Andoni Arabaolaza
Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

SWS zirkuituan, euskal selekzioko lasterkariak top 10ean

Paul Ormaetxea, Ainhara Alcuaz, Ainhoa Garikano eta Anartz Artola Italiako Maga Skymarathon hitzorduko senioren kategorian lehen hamarren artean sailkatu dira. U23 mailan, berriz, Beñat Albisuk garaipen bikaina erdietsi du.

Beñat Albisuk garaipen handia lortu du U 23 kategorian.
Beñat Albisuk garaipen handia lortu du U 23 kategorian. (SWS/guaresti.)

Skyrunner World Series zirkuituak hitzordu berria izan zuen joan den asteburuan: Maga Skymarathon. Italiako Val Serinan jokatzen den mendi lasterketa hori berezia da oso; izan ere, osagai erakargarriak ditu. Lau tontor lotzen dira: Menna, Arera, Grem eta Alben. Hortaz gain, 39 kilometro eta 3.000 metroko desnibel positiboa dituen ibilbideak tarte teknikoak ditu. Horietako batzuetan soka finkoak jartzen dira korrikalarien segurtasuna bermatu ahal izateko, eta horiek mendi gidarien zaintzapean daude.

Italiako Maga lasterketak, hots, SWS zirkuituko hitzordu horrek 23 herrialdetatik heldutako 637 kirolari jaso zituen. Seniorrez gain, U23 mailako gazteak ere lehiatu ziren. Horien artean Euskal Mendizale Federazioak antolatutako euskal selekzioko ordezkariak zeuden, eta, oro har, aurreratu behar dugu emaitza oso onak erdietsi zituztela.

Nagusien mailan, mutiletan, William Boffellik etxean irabazi zuen. Italiarrak, gainera, astebetean bi garaipen lotu ditu: Kima eta Maga. Nadir Maguetek hankaz gora jarri zuen lasterketa. Lehenbiziko bi gailurretatik tropelaren buruan igaro eta duela bi urte ezarritako errekorra txikitzen ari zenean, lasterketa utzi behar izan zuen bizkarreko arazoengatik.

Horrek ateak zabaldu zizkion Boffelliri, eta lasterketaren bigarren zatian buruan jarri eta postu horri eutsi zion helmuga zeharkatu arte. Italiarrak 4:25:28 kronoa markatu zuen. Lucien Mermillon bigarrena izan zen bost minutura, eta Daniel Antonioli hirugarrena 17 minutura. Paul Ormaetxea lehen euskal korrikalaria izan zen; seigarren postua egin zuen irabazlearengandik 30 minutura. Anartz Artola, berriz, bederatzigarrena izan zen.

Antzeko egoera bizi izan zen emakumezkoen kategorian. Roberta Jacquinek erritmo oso azkarra ezarri zuen, baina laugarren igoeran indarra galdu eta estrategiaz aldatu behar izan zuen. Ahuldade hori Nataile Beadlek aprobetxatu zuen eta atzetik aurrera eginiko lan onari esker lehen postuan helmugaratu zen 5:38:35 denborarekin. Britainiarrak errekor berria ezarri zuen. Eva Delafosse irabazlearengandik 11 minutura iritsi zen bigarren postuan, eta hirugarrenean Roberta Jacquin. Aihara Alcuaz seigarren postuarekin egin zen eta Ainhoa Garikano zortzigarrenarekin. 

Seniorrez gain, U23 kategoriako gazteak lehiatu ziren, baina ibilbide laburragoan: 24 kilometro eta 1.400 metroko desnibel positiboa. Eta hain zuzen ere, lasterketa horretan euskal selekzioko ordezkari batek garaipen handia erdietsi zuen. Beñat Albisuri buruz ari gara. Lasterketa, berez, Alex Baldaccini italiarrak irabazi zuen, baina SWS zirkuiturako ez zuen puntuatzen. Beintza Labaieneko korrikalaria bigarrena izan zen irabazlearengandik ia 2 minutura, eta, hortaz, nazioarteko zirkuitu horretako hitzorduarekin egin zen.

Pirinioak

Euskal Herritik gertu, berriz, Trail Valle de Tena jokatu da. Mendi lasterketen ekimen horrek asteburu bete-betea izan du; izan ere, distantzia ezberdinetako proposamenak antolatu ditu. Eta ohi den bezala, Pirinioetako hitzordu horretan makina bat euskal lasterkarik parte hartu dute.

8K lasterketa da erregina. Ultra horrek 80 kilometro eta 6.820 metroko goranzko desnibela eskatzen ditu. Garmo Negro (3.051 m) tontorra igotzeaz gain, lepoak, aterpeak eta mendiko aintzirak lotzen ditu. Gogorra alde guztietatik begiratuta, eta joan den asteburuan korrikalari guztiei are gogorragoa egin zitzaien ingurumari hartan eginiko bero handiarengatik.

Kondizio eta gogortasun horietan ondo moldatu zen Aritz Sardina. Txurregiko lasterkariak garaipen bikaina lortu zuen. Oso indartsu joan zen ia ibilbide guztian, baina amaieran behera egin eta asko estutu behar izan zuen lehen postua sinatu ahal izateko. Nafarrak 13:56:45 denbora egin zuen. Mikel Insaustik, berriz, hirugarren postua erdietsi zuen. Postu bera lortu zuen Olatz Azazetak nesken mailan.

4k edo 42 kilometroko lasterketan Oihana Zubillaga aise gailendu zen. 3.500 metroko desnibela dituen ibilbidean Maud Combarieu bigarrena izan zen eta Izaskun Olleta hirugarrena. Aitor Sanchezek brontzea eskuratu zuen mutilen kategorian.

Eta, amaitzeko, 2K edo 20 kilometroko lasterketan hiru euskal korrikalari podiumean sartu ziren. Izaskun Bereauk irabazi zuen nesken mailan, eta Maddalen Jimenez hirugarrena izan zen. Postu bera sinatu zuen Aimar Larreak mutiletan.