‘Titikornio’, minbizia eta harremanak ardatz dituen nobela korala aurkeztu du Irati Garmendiak

Ostegun honetan aurkeztu berri du Irati Garmendiak bizipen pertsonalak eta fikzioa elkartzen dituen nobela. ‘Titikornio’ nerabeei zuzendutako liburuak, minbiziak gaixoaren eta ingurukoen artean nola eragiten duen plazaratuko du, baita haien harremanak nolakoak izango diren ere.

Irati Garmendia, aurkeztu berri duen Titikornio liburuarekin.
Irati Garmendia, aurkeztu berri duen Titikornio liburuarekin. (Gorka RUBIO | FOKU)

Junek eta bere familiak bonba baten antzerako albistea jaso dute: bularreko minbizia diagnostikatu diote. Ama, alaba eta bikotea den pertsonaiak eta haren gertukoek egoera berri honetara moldatu beharko dute, edo saiatu, behintzat. Hori du ardatz Irati Garmendiaren ‘Titikornio’ nobela koralak. 

Ostegun honetan aurkeztu du egileak Erein argitaletxeak kaleratutako liburua Donostian, eta azaldu du 2017an izandako esperientzia pertsonal bat duela ardatz: «Nire amari bularreko minbizia diagnostikatu zioten, eta familia itsaso zakar batean murgildu ginen». Terapia moduan, argitaratzeko asmorik gabe, idazten hasi zen Garmendia eta urte eta erdiko prozesu baten ondoren, bigarren albiste bat iritsi zitzaien: «Urak baretzen ari zirela, amonari, nire amaren amari, diagnostiko berdina eman zioten eta munduarekin haserretu nintzen».

Garai hartan idatzitakoari forma eman zion orduan Garmendiak, eta haurrei zuzendutako ‘Xomorro lapurra’ album ilustratua sortu zuen Ane Arzelusekin batera. Honen bidez, haurrei minbiziaren berri eman zien euskaraz, «ez zuelako halako ipuinik ezagutzen gure hizkuntzan». Helduagoentzat nobela idaztera igarotzeko pausua eman du liburu honekin. Nerabeentzat pentsaturikoa bada ere, helduek ere irakurtzea espero duela aitortu du. 

Izenburutik hasita azken hitzetaraino ondo landutako proiektua izan dela esan du, nahiz eta ia liburua amaitu arte ez zuen ziur izenburua zein izango zen. «Titikornio hitza opari bat izan da, Martina Liria Mercader izeneko neska batena. Bere amak bular bat galdu zuen minbiziaren ondorioz, eta bular bakarreko emakumeak izendatzeko asmatu zuen», azaldu du irribarretsu idazleak. Beraz, titulua ezarri behar zuenean, hitz bakar hori hautatu zuen, eta eskatu zuen ondo irakurtzeko moduan jartzea nahi zuela azalean.

Orrietan murgildu orduko ohartuko da irakurlea kamerak fokua pertsonaia ezberdinetan jarriko duela, eta pixkanaka bakoitzaren sentimendu eta jarrerak ezagutuko ditu. «June protagonistak Mikel izeneko senarra du, Markel seme nerabea, Kattalin bost urte inguruko alaba eta Kontxi ama», kontatu du Garmendiak.

Bakoitzak bere bizipenak emango dizkio, lehenik, Kattalinek inozentzia eta irudimena; Mikelek nola lagundu dezakeen bilatuko du eta beldurrak plazaratuko ditu, eta Kontxik familia eutsiko du, nahiz eta bera ez duen inork eutsiko. June istorioaren erdigunea bada ere, protagonismoa bere seme Markelekin partekatuko du. «Nerabeak irakurle izatea nahi nuen, horregatik garrantzia eman nahi izan diot», adierazi zuen Garmendiak. Horregatik, semea amarekin haserretuko da, lotsatuko da, huskeriak garrantzitsutzat hartuko ditu, orokorrean, nerabe jarrera izango du. 

Junek, bere aldetik, besteek esango dutenaren beldurra, hiltzekoa, seme-alabak umezurtz uztekoa eta senarra alargun uztekoa plazaratuko ditu. Baita, esperantza, inprobisatzeko gaitasuna eta onarpena ere. 

Errealitatea eta fikzioa

Irati Garmendiaren bizipen bat du oinarrian nobelak, baina idazleak argi adierazi du fikziozko istorioa dela bertan kontatzen dena. «Garrantzitsua izan da fikzioa izatea, nahi nuen oro kontatu dezakedalako, batzuk nik bizitakoak dira eta besteak asmatutakoak, baina inork ez du zertan jakin non den muga», azaldu du idazleak. 

Idazketa prozesuan, ordea, lanketa handia egin duela aitortu du, fikzioak oinarrian bizipen ezberdinak izateko. Izan Inurri elkartearen ‘(Min)Bizi’ podcasta entzuten aritu da idazlea, esperientzia asko entzun ditu eta hala landu du esaldiz esaldi nobela hau. «Pertsona adina minbizi daude, kontuan hartu nahi nituen hainbat bizipen idatzi baino lehen», esan du. 

Beraz, informazioa bilduz, esperientzia pertsonalak gehituz eta nerabeei gaixotasun honek eragin ditzakeen gora-beherak plazaratzeko gogoz, ‘Titikornio’ sortu du Irati Garmendiak.