Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Martxel Iztuetak ez du sabairik eta Caixabank Masterseko finalerdietan da Zabalarekin batera

Atzelari tolosarra Legution jokatu den partidako onena izan da, pilotakada handiak emanda, eta Artola-Rezustari 15-22 irabazi ostean, txapelketa honetako finalerdiak jokatzeko aukera izango du Zabalarekin batera.

Matxel Iztueta, pilota astintzeko prest.
Matxel Iztueta, pilota astintzeko prest. (Oskar MATXIN | FOKU)

Negu partean ez zen bere mailarik onenean egon –halaxe onartu du Martxel Iztuetak berak igande honetako neurketaren ostean–, baina tolosarra indartsu dabil azken hilabeteetan. Urrutiegi joan gabe, udaran, San Fermin torneoa irabazi zuen Lasorekin batera; eta gauza bera egin zuen Donostia Hiria eta Bilboko torneoetan bikote berarekin. Orain, aldiz, CaixaBank Masterseko finalerdietarako txartela eskuratu du, Zabalarekin batera, kolpe indartsuak erakutsiz eta Legution Artola-Rezustari irabaziz.

Hilaren 13an, Arnedon, azken jardunaldia jokatu beharko dute Zabala-Iztuetak, baina dagoeneko Nafarroa Arenako urriaren 2ko finalerdia jokatzeko baimena dute Elordi-Mariezkurrena II.arekin batera.

Esan bezala, Iztueta gaurko neurketako onena izan da. Berak markatu ditu denborak eta goiz hasi da bere maila erakusten. Izan ere, Zabalak lehengo bi tantoak kozinatu eta amaitu ostean, tolosarrak jo duen lehen pilotakadan pilota oso atzera bidali eta 0-3koa ezarri du markagailuan. Are gehiago, jotako zortzigarren pilotakadan, gauza bera egin du (1-5).

Boladaka

Urdinak hasieratik kantxaratu dira indartsu, eta 2-8 ere ipini dira aurretik, baina dena erabakitzen hasia zela zirudienean, gorriak esnatu dira. Hasieran kosta egin bazaio ere, Rezusta hobeto eusten hasi da atzeko koadroetatik eta aurrean Artola asmatzen hasi da. Horren erakusle da 6-8koa. Txokoan zegoela, pilota zabalera bidali du eskuin boleaz, Zabala zeharo engainatuz (6-8).

Zortzina ere berdintzea lortu dute gorriek, aurkarien huts bana aprobetxatuta, baina kosta egin zaie aurretik ipintzea. 10-9koan gertatu da hori, eta nola gainera! Neurketan aipatu beharreko beste tanto eder batekin lortu du Artolak, ezker airez txokoan egindakoa, alegia.

Hortxe amaitu dira gorrien aukerak. Gaurkoan Zabala ez da oso fin ibili erremateetan, baina maila handiko errematatzailea dela berretsi du Rezustak moztutako pilota baten aurrean txokotik zabalera ezkerrez jotako dejada ikusgarri batekin (11-13).

14-16koa partidako tantorik ederrena izan da. Luzea, piloteatua, bizi-bizia... Rezustak oso defentsa ona erakutsi du eta Iztuetaren hutsa behartu du azkenean.

Hala ere, gorrien zenbait hutsek, Zabalak egindako zenbait sakek eta Iztuetaren kolpe bortitzek urdinen alde eraman dute partida. Atzelari tolosarra fin dabilenean...

Ander Imaz

Oiartzuarrak ondoeza izan zuen larunbatean Lekeition, Altuna III.arekin batera Ezkurdia-Albisu bikotearen aurka jokatzen zebilen CaixaBank Masterseko partidan. Pilotaria 18-14koarekin erretiratu eta ingresatuta geratu zen. Igande honetan, Legutioko pilota jaialdia jarraitzen ari zen Iñigo Simon medikuak jakitera eman duenez, proba osagarriak egingo dizkiote egun hauetan.

Dario Gomez

Ezkaraiko aurrelaria kantxetara bueltatu da igande honetan, Beloradon, larri lesionatu eta 68 egunetara. San Mateo torneorako baliagarria zaion lehen proba bikain suertatu du errioxarrak, 22-19 irabazi baitie, Martijarekin batera, Peña II.a-Albisuri. Dariok, gainera, egindako 11 tantorekin amaitu du lehia.

PARTIDAKO FITXA:

Artola-Rezusta: 15

Zabala-Iztueta: 22

Iraupena: 61 minutu. Markagailua: 0-4, 1-4, 1-6, 2-6, 2-8, 8-8, 8-9, 10-9, 10-12, 11-12, 11-15, 12-15, 12-16, 14-16, 14-20, 15-20 eta 15-22. Sakez egindako tantoak: 0 Artolak eta 4 Zabalak. Jokoan egindakoak: 9 Artolak, 0 Rezustak, 8 Zabalak eta 4 Iztuetak. Galdutakoak: 5 Artolak, 1 Rezustak, 2 Zabalak eta 4 Iztuetak. Gertakariak: Sarrera eta giro bikaina Legutioko pilotalekuan CaixaBank Masterseko partida jarraitzeko. Lehen sakea urdinentzat.