
«Saiatzen naiz momentuan zeren gogoa daukadan horri jarraitzen eta maite dut erabiltzea teknika desberdinak lan egiteko». Horretarako adi egon behar. «Datorrenari harkor egoten saiatzen naiz», dio. Modu honetan azaldu digu Oaia Peruarenak bere bulkada eta sormenari nola ematen dion bide.
Collageak, pastelak eta olioak mihise gainean. Baita paperean egindako obra akrilikoak ere. Teknikari dagokionez anitza da Peruarenaren obra eta hainbat diziplina hautatu ditu artistak okasiorako, bere sorkuntzaren lagin moduan.
Intuizioari bidea egiten uztea ez da erraza askotan, buruak agintzen du. «Aurriritziak ditugu gauzak nola behar diren eta horrek mugatu egiten du gero sorkuntza. Bada lana hori isilarazten eta baztertzen. Denborarekin hartu dugun ezagutzak egon behar du sorkuntzaren zerbitzura, ez agintean. Lehenik ikusi behar duzu zer daukazun esateko eta gero hori daukazun ezagutzarekin ahalik eta hobekien gauzatu», azaldu du. «Kontu guztietan gertatzen da. Musika konposizio bat egiteko behar duzu jakin edo jo nahi baldin baduzu behar duzu instrumentua ezagutu. Zure ahotsa baldin bada edo berdin piano bat, gauza bera. Eta ongi landuta duzunean, gero erabili».
Hastapenean paisaian eta naturan aurkitu zuen inspirazioa. Bide berrien bila hasi zen ondoren. «Momentu batean bazen horrelako dei bat ez nekiena ongi nola gauzatu. Eskatzen zuen zerbait irekiagoa, zabalagoa egitea. Beste artisten lanak ikusiz eta begirada irekiz, hor hasi ziren bertze gomitak ailegatzen. Hasieran torpeza guztiarekin, zeren niretzat ezagutzen ez nuen leku bat zen. Eta eginez eta eginez hasten zara esperientzia hartzen eta pixka bat ulertzen barruan dagoen mekanismoa edo mugimendua nola ematen den».
Askatasuna
Abstrakzioak zer eman dion galdetuta, hauxe erantzuna: «Askatasun handiago bat». Arnasa. Mugak zuk zure buruari jartzen dizkiozunak dira, ez besterik. «Badut margolari lagun bat beti esaten didana berdinak direla beretzat abstrakzioa eta figurazioa, baina nik neuk aurkitu dut espazio gehiago abstrakzioan. Ulertzen dut berak zer erran nahi duen, baina niretzako da lekua non espazioak eta mugak guk jartzen ditugun. Zenbat eta gu gehiago ireki, zabalagoa da. Zenbat eta prestuago zauden zu hor barrenean galtzeko, hainbat eta gauza gehiago aurkitzen ahal dituzu».
2012. urte ingurua zen margogintzan biraketaren beharra sentitu zuena. Estilo berriak urratze horretan, ezin aipatu gabe utzi Esteban Vicentek eta Joan Michellek berarengan utzitako arrastoa, beste batzuren artean. «Aunitz dira eragin didaten sortzaileak baina bi hauek asko begiratu ditut eta anitz maite ditut. Joan Michellen lanean aunitz maite dut bere askatasuna, zer datorren uztea. Esteban Vicenteren obrak landuagoak dira. Ez da horren impulsiboa, baina bada kolore armonia bat eta bere collageak izugarriak iruditzen zaizkit, izugarriak. Badu paperarekin jostatzeko manera bat... harritzekoa niretzat».
Hain justu kolorea da Peruarenaren obran atentzioa pizten duen elementuetako bat. «Trazuak, bolumenak eta masak garrantzia handia du baina abiapuntua beti da kolorea. Ezin dut baztertu. Koloreak piztutzen dit zerbait barrenean», esan du.
«Trazuak, bolumenak eta masak garrantzia handia du baina abiapuntua beti da kolorea. Ezin dut baztertu. Koloreak piztutzen dit zerbait barrenean»
Hizketan ari garela lan estudio koloretsua irudikatu dugu. Ezezkoa dio berak. «Aspergarria da. Aunitzetan pentsatzen dut horretaz. Usu ikusi ditut bertze artisten estudioak eta badira postalak edo argazkiak edo inspiratzen diren irudi bat eta nik lan egiteko behar ditut gauzak hagitz txukunduta izan. Margo bat bukatzen dudanean ez dut beste bat hasten ahal ez baldin badut dena biltzen, dena hustutzen. Ez ditut gauzak inguruan nahi. Traba egiten didate nire margoek ere, egindakoek. Nahiko desordena badut nik barrenean...», aitortu du irribarrez.
Inguratzen duena batetik eta bestetik bere burua deskubritzeko bidea eman dio artegintzak. «Izateko lekua eman dit munduan, batetik arteak. Bestela ez dut aurkitzen non izan. Hor utzi ditzazket nire zatiak bizitzen, batzuetan munduan ez ditut uzten ahal. Eta horrez gain egiten dugun guztia gure isla da. Denborarekin ikusten duzu hartu duen mugimentua».
Sorkuntzak egia izan nahi badu ezinbestekoa da gugandik abiatu eta guretik egitea. «Bai, hala da nahi baldin badugu egia agertarazi gure torpeza eta gure inperfekzio guztiekin», adierazi du.
Jolasetik
Jolasak badu tokirik bere obran. «Batzuetan baztertzen dugu jolasa ez baitugu serioa ikusten. Eta uste dut hain justu gauzen aintzinean jarrera horrek ematen digula askatasun gehiago. Zeren kentzen dio zama, kentzen dio pisua gauzei. Eta orduan zu hor jartzen ahal zara irekiagoa, arinagoa. Baina ez da batere erraza. Lotzen dugu jolasa zerbait inkonszientearekin. Eta jolasa izaten ahal da ‘gaur’ bat hagitz presentea. Presentziatik egina, norberatik egina. Inozentzia leku batetik», azaldu du.
Txikitatik piztu zion arreta arteak. Batez ere inpresionismoak hasieran. Zerk sortu zizun lilura? «Koloreak, bada argitasun bat... Eta trazuak. Erritmo jostalari hori trazuetan aunitz egiten nuen. Ez daukat zergati bat, dakidana da maite nituela kolorezko kaxak, kutxak eta maite nuela arkatza hartu eta marraztea; plazera zen niretzako».
Txikitan, eskolako gelan, ezin atentzioari eutsi. «Burua usu joaten zitzaidan ez dakit nora. Margolaritza hautatu zuen espresiobide beste diziplina batzuren aurretik. «Argiak, paisaiak nola aldatzen nola aldatzen diren urtaroaren arabera, horrek lotu ninduen. Dantza ere aunitz maite nuen baina ez nuen garatu», kontatu du.

Irunen sortua 1972an, haurra zela Berara joan zen bizitzera familiarekin. Bertan aritzen da sortzen. Musikari mordoa dago herrian, baina musikatik haratago bada sen artistikorik. «Bidasoaren puska hau aberatsa da, egia esan». Zergatik ote?, galdetu diogu. «Urak izango dira», bota du, irribarretsu.
Beran Ignacio Larramendirekin eta Donostian Iñaki Alvarezekin eman zituen lehen pausuak. Maite Unzurrunzagarekin ere aritu nintzen. Denek ekarri zuten zerbait. Bidasoako Eskolako Tomas Sobrino eta Joxe Mari Apezetxearekin harreman estua lortu zuen. «Beste harreman bat sortu zen behin ikastaroak bukatuta. Eta urte gehiago egon nintzen beraiekin. Goxoki oroitzen naiz udan Baztanen egiten zituzten margo ikastaroekin. Beratik margoen maletina eta gosaltzeko bokadiloa hartuta joaten nintzen. Hagitz momentu politak bizitu ditu beraiekin. Polita izaten zen, herriz herri ibiltzen ginen. Gero goiza bukatuta denak elkartu eta bakoitzak egindako lana aipatzen genuen; ze giro sortzen zen», gogoratu du.
«Egon beharko ziren laguntzak, adibidez, Seguritate Sozialaren ordainketan. Pasatzen ahal ditugu hilabeteak soldatarik gabe ez baldin badugu beste lan bat egiten»
Orain Donostian daukan bezalako erakusketak publikoarekin hizketan aritzeko baliatzen dituen galdetu diogu. «Horrekin badut borroka bat. Kostatzen zait, errazagoa zait nire zuloan lasai egotea», dio.
Patxi Laskarai argazkilariarekin landu ditu pare bat proiektu. «Nik bere argazkien gainean egiten nuen lan duela bi urte. Gero Ziburuko Arte Bideak galerian herriari buruzko begirada elkarrekin aurkeztu genuen», gogoratu du.
Peruarenaren obra nazioartean hainbat bildumatan dago: AEB, Australia, Estatu Frantsesa, Alemania, Britainia Handia... Eta gurean ere hainbat erakunde publikotan. Hasieratik sentitu duzu babesa edo erantzun positibo bat zure sorkuntzaren inguruan? «Gure lana sakonagoa denean eta kalitatean hobetzen doan heinean, gero hori itzultzen da, uste dut. Ez beti, baina nik horrela bizitu dut. Gure bizimodua ez da erraza, zeren egoten ahal zara hilabete pila bat erakusketarik gabe, lanean jarraitzen duzu eta gastuak dituzu, lan-materiala eta. Egon beharko ziren laguntzak, adibidez, Seguritate Sozialaren ordainketan. Pasatzen ahal ditugu hilabeteak soldatarik gabe ez baldin badugu beste lan bat egiten. Ondorioz beharko zen errealitate hori pixka bat begiratu eta ikusi nola egokitzen ahal den. Hor badago zulo potolo bat».

La Policía Municipal abate a tiros a un hombre en Hondarribia

Muere Peón Kurtz, fundador del grupo Def con Dos

Ningún militar puede llevar una camiseta de un partido neonazi

El apoyo a Sertorio pudo desencadenar la destrucción del poblado vascón de Irulegi

