Etorkizuna ezaguna da; iragana da iragarrezina
Iragana ez da erregistro finkoa, narratiba eztabaidagarria baizik, orainean
baliagarri izateko etengabe moldatua.

Euskal abertzaleak biktimagile egiten dituzte eta nazionalista espainolak biktimizatu. Eta espainolek sufritu dutenaren memoriak zilegitasun politikoa eta nagusitasun morala ematen diela uste dute. Biktimistentzat besteak dira biktimagile; haiek ez, haiek biktima hereditarioak dira.
Eta ez da espainolen kontua bakarrik. Historiaren eta memoriaren arteko interakzioan, nazioak biktimagile eta biktima bezala eraikitzen dira, sufrimenduaren inguruko norgehiagokan. Paradoxikoki, jokaera transnazionala da. Oroitzapen puskekin elikatzen da, biktima eta biktimagile puskekin, askaezin lotuak daudelako. Baten sufrimenduaren oroimenak eta bestearen kontramemoria, gurpil zoroan biraka, bukatzen ez den soka batetik lotuta.
Aldebikoa baino, unibertsala da. Memoria globalaren territorio konplexua: Holokaustoa, Hiroshima eta Nagasaki, Hegoalde Globaleko genozidio kolonialak, esklaboen salerosketa, estalinismoa, japoniarren esklabo sexualak… Biktimagileek berrinterpretatzen dituzte euren traumak iragana arazteko eta biktimek, natural, memoria instrumentalizatzen dute. Azkenean, sokaren punta batetik eta bestetik tiraka, denak sortzez garbi.
Gazako genozidioan, adibidez, Holokaustoaren irakaspen tragikoa hor da, oroigarri: ez hainbeste sarraskia berriz ez dela gertatuko, baizik eta giza jende korriente errugabea sarraskigile izateko gai dela, gai garela. Historiaren biktimak eta haien ondorengoak itsutzean, biktimagile potentzial izan daitezkeela, alegia.
Asko maite dudan sobietarren umore beltzak horrela dio: «Etorkizuna ezaguna da, baina iragana iragarrezina da, beti aldatzen dagoelako». Egia handi bat definitzen du: iragana ez dela erregistro finkoa, narratiba eztabaidagarria baizik, orainean baliagarri izateko etengabe moldatua. Eraikiko dugun etorkizuna orain eraiki nahi dugun iraganaren mendekoa izango da. Jaio aurretik gertatuaz ez gara arduradun, baina bai nola gogoratzen den, memoria horren arkitekto garen neurrian.

Ehunka esku, milaka burdin eta kolore kontaezinak Bilboko txosnagunearen muntaketan

Bertsoak, txupina eta besoak zerura: «Bilbo, has daitela jaia!»

¿Guerra sucia o gamberrada macabra? 25 años de la tragedia del Txioka

Gladys Enean eta kantuan oroitu dute Sabino Ormazabal

