Xabier Izaga
Erredaktorea Gaur8 aldizkarian. Idazlea

Hanka ateratzeko saioa

Maider Etxebarria alkatea, Martxoaren 3ko 50. urtemugaren ekitaldietan.
Maider Etxebarria alkatea, Martxoaren 3ko 50. urtemugaren ekitaldietan. (Endika Portillo | Foku)

Iragan igandean, gaurko jopuntu hau egitea proposatu zidatenean, pentsatu nuen Gasteizko jaietan gogokoen izan ditudan kontuetako bat izango nuela idazgai, Iñaki Kerejazuk Zeledonen irudikapenean izan duen portaera bikaina, hain zuzen. 

Astelehen goizean, Gasteizko alkate Maider Etxebarria «jaiak politizatzearen» aurka  agertu zela irakurri nuen NAIZen. «Politizazio» horren buru Iñaki Kerejazu jarri zuen, Martxoaren 3ko biktimak gogoratzeagatik. Arratsaldean, berriz, gaizki-ulertua izan zela esan zuen, eta Kerejazuri barkamena eskatu ziola. Ondo, aintzat hartzeko moduko jarrera da hanka sartu izana aitortzea. Hala ere, hanka sartzeagatik barkamena eskatzea ere hanka sartzea izan liteke. 

Oso ohikoa da beti irabazteko edo gutxien-gutxienez parra egiteko jokatzea, eta alkate andrea jokalari profesionala da. Tira, Kerejazu ez da haren kritikaren jopuntua, baina esate baterako presoen edo Palestinaren aldeko pankartak ateratzen dituztenak bai, eta horiek dira, nonbait, alkatearen hanka sartzearen errudunak.

1976an, blusek, eta haiekin batera sasoiko Zeledon Jose Luis Isasik, jairik ez ospatzea erabaki zuten. Alkatea Jose Casanova zen, gorte frankistetako prokuradorea ere bazena; hark ere uste zuen festak ez direla politizatu behar (“El Correo Español” egunkariak bezala), eta muzin egin zion jaiak bertan behera uzteko eskaerari. 

Ekitaldi ofizialez kanpo ez zen jaien arrasatorik izan. Egunero amnistiaren eta ikurrinaren aldeko mobilizazioak izan ziren; abuztuaren 6an Imanol Olabarria, Jesus Fernandez Naves eta Juanjo San Sebastian, urte hasierako grebetan parte hartzeagatik kartzelatuak, aske atera ziren eta jendetza ikaragarria joan zen tren geltokira haiei ongietorria egitera, baita Polizia ere, horiek egurra banatzera.  
 
Eta, casa nova-tik, “etxe barri”-ra. Esan dugu 1976an blusek erabaki zutela jairik ez ospatzea, neskak aipatu barik, artean blusa kuadrilletan ez baitzegoen neskarik. Izan ere, 1979an atera zen Gasteizko lehenengo neska kuadrilla, Lamiak izenekoa, tradizioen eta betiereko balioen jagoleen txapeletako hautsak harrotu zituena. Zerbaitetan aurrera egin dugu, bai.