Amaia  U. Lasagabaster
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva

Realak eta Athleticek txapela berreskuratu nahi dute

Euskal Herria Koparen 16. edizioa asteazkenean erabakiko da Stadium Galen, txapelketako finalik errepikatuenean. Athletic nagusi da palmaresean, baina Realak eskuratu zuen txapela bi taldeen arteko azken buruz burukoan.

Talde bietako jokalariek oso motibatuta ekiten diote beti Kopari.
Talde bietako jokalariek oso motibatuta ekiten diote beti Kopari. (Jon Urbe | Foku)

Euskal Herria Kopak jabe berria izango du asteazkenean (19.00, ETB1). Berria baina aski ezaguna, Stadium Galek txapelketako finalik errepikatuena hartuko baitu. Realak eta Athleticek jokatuko dute elkarren aurka, txapela guztiak eskuratu dituzten taldeak alegia, duela urtebete Eibarrek bere izena palmaresean idaztea lortu zuen arte.

Hamabi aldiz lehiatu dute donostiarrek eta bilbotarrek buruz buru denboraldiko lehen tituloa. Gehienetan Athleticen garaipenarekin, zortzi final eskuratu baititu –eta beste bat Alavesen kontra–, Realak lau aldiz irabazi duen bitartean, bere bosgarren txapela Alaves gaindituta ere jantzi baitzuen. Bien arteko azken finala Realak eskuratu zuen, penaltietan izan bazen ere, partida berdinduta amaitu ondoren.

Zenbaki horiek ez dute bi taldeen azken boladako errealitatea guztiz islatzen, txuriurdinek aurrerapausoa eman baitute, Txapeldunen Liga jokatzeko lortu duten txartela erakusten duen bezala. Baina azken denboraldietako errendimendu orokorra ere ezin da gidatzat hartu, topikoak dien bezala, derbiak desberdinak baitira. Are gutxiago Euskal Herria Kopan, aurkari biak oso motibatuta aritzen baitira beti txapelketa honetan.

Txapelaz gain, Realak eta Athleticek konfiantza ere irabazi nahi dute denboraldiaren hasierari aurre egiteko. Gogorra eta aldi berean erakargarria da txuri-urdinen kasuan, Liga abuztuaren 29an hasi aurretik Txapeldunen Ligako sailkapen kanporaketako joaneko partida jokatuko baitute Londresen datorren asteazkenean. Bizkaitarren kasuan, abuztuaren 30ean emango diote hasiera Ligari, proiektu berria estreinatuz, aurreko denboraldiko emaitza etsigarriaren ondoren. 

Finalerako sarrerek 10 euroko prezioa dute. 14 urtetik beherakoentzat eta Real Unioneko bazkideentzat doanik izango dira baina sarrera hartu beharko dute aforo kontuengatik. Euskal Herria Kopako eta baita Realak eta Athleticek jokatuko duten Euskal Herria Txapelako finaletako sarrerak batera erosteko aukera dago ere Euskal Herria Kirolaren webgunean, guztira 20 euroko prezioan.

Amurrioko Basarte zelaiak, bestetik, kontsolazio finala hartuko du bihar ere (18.30). Realaren kontra penaltietan galdu zuen Eibarrek eta Athleticen kontra galdu zuen Alavesek jokatuko dute.