Andoni Arabaolaza
Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Jon Barrutia bederatzigarren esferan sartu da “Celedon”-ekin

Joan den 3an, 19 urteko eskalatzaile bilbotarrak 9a maila duen La Lezeko (Ilarduia) ibilbide hori kateatu zuen. Barrutiak oso azkar biribildu du denboraldi honetarako zuen proiektua; hain zuzen ere, bi aste behar izan ditu.

Jon Barrutia, artxiboko irudi batean. 19 urteko eskalatzaileak ‘Celedon’ kateatu berri du
Jon Barrutia, artxiboko irudi batean. 19 urteko eskalatzaileak ‘Celedon’ kateatu berri du (JON BARRUTIA)

Jon Barrutia kirol eskaladan gorabidean dagoen 19 urteko gazte bat da. Horren isla da azken urteotan eskalatzaile bilbotarra egiten ari den ibilbidea. Isil-isilean, baina buruz eta oso indartsu. 

Joan den 3an, adibidez, ‘opari’ berri bat jaso zuen. Eta hori diogu aukera izan zuelako bederatzigarren esferan lehenbiziko aldiz sartzeko. 9a maila ‘seduzitzen’ ibili da, baina La Lezen (Ilarduia) dagoen ‘Celedon’ izan da ate hori zabaldu dioena. Edo hobeto esanda, Barrutiak berak zabaldu zuen. Gainera, oso azkar kateatu du; soilik bi asteko lanak edo bisitak behar izan ditu. 

‘Celedon’ (9a) proba aurretik, onartu behar zaizu ibilbide sendoa zenuela hainbat 8c eta 8c+ zailtasuneko ibilbiderekin. Imajinatzen dut horrek motibazioa emango zizula 9a mailako lerro hori probatzeko. Aurretik ‘seduzitu’ al zenuen baten bat?

Udara heldu baino lehen, Baltzolan egon nintzen ‘Il domani’ probatzen. Oso gertu egon nintzen katera erorikorik gabe heltzeko. Prozesu horretan bero handia egin zuen, eta proiektua zintzilik utzi nuen.

‘Il domani’-ren proiektua aparkatu ondoren, 9a mailan ‘Celedon’ izan da hurrengo urratsa. Zergatik aukeratu zenuen marra hori? Zure lehen bisita zen La Lezen.

Izenez, jakina, ezagutzen nuen. Lehen bisita egin eta erabat harrapatuta geratu nintzen bide horrekin. Ikusi bezain laster, neure buruari esan nion bai ala bai probatu eta eskalatu behar nuela. 9a dela? Berdin zioen, kontua da oso-oso erakargarria egin zitzaidala. 

Denboraldi honetako zure proiektua zen ‘Celedon’, eta onartu behar zaizu oso azkar sinatu duzula. Soilik bi asteko bisitak izan dira.

Ez nuen hain azkar kateatzea espero; ezustekoa izan da! Nire aurreikuspenen artean zegoen urrian edo azaroan lan horiek bukatzea. Baina irailean izan da. Bide horren goiko zatia (8c) egin eta behekoan (‘Celedon txiki’, 8c+) ekinaldiak egiten hasi nintzen. Iragan 3an, berriz, behetik hasi eta bi zatiak lotu nituen. ‘Celedon’ patrikan sartzeko aukera izan nuen. Lasai asko esan dezaket inoiz eskalatu dudan ibilbide onena dela. 45 metro horiek erregeleta perfektuak dituzte.

Indartsu zaudela ezin da zalantzan jarri. Hortaz gain, oso eraginkorra izan zara.

Ez dakit ze pasa den, baina argi dut bide hori nire ezaugarrietarako oso egokia dela. Indartsu? Ez dakit, azken bolada honetan ez dut rokodromoan entrenatu. Ia udara osoa. Erresistentzia da ’Celedon’-en ezaugarri nagusia, eta estilo horretan ondo nabil. Beste batzuetara ere, ondo egokitzen naiz. Finean, eskalatzea da helburua. 

Aurreratu dugu oso azkar sinatu duzula. Nolakoa izan da prozesua?

Arestian aipatu dudan legez, goiko zatiarekin hasi nintzen. Tarte hori bost saialditan egin nuen, eta behekoa biribiltzeko zazpi ekinaldi izan ziren. Tarte horiek menderatu ostean, behin betiko saialdiari ekin eta arrakasta izan nuen.

Zer izan da prozesu horretan eiterik zailena?

Eskalada gune horretara heltzeko dagoen aldapa oso gogorra egin zitzaidan; une jakin batzuetan belauneko mina izan nuen (barreak). Kondizioak ere ondo kudeatu behar izan ditut. Irailaren 3a asteazkena zen, eta ostegunetik aurrera bero sargoria iragarri zuten. Urduri jarri nintzen, baina asteazken horretan ekinaldi bat egin eta kateatu nuen. Aipatu behar dut mugimenduekin eta sekuentziekin ez dudala arazo berezirik izan. Erresistentzian oinarrituta dagoenez, ‘soilik’ aurrera eta aurrera egin behar da.

Eta bederatzigarren esferan sartu zara…

Hala da. Aipatu dudan bezala, ederra da oso. Mailari dagokionez, ez dut eskarmenturik, baina bi zatiak lotuta iruditzen zait 9a dela. Zalantzarik gabe, maila berri honetan egin dudan jauzia nabaritu dut. Bide batez esan behar dut 9a lehen aldiz egiteak ez nauela aldatu. Betiko eskalatzailea eta pertsona naiz. Jakina, kristoren ilusioa egin dit; amets ederra! ’Celedon’ egin eta biharamunean beste eskalada eta proiektu batzuekin pentsatzen jarri nintzen.

Adibidez, zintzilik utzi zenuen ‘Il domani’?

Baltzolako kondizioak hobetzen direnean, bai, bide horrekin jarraituko dut. Eta kateatzeko aukera izaten badut: zergatik ez ‘Iñi Ameriketan’ (9a+)?