Ikasmaterialak: papera bueltan datorrela sumatzen da
Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Zuberoan lehenik, Nafarroan gero eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoan azkenik, ikasleek ikastetxeetarako bidea hartu dute motxila bizkarrean. Barnean, kantinplora, koadernoa eta, handienek, liburuak. Ikasmaterialek inprentatik ikasleengana egiten duten bidea ezagutu dugu.

Ailegatu da ikasturte berria, eta berarekin agenda, koaderno, arkatz eta liburuek estreinatzean ematen duten poza. Eta usain berezi hori. Papera inprentan ekoizten da. Adibidez, Leitzaran Grafikak lantegian, Andoainen. 2001ean sortu zen eta gaur egun 32 langile ditu. «Liburu, aldizkari, eta paperean inprimatu daitekeen edozein gauzaren produkzioa egiten dugu, offset teknologian edo teknologia digitalean. Inpresio makinak gauez ere martxan izaten dira astean. Inpresioan hiru txandetan aritzen gara eta enkuadernazioan, bi txandetan. Gure produktu nagusia liburua da. Beti egin izan dugu, hasietatik bukaerara gure etxean», agertu du Iñigo Illarramendi arduradunak.
«Gaur egun, inprimategi batek produkzioa eduki nahi badu, testuliburuak eduki behar ditu. Lan hauek paketeka etortzen dira eta orduak ematen dizkizute makinan jolasteko edo behintzat koltxoi bat izateko. Inprimatzeko sasoia otsail-martxotik udara arte izaten da», zehaztu du.

Elkar taldeko inprenta honentzat internet garatu denetik argitalpen aunitz, batez ere publizitatea zekartenak, aldizkariak, planoak, liburu juridikoak, kontsulta liburuak, hiztegiak, izugarri jaitsi dira, batzuetan desagertzeraino. Beraz, beharrezkoa dute testuliburugintza. Beren produkzioaren %35 bat hartzen du.
Titulu gehiago, ale gutxiago
Ikastetxeetako digitalizazioa 2010 inguruan hasi zen eta aunitz azkartu zen pandemia garaian. «Pixkanaka, testuliburuen produkzioak behera egin zuen, kurtso askotan ez zutelako libururik nahi. Baina gaur egun papera nagusitu da berriz, azken urteetan hezkuntzaren kalitatea jaitsi dela ikusi delako. Paperaren aldeko apustu txiki bat egin da. Europan hala gertatu zen eta hemen ere badirudi hala gertatzen ari dela», baieztatu du Illarramendik.
Inprentak argitaletxeen eskariak jasotzen ditu. Ekoiztu eta biltegi batean entregatzen ditu. Handik liburu-denda eta ikastetxeetara banatzen dira.

«Orain daukagun arazoa jaiotza tasaren eta ikasle kopuruaren beherakada da. Nahiz eta paper gehiago ekoiztu, tiradak txikiagoak dira. Askotan, titulu gehiago ditugu, baina ale gutxiago», aipatu du. Tarteka gertatzen zaie akats txiki-txiki batengatik kopuru handiak berriro inprimatu behar izatea. Dagoeneko argitaratuak dituzte testuliburu guztiak... edo ia. «Argitaletxeek beraien estimazioak egiten dituzte: ikasgai baten 2.000 liburu atera behar dira. Baina salmentak ikusita gehiago produzitzea erabaki dezakete. Orain eskatzen dizkiguten lan guztiak presa handikoak dira. Irailean beti daude halako ‘sorpresak’, airea eta estresa, biak ematen dizkigutenak».
Iñigori beti gustatu izan zaio produkzioa. «Polita iruditzen zait edozein gauza nola egiten den ikustea. Produkzioak daukan problema da beti iruditzen zaizula gauzak ez doazela ondo eta hobeto joan daitezkeela. Planning bat egiten duzu eta, normalean, pixka bat okerrago zoaz beti, matxura eta arazo tekniko guztiengatik. Gauzak ondo doaz, baina edozein momentutan dena behera etor daiteke», deskribatu du. «Gu kateko azkenak gara eta atzerapenarekin etortzen zaizkigu lanak. Gainera, askotan bezeroak istorio guztia kontatzen digu: hau gertatu zait... Etortzen denerako, guk epe bat emana genuen, egun dezente jaten dira eta mesedea eskatzen digute». Halakoak sarri gertatzen zaizkie.
Igone
Gaur egun, Berako liburu-denda bakarra da Igone. 1977tik dago irekia eta Patricia Errandonea Astondoak darama, Igone amari lekukoa hartuta. Prentsa, jostailuak, opariak, papertegiko eskaintza eta liburuak txukun eta polit jarriak ditu. Ixteko tenorean, arratsaldeko zortzietan, atsegin handiz kontatu digu nola bizi duen ikasturte hasiera hau.

Ikasmateriala martxo-apiril aldean eskatzen du eta generoa jasotzen hasten da. Kurtso bukaeran ikastetxeek hurrengo ikasturterako eraman beharreko gauzen zerrendak ematen dituzte eta batzuek orduantxe egiten dute erosketa. Nahiago dute lanak eginak utzi eta uda lasai pasatu. Bertzeak, ordea, azken momentuan etortzen dira. Denetarik dago.
«Gure sasoia hau da, gure dendako punturik altuena da orain. Urte osorako fondo bat bezala da», adierazi du dendariak. Herriko ikastetxe guztietako zerrendak erakutsi dizkigu, kurtsoka. Koadernoak eskatzen dituzte, karpetak, kalkulagailuak, eta DBHtik aitzinera, ariketa liburuak. Kanpoan ikasten ari diren herriko ikasleek ere behar dituzten gauzen zerrenda bidaltzen diote, eta Patriciak dena prestatzen die.
Haur Hezkuntzan, motxila eta kantinplora bertzerik ez da behar izaten. LHn, margoak, koadernoak, arkatzak, oinarrizko gauzak. Material gehiena DBHn eta Batxilergoan eskatzen diete. Batxilergoan, toki batzuetan testuliburu potoloak behar izaten dituzte eta horiek diru gehiago balio dute. Motxila berria erosten badute, 30, 40 edo 50 euro gehiago dira.
Aprobetxatu daitezke
Dena den, material aunitz urtetik urtera aprobetxatzen ahal dira. Horregatik, justu elkarrizketa baino lehen, gauzak San Juan sutara bota beharrean ongi gordetzea gomendatu dio dendariak amarekin erosketa egiten ari zen gaztetxo bati. «DBH1en hasten direnean kalkulagailu zientifikoa behar izaten dute, baina Batxilergoan ere erabiltzen ahal dute. Erregela eta konpas onek ere irauten ahal dute».
Material bereziak eramaten badituzte, goxoki bat bezala da haurren tartean. Hortaz, gurasoei eta haurrei oinarrizkoak eramateko aholkatzen die Patriciak, eta zaintzeko. Testuliburuak zaharragoek gazteagoei pasatzen dizkiete eta txukun pasatzeko ideia ona da liburuak forratzea.
Nabaritzen du badirela online erosten dutenak. Baina jendeari materiala ikustea eta ukitzea ere gustatzen zaio, motxilak probatzea... «Gure lana ere aunitz aldatu da. Lehen telefonoz egiten genituen eskariak. Orain, hemen ditut banatzaileen webguneak irekiak eta behar ditudanak saskiratzen ditut. Beti eskatzen digute minimo bat eta horra ailegatzen garenean zuzenean bidaltzen digute».
Liburuak beti enkarguz eskatzen ditu eta gainerakoa, aitzineko urtean saldu duenari begira. Baina beti ditu gauza eta marka berriak. Gainera, hau ez da irailean bukatzen. Beti bada zerbaiten falta. Adibidez, gaztetxoak azterketetan daudenean tipexaren eta boligrafoen bila etortzen zaizkio. Selektibitate aldera kalkulagailu berriak ere galdetzen dizkiote.
Beran, institutua da liburuak erosi behar diren leku bakarra. Eta ekainetik irailaren hasierara bitarte, jendea eskean etortzen zaio oroitzen denean, posible duenean, nahi duenean. Orduan, etengabe ari da testuliburuak kontrolatzen.
«Garai ederra baina intentsoa da hau. Aunitz gustatzen zait bezeroekin harremana izatea, baina batzuetan ez naiz ailegatzen. Goizean, lehen orduan, betiko bezeroak datoz egunkari bila, paketeria dugu, jostailuak... Herriko denda bat da, ez dugu eskola materiala bakarrik, baina kontent». Sumatzen zaio pasioa.
Elkar Iparragirre
Bilbo erdialdean, Plaza Zirkularraren ondoan dago Elkar Iparragirre liburu-denda. Denda orokorra da, euskal gaietan eta testuliburuetan espezializatua. Bi solairu ditu eta ez denez eguerdietan ixten, txandaka aritzen dira hainbat langile. Edu Arnaizek 36 urte darama bertan, 1990ean zabaldu zutenetik.
«Gizartea bezala, dena aldatu da. Garai batean dena zen paperean, gero liburu elektronikoak atera ziren. Bide horretan ibili gara eta nahiko ongi egokitu gara. Saiatzen gara behintzat publikoaren eskarira moldatzen», agertu du.
«Hasieran nahiko gora joan zen digitalizazioaren merkatua, baina oraintxe pixka bat leuntzen ari da. Jendea paperera bueltatzen ari da. Joan-etorriko bide bat izan da eta papera gehiago saltzen da oraindik. Lizentzia digitalak eskolan erabiltzen dituzte, baina etxean ikasteko paperezko liburua nahi dute familiek».
Nahiago aurrez aurre
Irail hasiera lan handiko garaia da Iparragirren, baina ikasmaterialen kanpaina maiatzaren bukaeran hasi zuten, hurrengo kurtsorako liburuen zerrendak atera zirenean. Liburu-denda bera sasoi honetarako egokitzen dute.
Elkarren barrenean daudenez, ikasmaterial ugariren hornitzailea Elkar bera da eta hurbiltasunaren abantaila hori dute. Adunan du Elkarrek biltegia eta testuliburu kopuru handiak izateko antolatzen da.
Dendan aurrez aurreko salmenta egiten dute, baina Elkarrek online erosteko aukera ere ematen du bere webgunean. Hala ere, bezero gehienek nahiago dute aurrez aurre erosi. Ikasmaterialetan egiten den gastua, ikasleen adinaren araberakoa baino, familien erosahalmenaren araberakoa dela adierazi Arnaizek. Gehien-gehien euskarazko testuliburuak saltzen dituzte.

Tres impactos con una escopeta de balines en cara y espalda contra un migrante en Donostia

Un trabajador de CAF reconoce haber colocado una cámara oculta en aseos de la fábrica

Iker Aristu iruindarra hil da; torturaren biktima gisa aitortu zuen nafar Gobernuak

Le Priol, eskuin muturreko militantea: «Arambururen heriotzaren egilea naiz»

