizik.
Eskuak iturri baten azpian elkarturik, ahalik eta ur gehien metatu nahian bezala, ahurrek haien kontra egiten duten indarrarekin bakarrik atxiki dezakezu zintzurrera eraman nahi zenukeen jario fresko horren zati bat, esturaz bizi zarenean lasaituko zaituen edabe bakarra izango delakoan zaudelako.
Bizitako udak adina usain gordetzen dituzula esatea adierazpide arranditsua litzaizuke, baina ez da egia. Usain bereko udak baino ez dituzu pilatzen laburra –eta askotan nagiegia– zaizun gogoan. Erreka ertzetik pasieran zoazela arnasten duzu landarediak uzten duen hezetasun usain sarkorra, aitak baratzetik ekartzen dituen piperrek ez dute dendan urte osoan topatzen dituzun horien batere antzik, ez eta tomateek ere. Eskuak lurrez zikin dakarzkizu etxeraino, ortuko eguratsa sukaldean bertan instalaturik.
Ez duzu sekula botoi bat josten ikasi eta ez zara gai etxeko edonori behar lukeen joskintza laguntza eskaintzeko. Ama duzu parean, bere besaulkian eserita. Begietan ebakuntza egin zuenetik ez du betaurrekoen beharrik, eta aise sartzen du haria jostorratzean. Titarea jaiotzatik jarrita daukala iruditu zaizu beti, eta zuk ez dakizu zein hatzekin ezkontzen den.
Izan ere, ezkondu, Kamio, aspaldi ezkondu zinen askatu nahi ez dituzun bizimodu horiekin, hainbeste atsegin duzun mundua begiztatzeko erarekin, nahiz eta badakizun, esku-ahurrak ahal bezain beste estututa ere, ez duzula ekidin ahal izango hain desiragarri zaizun ur horrek zirrikitu txikienetatik ihes egitea. Eta, azkenean, bustirik eta hezetuta geratuko zaizkizun eskuak baino ez dituzula izango akordu moduan eraldatuta.

El Ayuntamiento de Donostia prohíbe las cenas solidarias en la calle para personas sin hogar

EH Bildu reclama una mesa para buscar consenso sobre KAS e Insausti pide «dejar el buenismo»

Fallece otro preso de la cárcel Zaballa, un hombre de 60 años gravemente enfermo

«Afaltzea ez da delitua», egin du aldarri KASek, herritarren babes zabalarekin

