
Bilboko Udalak Zabalgunearen proiektuaren 150. urteurrena ospatuko du udazkenean, hiribilduaren historiako hirigintza-mugarri garrantzitsuenetako bat herritarren artean zabaltzeko asmoarekin eta horretarako, jarduera-programa bete-betea antolatu du.
Ekimenaren bitartez, Pablo de Alzola eta Ernesto Hoffmeyer ingeniariek eta Severino de Achúcarro arkitektoak diseinatutako planaren jatorria, bilakaera eta ondarea ezagutu ahal izango dira. Izan ere, proiektu horrek mugarri bat jarri zuen Bilboko garapenean.
Hiria modernizatzeko plana
1876an idatzitako Bilboko Zabalgunearen Proiektua hiria handitzeko plan bat baino askoz gehiago izan zen: Bilbo hiri moderno bihurtzeko proposamen integrala izan zen, industrializazioaren eskakizunetara eta XIX. mendearen bigarren erdiko hazkunde demografikora egokituta.
Ordura arte, Bilbo, batez ere, Zazpikaleetan eta hedapen ekonomiko betean zegoen hiri batentzat txiki geratuak ziren hiri-espazioetan garatzen zen. Abandoko elizatearen zati baten anexioak hazkunde ordenatua planifikatzeko aukera eman zuen, garaiko hiri askoren berezko garapenaren aurrean.

Plan honetan eragin handia izan zuten XIX. mendearen erdialdeko Europako hirigintza-operazio handiek, hala nola Ildefons Cerdàren Bartzelonako zabalguneak edo Haussmannek Parisen bultzatutako erreformek. Hala ere, egileek Bilboren errealitate geografiko, ekonomiko eta sozialera egokitu zituzten ideia horiek, eta oso kontuan hartu zuten itsasadarraren eta portuaren zeregin estrategikoa garapenaren eragile gisa.
Proiektuak Itsasadarraren beste aldean hiri berri bat sortzea proposatzen zuen, garai haietarako berritzaileak ziren hirigintza-irizpideetan oinarrituta. Honako hauek izan ziren ezaugarri nagusiak: Kale diagonal bi (Ertzilla eta Elkano) gainjartzea, erdigunean bat egiteko (Plaza Eliptikoa) eta eraztun-bideak edo perimetralak (Mazarredo zumarkalea eta Urkixo zumarkalea); espazio publiko handiak, plaza eta eremu irekiekin, bizikidetza errazteko eta hiriko higiene-baldintzak hobetzeko (Zabalgune plaza, adibidez).
Baita ere etxadi erregularrak, eraikuntza ordenatua eta hiri-ehunaren hazkunde koherentea ahalbidetuko dutenak; kaleak hierarkizatzea, hiribide handiak, bigarren mailako kaleak eta oinezkoentzako espazioak bereizita; eraikin publikoetarako, ekipamenduetarako eta berdeguneetarako lurzorua gordetzea, hiri moderno batek administrazio-, merkataritza-, bizitegi- eta aisialdi-funtzioak bete behar dituela ulertuta; hiri-azpiegiturak hobetzea, saneamendu-sareak, ur-hornidurakoak eta hiri industrial baterako ezinbestekoak diren beste zuzkidura batzuk aurreikusiz.
Nahiz eta jatorrizko proiektuak aldaketak izan zituen egikaritzean eta hiriaren hazkundea hasieran aurreikusitakoa baino haratago joan bazen ere, proiektuaren printzipioak erabat antzematen dira gaur egungo Bilboko zabalgunean. On Diego Lopez Haroko kale nagusia, Plaza Eliptikoa edo hiriaren erdigunearen zati handi bat duela 150 urte pentsatutako plangintzaren arabera taxutu ziren.
Urteurreneko programa: Bisita gidatuak, hitzaldiak...
Guzti hau gogora ekartzeko, datozen hilabeteetan, hainbat proposamen garatuko ditu Udalak herritarrentzat, urteurrena adin guztietako pertsonei hurbiltzeko. Programaren barruan adituek emandako dibulgazio-hitzaldiak egingo dira; ibilaldiak hirian zehar, Zabalguneko espazio nagusiak bertatik bertara ezagutzeko; eta haurrentzako tailerrak, txikienek modu didaktiko eta parte-hartzailean ezagutu dezaten hiria nola hazi zen asmo handiko proiektu hartatik abiatuta.
Bilbao Izan programaren barruan Zabalguneko hainbat espaziotan zehar gidatutako zortzi ibilaldi programatu dira, oinez egitekoak, hiriko eremu horren historiaren, arkitekturaren eta hiri-bilakaeraren nondik norakoak bertatik bertara ezagutzeko. Ibilaldiak 90 minutu ingurukoak izango dira, eta larunbatetan egingo dira (11.30ean), irailetik abendura bitartean. Bisitetan dokumentazio historikoa, argazkiak eta grabatu zaharrak konbinatuko dira, baita hiria eraldatzen parte hartu zuten arkitekto, ingeniari eta obra-maisuen erreferentzia biografikoak ere.
Parte-hartzaileek honako leku hauek ezagutu ahal izango dituzte, besteak beste: Konkordiako geltokia eta haren ingurunea, Erripa kaia, Venezuela plaza eta Buenos Aires eta Ledesma kaleak, Albia lorategia eta Zabalgune plaza, Kale Nagusiko bi zatiak, Barrainkua, Lersundi eta Heros kaleak, Juan Ajuriaguerra kalea eta Arriquibar plazaren ingurua, Urkixo zumarkalea eta Indautxu plaza.
Parte hartzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik izena ematea, eta gaur bertan hasi daiteke izena ematen Bilbao Izan webgunearen bidez.
Programaren barruan, gainera, Bilbao Arte-ko Arkitektura Gelaren hamalau dibulgazio-hitzaldi emango dira. Hitzaldi horiek irailean, urrian, azaroan eta abenduan egingo dira, ‘Bilbao 1876-2026. Siglo y medio del Proyecto de Ensanche’ izenburupean. Saioak asteazken arratsaldetan egingo dira, eta Bilboko eraldaketa gertatu zen testuinguru historiko, urbanistiko, arkitektoniko eta artistikoan sakontzeko aukera emango dute.
Horretaz gain, hilaren amaieran, bi informazio-totemak instalatuko dira Kale Nagusian -Diputazio kalearekiko elkargunean-, eta bertan egongo dira hilabete batez gutxi gorabehera. Jarraian, Zabalguneko leku hauetan egongo dira, txandaka: Ercilla kalean eta Plaza Biribilan.

Ningún militar puede llevar una camiseta de un partido neonazi

El apoyo a Sertorio pudo desencadenar la destrucción del poblado vascón de Irulegi

Desahucian a una familia con dos menores en Gasteiz

En libertad con cargos los jóvenes detenidos por la agresión a los militares en Berriozar

