Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Hiru emakume migratzaileren istorioa

PROMIS LE CIEL (PROMETIDO EL CIELO)
Tunisia, 2025. 92’. Zuzend.: Erige Sehiri. Gidoia: Erige Sehiri, Anna Ciennik, Malika Cecile Louati. Akt.: Aïssa Maiga, Laetitia Ky, Déborah Lobe Naney, Mohamed Hassine Graya. Musika: Valentin Hadjadj. Argaz.: Frida Marzouk.

‘Promis le ciel’ (gazteleraz ‘Prometido el cielo’) filmeko irudi bat.
‘Promis le ciel’ (gazteleraz ‘Prometido el cielo’) filmeko irudi bat. (Henia Production, Maneki Films, Canal+, MAD Solutions)

Erige Sehiri zuzendari frantziar-tunisiarraren lan berria, ‘Promis le ciel’ (gazteleraz ‘Prometido el cielo’), zinemetara iritsiko da. Zuzendariaren fikziozko bigarren film luzea da, eta 2025ean ospatutako Canneseko 78. Zinemaldiko Un Certain Regard sailari hasiera eman zion.

Filma Festival du Film Francophone d'Angoulême jaialdian ere nabarmendu zen, eta hiru sari eskuratu zituen: Zuzendari Onenaren Valois saria, Gidoi Onenaren Valois saria –Anna Ciennik eta Malika Cecile Louatirekin batera idatzitako gidoiarengatik– eta Emakumezko Aktore Onenaren Valois saria, Deborah Christelle Naneyrentzat. 

Filmeko protagonista Marie (Aïssa Maïga) da, Boli Kostako artzain ebanjelista. Duela urte batzuk kazetari gisa jardun zuen bere herrialdean, baina azken hamar urteak Tunisian eman ditu, ahal duen moduan bizirauten. Bere kultuen inguruan beste emakume migratzaile batzuk elkartzen dira; fedean eta elkartasunean aurkitzen dute babesa, bakardadeari eta etorkizun zalantzagarriari aurre egiteko.

Marieren etxea babesleku bihurtuko da Naneyrentzat (Deborah Christelle Naney), etorkizun hobe baten bila dabilen ama gaztearentzat, eta baita Jolierentzat ere (Laetitia Ky), nortasun sendoa duen ingeniaritza-ikaslearentzat. Baina neskatila umezurtz baten etorrerak haien arteko oreka hautsi eta elkartasuna proban jarriko du, tentsioz beteriko giro batean. Egoera horrek pertsonaien hauskortasuna eta indarra agerian utziko ditu.

Migrazioa emakumeen begietatik

«Saharaz hegoaldeko ikasleei buruzko dokumental batean lan egin nuen Tunisian, eta ia inoiz aipatzen ez den errealitate batekin egin nuen topo: Afrikako migrazioaren zati handiena kontinente barruan gertatzen da», adierazi du Erige Sehiri zuzendariak.  Sehiriren esanetan, zinemak migrazioa gehienetan ikuspegi maskulinotik jorratu izan du. Horregatik, egoera desberdinak elkartzen dituen hiru emakume oso desberdinen esperientziak erakutsi nahi izan ditu, horiek heroi edo biktima gisa irudikatu gabe.