Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Ihesbiderik gabeko Varsovia

‘WINTER OF THE CROW’ (‘LA CONSPIRACIÓN DEL CUERVO’)
Polonia, 2025. 101’. Zuzend.: Kasia Adamik. Gidoia: Kasia Adamik, Sandra Buchta, Lucinda Coxon. Akt.: Lesley Manville, Tom Burke, Zofia Wichlacz, Andrzej Konopka. Argaz.: Tomasz Naumiuk.

‘Winter of the Crow’ filmeko eszena bat, Lesley Manville protagonista duena
‘Winter of the Crow’ filmeko eszena bat, Lesley Manville protagonista duena (Iris Productions, AX1 Films)

Iazko Donostia Zinemaldia itxi eta Torontoko Zinemaldian parte hartu ondoren, ‘Winter of the Crow’ (gaztelaniaz, ‘La conspiración del cuervo’) film poloniarra zinema-aretoetara iritsiko da. 

1981ean, Varsovian girotua dago istorioa. Gerra legea ezarri, eta gauetik goizera geldiarazita geratu da herrialdea; eta momentu horretan bertan iritsiko da hirira Joan Andrews psikiatria irakasle britainiarra (Lesley Manville). Poliziaren hilketa baten lekuko izango da, eta ihesari ekin beharko dio.

Kasia Adamik zinemagile poloniarrak pasa den Donostia Zinemaldian aurkeztu zuen filma Sail Ofizialean, lehiaz kanpo. Proiekzioaren osteko prentsaurrekoa ohartarazpen bat egiteko baliatu zuen: «Bai Europa Ekialdea, bai mundu osoa, ahanzten ari dira zer den erregimen totalitario batean bizitzea».

Adamikek azaldu zuen ez zuela film politiko bat egin nahi izan, «emozionala» baizik. «Ez genuen film politiko bat egin nahi, ikusleek jakin dezaten nola sentitzen den zure bizitzaren kontrola galtzen, demokrazian bizi ez zarenean. Erregimen totalitario batean zaudenean zure erabakien kontrola galtzen duzu eta ez dituzu arauak ulertzen», adierazi zuen prentsaurrekoan.

Filma oinarritzen den jatorrizko kontakizunari buruz, zuzendariak honako hau azaldu zuen: «Oso modu bizian gogoratzen dut ‘Professor Andrews Goes to Warsaw’ eleberri laburrarekin izan nuen lehen topaketa. Mendebaldera emigratu ondoren, etxe orratz grisen porlanezko labirintoarekin egiten nuen amets, Terry Gilliamen ‘Brazil’ filma gogorarazten zuen lokaztutako lan amaigabez osatutako lurralde bitxi batekin. Orain, Andrews irakaslea nire labirintoan aurkitu da, unibertso oniriko batean, non arauak ezezagunak diren eta absurdoa nagusi den, mundu errealaren eta fantasmagorikoaren arteko mugan».

Gerra Hotzaren garaiko espioitza thriller honen filmaketa-lanak Varsovian egin zituzten, Tomasz Naumiuk argazki-zuzendariaren gidaritzapean.