
Zinemaldian Zabaltegi-Tabakaleraren programazioan 22 pelikula izango dira guztira. Zehazki, 13 film luze, zazpi film labur, film ertain bat eta ikus-entzunezko performance bat. Hautaketak, Cannes, Berlin, Venezia, Rotterdam, Toronto, Locarno eta Cinema du Reel jaialdietako lanak bildu ditu, besteak beste. Lee Chang-dongen, Radu Juderen, Tsai Ming-Liangen, Tizza Coviren, Rainer Frimmelen eta ibilbide ezaguneko beste zinemagile batzuen obra berriak hautatu ditu, gorabidean diren egileekin eta egile hasiberriekin batera.
Sailak Zinemaldiarekin lotura berezia duten zinemagileak ere barne hartuko ditu, hala nola Maria Alche eta Benjamín Naishtat (izan ere, sailari hasiera emango diote) eta Isaki Lacuesta (amaiera emango dio), baita Donostiara itzuliko diren beste batzuk ere, hala nola Federico Luis, Jane Schoenbrun edo Bojina Panayotova. Programazioa Albertina Carrik lehiaz kanpo eskainiko duen ikus-entzunezko performance batekin osatuko da.
Izenburuak
‘Pedro en el país / Pedro in the Land’ ez-fikziozko filma izango da sailari hasiera emango diona. Pedro Catellak, Latinoamerikako gertaera historiko nagusien lekuko izan zenak, bere bizitzaren errepasoa egiten du. Maria Alchek (Buenos Aires, 1983) eta Benjamin Naishtatek (Buenos Aires, 1986) zuzendu dute.
María Aparicio (Córdoba, 1992) Zabaltegi-Tabakalera sarirako lehiatuko da ‘A veces me entra tristeza, otras veces rebelión / Sometimes Sadness, Sometimes Rebellion’ filmarekin, Veneziako zinema-jaialdiko Giornate degli Autori atalean estreinatu ondoren. Filmeko protagonista Eva da, emakume argentinar bat, Madrilen dagoela Juan Bialet Masseren irudia eta Argentinako langile-borrokak ikertzen dituen historialari bat ezagutuko duena.
Tanmay Chowdhary (Kalkuta, 1990) eta Tanvi Chowdhary (Kalkuta, 1995) anai-arrebek ‘Abhinetri / Actress’ aurkeztuko digute, mundu-estreinaldi gisa. Aktore izan nahi duen emakume gazte bat da film labur honen protagonista, eta errealitatearen eta interpretazioaren arteko lerroa lausotzen hasi dela ikusiko du.
‘The Loneliest Man in Town’ lanean, Tizza Covik (Bolzano, 1971) eta Rainer Frimmelek (Viena, 1971) aktore ez-profesionalen eta jokaleku naturalen aldeko apustua egin dute oraingoan ere, eta blues-musikari adindun baten bizitza hauskorra kontatzen digute euren lan berrian. Protagonistaren bizitzak bira handia izango du higiezin-sustatzaile batzuek gizonaren etxeari erreparatzen diotenean (eraitsi nahi dutelako).
Rotterdamgo zinema-jaialdian estreinatu ondoren, Mo Harawek (Muqdisho, 1992) Zabaltegi-Tabakaleran parte hartuko du ‘Whispers of a Burning Scent’ film laburrarekin. Filmak ezkontza-musikari bat du protagonista, funtzio garrantzitsu baten eta bista judizial erabakigarri baten egun berean, bere bizitza pribatua azterketa publikoaren pean nola geratuko den ikusiko duena.
Radu Jude (Bukarest, 1977) eta Adrian Cioflâncă (Piatra Neamț, 1974) Zabaltegi-Tabakalera saria beretzeko lehian ariko dira, besteak beste Berlinalen eta Cinema du Reelen proiektatutako ‘Plan contraplan / Shot Reverse Shot’ film laburrarekin. Istorioaren alde komikoa erakusten digute bi zuzendari errumaniarrek, Edward Serotta kazetariak Errumania komunistara egindako bisitaldian ateratako argazkiak eta polizia sekretuak Serottari berari ateratakoak kontrajarriz.
Veneziako Giornate degli Autorin estreinatu ondoren, David Lamelas (Buenos Aires, 1946) eta Ignacio Masllorens (Buenos Aires, 1973) zuzendariek ‘El fantasma / The Phantom’ aurkeztuko dute. Argentinarren filmeko protagonistak bi ekoizle gazte dira, enkargu bat jasoko dutenak: 60ko hamarkadako abangoardia argentinarreko pertsona zaputz bati buruzko dokumental bat zuzentzea; ikerketak David Lamelasen beraren partaidetza eskatzen du. Lamelas, mugimendu haren protagonistetako bat, askotariko lanen egilea da: zinema, eskultura, performancea eta instalazioa.
Lee Chang-dong hegokorearrak (Daegu, 1954) ‘Ga-neung-han Sa-rang / Possible Love’ ekarriko du Donostiara, Venezian lehiatu eta Torontotik igaro ondoren. Pelikulako protagonistak bi bikote dira, eta kontrako bizimoduak dituztela badirudi ere, gurutzatu egingo dira azkenean eta duten errutinaren oreka aldatu egingo da.
Cannesko Zinemaldian film labur onenaren Urrezko Palma irabazi ondoren, Federico Luisek (Buenos Aires, 1990) Zabaltegi-Tabakaleran parte hartuko du ‘Para los contrincantes / For the Opponents’ filmarekin, boxeo-txapeldun bihurtzeko ametsa duen gazte mexikar bati buruzkoarekin, hain justu.
Berlinaleko Panorama Dokumente sailean estreinatu ondoren, Tobias Nölle (Zürich, 1976) eta Loran Bonnardot (Paris, 1973) Zabaltegi-Tabakaleran lehiatuko dira ‘Tristan Forever’ dokufikzioarekin. Bertan, Bonnardot medikua Tristan da Cunhara itzuliko da, biztanleak dituen uharterik urrunena eta gizonaren erretiro espirituala azken hiru hamarkadotan. Bidaia horren ondoren, medikuak ez du handik irteteko inolako asmorik.
Marie-Rose Osta libanoarrak (Zahlé, 1987) Zabaltegi-Tabakaleran parte hartuko du ‘Yawman ma walad / Someday a Child’ film laburrarekin. Filmean –aurtengo Berlinalen film labur onenaren Urrezko Hartza irabazi du–, osabarekin bizi den haur batek bere botere apartak ezkutatu behar ditu Libanoko herrixka batean, gerra-hegazkinen zaratak entzuten dituela etengabe.
Bojina Panayotovak (Sofia, 1982) 1980an kokatzen du ‘With Love and Rage’ film ertaina; Ronald Reagan AEBko presidente hautatua izan da, eta 2.000 emakumek Pentagonoa inguratu dute gerra-makineriaren aurka protestatzeko.
‘La belle année’, luzaroan aldenduta egon ondoren duela gutxi hildako aitaren asuntoetaz arduratzen zen bitartean filmatutako autofikzioan, Angelica Ruffier (Luleå, 1988) zuzendari suediarrak bere burua interpretatzen du.
Jane Schoenbrunek (New York, 1987) ‘Teenage Sex and Death at Camp Miasma’ aurkeztuko du, Cannesko zinema-jaialdiko Un Certain Regard atalean hautatua eta Queer Palm sariaren irabazlea. Zuzendari gazte bat slasher frankizia dekadente bat berpizten saiatuko da, eta, azkenean, jatorrizko filmeko protagonistarekin batera, desio, beldur eta eldarnio odoltsuko unibertso batean barneratuko.
Dorothea Sing Zhang (1999) Zabaltegi-Tabakaleran lehiatuko da ‘As a Cure film’ laburrarekin; ‘Mommy trilogy’ delakoaren azken zati hau Locarnoko zinema-jaialdian estreinatu ondoren iritsiko da Donostiara. Bertan, emakume gazte bat bere nortasun-agiriaren bila dabil dunen artean, Pekingo Opera Akademian matrikulatzeko behar baitu.
Salka Tizianak (Munich, 1992) ‘Gluey Feathers’ fikziozko film laburrarekin parte hartuko du, mundu-estreinaldi gisa. Bertan, sasoi-langileen talde batek zalantzaz egiten dio aurre Alemaniako iparraldeko baratze-ustiategi batean uztaren amaierari.
Azkenik, Albertina Carri (Buenos Aires, 1973) zinemagile eta idazleak ‘Cine vivo: un artefacto’ aurkeztuko du lehiaz kanpo, ‘Cine vivo’ liburuko testuen irakurketa konbinatzen duen ikus-entzunezko performance bat, hain zuzen ere, zinemari, memoriari, artxiboari eta irudiak eta soinuak sortu eta begiratzeko moduei buruz hausnartzeko. Tabakalerak antolatuta, Estatu espainolean egingo den lehen emanaldia izango da, eta Paloma Peñarrubiak soinuzko esku-hartzeak egingo ditu bertan, landareen soinutik abiatuta. Proposamena osatzeko, ‘Cine puro’ film laburra emango da, onddoek degradatutako film-materialarekin egina, jatorrizko irudiak desagerrarazi arte.
Obra horiez guztiez gain, Zabaltegi-Tabakaleran duela aste batzuk iragarritako bost ekoizpen ere badira, hala nola Isaki Lacuestaren (Girona, 1975) ‘Jaleos / Flamenco Sketches’, Zabaltegi-Tabakalera sailari amaiera emango diona, mundu-estreinaldi gisa. Beste lau filmak honako hauek dira: ‘HAMALAU gau’, Oskar Alegriaren (Iruñea, 1973) mundu-estreinaldia; ‘Lejos de los árboles / Far From the Trees’, Meritxell Colelli (Bartzelona, 1983) berriki FIPRESCI saria eta film onenaren Boccalino d'Oro golardoa eman dizkiona Locarnon; ‘Les Roches rouges / Red Rocks’, Bruno Dumont zinemagile frantsesaren (Bailleul, 1958) filma, Cannesko Quinzaine des Cinéastes atalean estreinatua; eta ‘Weichen’ (Dust), Tsai Ming-Liang zinemagile malaysiarrak (Kuching, 1957) zuzendua, Venezian emango dena.

Ehunka esku, milaka burdin eta kolore kontaezinak Bilboko txosnagunearen muntaketan

Bertsoak, txupina eta besoak zerura: «Bilbo, has daitela jaia!»

¿Guerra sucia o gamberrada macabra? 25 años de la tragedia del Txioka

Gladys Enean eta kantuan oroitu dute Sabino Ormazabal
