‘Harry Potter’: belaunaldiak lotzen dituen magia
Hogeita bost urte igaro dira zineman Hogwarts ezagutu genuenetik, eta ordutik belaunaldiak zeharkatu dituen fenomeno kulturala bihurtu da ‘Harry Potter’. Liburuetatik zinemara eta pop kulturatik telesail berrira, Hogwartsen magiak ez du etenik izan. 25. urteurrenean zinemetara itzuliko da.

2001. urtea zen. Urte hartako otsailean, Negu Gorriak taldeak agur-kontzertua eman zuen Donostiako Anoetako Belodromoan, eta irailean, Donostia Zinemaldiaren 49. edizioa ospatu zen, Mikel Olaziregik zuzendutako lehena. Baina urte hartan mundua astinduko zuten beste hainbat gertaera ere izan ziren. Zinemaldia hasi baino bederatzi egun lehenago, irailaren 11ko atentatuek munduaren historia betiko aldatu zuten.
Munduak une batez inozentzia oro galdu zuela zirudienean, oso bestelako zerbait gertatzear zegoen zinema-aretoetan. Azaroaren 30ean, ‘Harry Potter eta Sorgin Harria’ heldu zen zinema-aretoetara. Hogwarts-eko ateak lehen aldiz ireki zizkigun filma izan zen, eta King’s Cross-eko geltokiko adreiluzko horma baten atzean gutxi batzuek soilik aurki zezaketen nasa bat ezkutatzen zela sinestera gonbidatu gintuen.
Hogeita bost urte igaro dira ordutik. Hogeita bost urte Hogwartseko Espresaren txistua lehen aldiz entzun genuenetik; Harry, Ron eta Hermione ezagutu genituenetik; gazteluko eskailerak lekuz aldatzen eta kandelak Jangela Handiaren gainean airean zintzilik ikusi genituenetik.
Onarpen-gutun bat, makila magiko bat, ikusezintasun-kapa bat eta quidditch partida bat nahikoa izan ziren film hura belaunaldi oso batek behin eta berriz itzuli nahi izan duen leku bihurtzeko. Lehen film hura ez zen, beraz, saga baten hasiera soilik izan, fantasiarako ate berri bat ireki zuen; eguneroko munduaren beste aldean magia oraindik posible zela sinesteko gonbidapena.
Eta orain, mende laurden bat geroago, ate hura berriro irekiko da. 25.urteurrena dela eta, ‘Harry Potter eta Sorgin Harria’ zinemetara itzuliko da, 4K-n zaharberritutako bertsio batean eta eduki gehigarriarekin. Aukera izango da, beraz, zinemaren historiako saga ezagunenetako bati hasiera eman zion lehen abenturaz berriro gozatzeko.
Harry Potter saga euskaraz ikusgai eta irakurgai
Apirilean aurkeztu zuen zuen Eusko Jaurlaritzak Adi! Filmak euskaraz programa; 2026ko apirila arte Zinema euskaraz zen programaren izena. Proiektuaren bidez, Hego Euskal Herriko zinema-aretoetan euskarazko filmen eskaintza bikoiztu egingo zela iragarri zuen Ibone Bengoetxea lehendakariordeak: urtean 24 estreinaldi izango lirateke euskaraz, eta horietatik erdiak nazioarteko ekoizpen komertzial handiak. Programazioak animazioa, familia zinema eta nazioarteko frankiziak uztartuko zituela ere azaldu zuen Jaurlaritzak. ‘Harry Potter’ sagaren berrestreinaldia ere euskaraz bikoiztua iritsiko zinema-aretoetara, astebeterako.
Gainerako filmen kasuan, eta zinematik at, bigarrena salbu, saga osoa euskarara bikoiztu zuen bere garaian Bieusek, Bikoiztaile Euskaldunen Elkarteak. Gaur egun, ordea, VoD plataformetan euskaraz bikoiztuta aurki daitekeen bakarra ‘Suaren kopa’ da, HBO Maxen. Euskal-Encodings webgunean, zorionez, sagako film guztiak daude bilduta euskarazko bertsioarekin.
Liburuei dagokienez, Iñaki Mendiguren ezkiotarraren itzulpenei esker, saga osoa euskaraz irakur daiteke.
Etenik gabeko fenomenoa
Filmetatik harago aztarna gehien utzi duten sagen zerrenda egin beharko bagenu, pop kulturaren, merchandisingaren eta fandomaren alorrean, ia automatikoki aipatuko genituzke ‘Star Wars’, ‘Eraztunen Jauna’, ‘Jurassic Park’, ‘Back to the future’ edo Marvel Unibertsoaren filmak.
Zinema-aretoak betetzetik askoz harago doan zerbait lortu duten frankiziak dira: sinboloak, hizkuntza propioak eta komunitateak sortu dituzte. Eta ‘Harry Potter’ izenburu horien parean —eta batzuen gainetik— kokatzen da, zalantzarik gabe. Izan ere, zaila da azken hamarkadetako beste fenomeno kultural bat aurkitzea iruditeria kolektiboan hain modu sakonean sartzea lortu duena.

‘Harry Potter’ hainbat belaunalditakoek partekatzen duten pasio eta erreferentzia kultural bat da. Etxe bat aukeratzea eta onena zein den eztabaidatzea. Makila magiko bat, Urrezko Snitch bat edo betaurreko biribil batzuk ikusi eta berehala mundu hura ezagutzea. Gure oroimenaren txoko txiki batean oraindik ere inoiz iritsi ez zen gutun haren zain jarraitzen dugula sentitzea. Horixe da, hain zuzen ere, fenomenoaren indarguneetako bat: fikziozko elementuak eguneroko kulturaren parte bihurtzea.
Zazpi liburuek 600 milioi ale baino gehiago saldu dituzte mundu osoan, eta 85 hizkuntza baino gehiagotara itzuli dira. Baina fenomenoa ez da zifrekin bakarrik azaltzen. ‘Harry Potter’-ek irakurketa bera gertakari kolektibo bihurtzeko izan duen gaitasuna benetan harrigarria da. Gauerdiko ilarek liburu berria eskuratzeko, ordu batzuez Hogwarts-en sukurtsal bihurtutako liburu-dendek, mozorroek, jokoek, eztabaidek eta estreinaldi-jaiek erakutsi dute ez dela jada literatura hutsa, esperientzia partekatua baizik. Liburu bakoitzaren argitalpena, nolabait, ospakizun kolektibo bihurtu zen, eta irakurleek ez zuten soilik istorio bat jarraitu, komunitate baten parte sentitu ziren.
Orduan heldu ziren filmak. Zinemak ez zuen ‘Harry Potter’ fenomenoa sortu, baina biderkatu egin zuen, eta planetako ia edozein txokotan ezagutzeko moduko lengoaia bihurtu zuen. Pertsonaiak, eszenatokiak, jantziak, musika eta objektuak belaunaldi oso baten iruditeriarekin lotu ziren. Hor hasi zen ‘Harry Potter’ ‘Star Wars’-en liga berean jokatzen, istorio bat kontatzeaz harago, unibertso oso bat sortu zuelako.
Unibertso horretan zaleek beren lekua aurkitu dute. ‘Star Wars’-en Jedi-a edo Sitha izan gintezkeen bezala, ‘Harry Potter’-en munduan Gryffindor, Slytherin, Ravenclaw edo Hufflepuff izan gaitezke. Etxe bateko kide izateak identitate- eta kidetasun-sentimendu bat sortzen du, eta horrek fandoma are gehiago indartu du. Zaleek ez dute soilik saga kontsumitzen; beren gustuak, identitateak eta harremanak unibertso horren inguruan eraikitzen dituzte.
Horren erakusgarri argiena merchandisinga da. Hogwartseko etxeetako bufandak, makilak, jantziak, edizio bereziak, bildumazaleentzako objektuak, bideojokoak, mahai-jokoak, irudiak eta mota guztietako produktuak frankiziaren beste aurpegia bihurtu dira.
Fenomenoa ez da dendetan edo etxeetan geratu. ‘Harry Potter’-en unibertsoak zaleen esperientzia fisikora ere egin du salto, parke tematikoen, erakusketen, bisita gidatuen eta bestelako esperientzien bidez.
Telesaila abenduan
Eta fenomenoak ez du etenik. Izan ere ‘Harry Potter’-en unibertsoa ustiatzen eta zabaltzen jarraitzeko asmoz, frankiziaren inguruko telesail berria Gabonetan estreinatuko da. HBOk ekoitzitako serieak liburuetara itzuliko gaitu, oraingoan belaunaldi berri bateko aktoreekin. Dominic McLaughlinek Harry Potterri emango dio bizia, Arabella Stantonek Hermione Granger antzeztuko du, eta Alastair Stoutek Ron Weasleyren papera egingo du.

‘Harry Potter eta sorgin harria’ liburua egokituko dute, baina zabaldu egingo da eduki, pertsonaia eta trama berriekin. Zortzi atal horiek istorioa aberastu eta sakonduko dutela agindu dute sortzaileek, baina jatorrizko esentzia erabat errespetatuz.
Lehen irudiak erakutsi ondoren, ordea, kritikak jaso ditu telesailak, jatorrizko filmen aldean estetika oso antzekoa aukeratu dutelako. Aldatuko ez diren gauza asko egon arren, sortzaileek jasotako feedbackaren zati bat kontuan hartu dute, eta horri begira zenbait aldaketa egiten ari dira.
Sortzailearen eta obraren arteko kontraesanak
Film, liburu eta telesailek sortutako unibertsoaren atzean dagoen izena aipatzea ezinbestekoa da: J.K. Rowling. Rowling-en ibilbidea, ordea, ez da ‘Harry Potter’ unibertsoaren arrakastara mugatzen. Azken urteotan, bereziki genero-identitateari eta pertsona transen eskubideei buruz egindako adierazpenek eztabaida eta kritika handia eragin dute. Bere jarrerak baztertzaile eta kaltegarritzat jo dituzte hainbat erakundek, artistek eta pertsona trans eta haien aldeko taldeek.
Kritika handiena Rowling-ek bere plataforma publiko erraldoia erabiltzeko izan duen moduari lotuta dago. Ez dira iritzi pribatuak edo eragin mugatuko adierazpenak, mundu osoan ezaguna den pertsonaia da, eta bere hitzek oihartzun handia dute gizartean. Horregatik, bere adierazpenek eragin zuzena dute genero-identitateari eta pertsona transen eskubideei buruzko eztabaida publikoan.
Sagako aktore batzuen erreakzioek ere erakutsi dute zenbaterainoko distantzia sortu den Rowling-en eta berak sortutako unibertso kulturalaren parte baten artean. Daniel Radcliffek, Emma Watsonek eta Rupert Grintek pertsona transen aldeko jarrera publikoki adierazi dute. Era berean, telebistarako proiektu berriarekin lotutako hainbat kidek ere Rowling-en iritziekiko desadostasuna erakutsi dute.
Izan ere, ‘Harry Potter’ adiskidetasuna, elkartasuna, diskriminazioa jasaten dutenen defentsa eta aurreiritziei aurre egitea bezalako balioekin lotu izan da. Horregatik, irakurle eta ikusle askorentzat zaila da obraren mezu horiek Rowling-ek azken urteotan egin dituen adierazpenekin uztartzea. Saga baten oinarrian dauden balioek eta haren sortzailearen gaur egungo jarrerek kontraesan nabarmena sortu dute.
J.K. Rowling-en inguruko eztabaida ezin da iruzkin isolatu batzuetara mugatu. Urteetan zehar mantendu eta garatu duen jarrera baten ondorio da, eta horrek eztabaida sakona piztu du bere ondarearen, bere obrarekiko harremanaren eta pertsonaia publiko gisa duen erantzukizunaren inguruan.

La huelga de técnicos condiciona una Aste Nagusia modificada para salvar el concierto de ETS

Tres hospitalizados y más de 40 heridos al explotar los cohetes de fiestas de Noain

El Alarde discriminatorio critica al Consistorio de Hondarribia por revelar que dejó el diálogo

Abogados Cristianos se jacta de llevar a Ane Lindane a juicio, por «escarnio» y en Bilbo

