Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria
KRITIKA PERLAK

Desiraren jokoa

THE INVITE
AEB, 2026. 108’. Zuzendaria: Olivia Wilde. Gidoia: Rashida Jones, Will McCormack. Aktoreak: Seth Rogen, Olivia Wilde, Penélope Cruz, Edward Norton. Musika: Devonte Hynes. Argazkia: Adam Newport-Berra.

‘The Invite’ filmeko fotograma.
‘The Invite’ filmeko fotograma. (DONOSTIAKO ZINEMALDIA)

Zergatik erakartzen gaituzte hainbeste besteen bizitzek? ‘The Invite’, Olivia Wildek zuzendutako hirugarren film luzea, galdera horretatik abiatzen da.

Joe eta Angela etxeko errutina itogarri batean bizi dira. Egun batean, Angelak Piña eta Hawk, goiko bizilagunak, afaltzera gonbidatzen ditu. Eta hor hasten da dena. Afari arrunt bat izan behar zuena, poliki-poliki, beste zerbait bihurtzen da. Elkarrizketa zorrotzez mozorrotutako duelua. Ardo eta barre artean, tentsioaren ertzean, sexuaz, desiraz, fideltasunaz eta bikote gisa bizirik irauteko moduez hitz egiten dute. Batzuetan zuzenean; gehienetan, zeharkako gezi pozoidunak jaurtiz. 

Lehen begiratuan, bikoteen inguruko komedia sexual arrunta dirudi. Baina Wildek badaki lur labainkorra zapaltzen. Guztia kokaleku bakarrean eta lau aktorerekin egin du. Eta nahikoa da. 

Jangelako mahaia ring bihurtzen da. Egongelak lurralde neutralaren itxura gordetzen du, neutral izateari uzten dion arte. Korridoreek gorputzak bereizten dituzte, baina baita sekretuak ere. Ateek banandu eta lotu egiten dituzte pertsonaiak, batzuetan aldi berean.  Eta ispiluak behin eta berriz agertzen dira. Batzuetan pertsonaiak zatituz, beste batzuetan haien irudia bikoiztuz. Ez dira metafora oso sotilak, baina bai eraginkorrak.

Aurreko lanekin alderatuz, Wildek neurriz eusten dio bere bulkada estilistikoari. Kamerak presentzia du, baina ez du protagonismoa lapurtzen. Zehaztasunez mugitzen da, ispilu, islapen eta enkoadraketen artean pertsonaiak zatituz.

Eta pixkanaka kamera isildu egiten da, Wildek protagonismo osoa aktoreei ematen die eta hemen aktoreek ez dute hutsik egiten. Seth Rogenek, Olivia Wildek, Penelope Cruzek eta Edward Nortonek tentsioaren hariari eusten diote, umorearen eta zauriaren artean. Barre egiten dugu, harritu egiten gara, deseroso sentitu, baina barre horren azpian zerbait pitzatzen ari dela sumatzen dugu. 

Baina ‘The Invite’ ez da film borobila. Benetan deserosoa, benetan iraultzailea izateko zorian dagoenean, atzera egiten du. Arauak hausteko aukera, atea irekitzen duen haize-bolada baten moduan agertzen da, fantasia, mehatxu eta tentazio gisa, baina ez besterik. Filmak emozionalki lasaigarriagoa den ondorio batean aurkitzen du babesa. 

Ez da film perfektua, ezta hasieran iradokitzen zuen bezain erradikala ere. Baina badu gaur egungo zinema askok galdu duen zerbait: heldutasuna. Pertsonaia helduak, gai helduez hitz egiten. Sexuaz, maitasunaz, asperduraz, jeloskortasunaz, urteek gorputzean eta harremanetan uzten dituzten arrastoez. Elkarrizketa bakoitza sermoi eta ikasbide bihurtu beharrik gabe.

Horregatik da interesgarria eta oso gozagarria ‘The Invite’.