Andoni Arabaolaza
Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Noe Looser eta Leo Cea gazteek euren maila gorena astindu dute

19 urteko Looser 9a mailan sartu da ‘L´isola che noin c´e’ ibilbidea sokarik gabe kateatu eta gero. Marra hori igotzen lehen neska da. Bien bitartean, 13 urteko Cea gai izan da Rodellarreko ‘No pain no gain’ sinatzeko. Eskalatzaile txiletarraren lehen 9a+ da.

Noe Looser 19 urteko eskalatzaile suitzarra da. Ziur aski, gazte honen izen-abizena ez da batere ezaguna kirol eskaladako berriak irakurtzen dituztenentzat. Eta hala da. Nahiz eta 8c mailako hainbat bide kateatu dituen, suitzarra eskalada lehiekin lotzen dugu. Baina diogun bezala, Looserrek jakin badaki zer den arrokan estutzea. 

Duela egun batzuk, adibidez, eskalatzaile honek beste urrats bat egin du bere ibilbidean. 8c-tik 9a-ra egin du jauzi. Eta nola gainera! Suitzako Amdenen dagoen ‘L´isola che non c´e’ marra igo du. Jarduera horrek bederatzigarren esferan sartu du, eta, gehitu behar dugu ere, lerro hori kateatu duen lehen emakumezkoa bihurtu dela.

Hortaz gain, suitzarraren igoerak eite berezi bat izan du. Bide horren ezaugarriak ezagututa, Looserrek ez zuen sokarik erabili; hots, bakarka integralean egin zuen. Hori egiten ere lehen eskalatzailea da. Nahiz eta ibilbide bat bezala hartu den, askok diote blokearekin lotu behar dela; halere, arriskuak hartu zituen. Bideoan ikusten den bezala, sabai handi bat gainditu behar da, eta, ondoren, tarte bertikala bat. Min ez hartzeko, lurrean hainbat koltxoneta jartzen dira erorikoa arintzeko. Orain arte, ‘L ísola che non c´e’ igo dutenek sabaia eskalatu ondoren, tarte bertikalean soka gerrira lotu dute. Looserrek, aldiz, uko egin zion horri.

Gogora dezagun, Fred Nicole suitzar historikoak sorkuntza hibrido horren lehen igoera egin zuela 2009an. Boulderraren eta bakarka integralaren artean dagoen lerro horrek 15 metro ditu. Looserrek adierazi du lan eskerga egin behar izan duela bide hori kateatzeko: «Hasieran ez nintzen gai mugimenduak bereiz egiteko ere. Sinistu besterik ez nuen egin, eta oso motibazio handia sentitu nuen: oso gustuko nituen mugimendu horiek eta gogor estutzen jarraitu nuen. Urte erdi geroago, sokarik eta koltxonetarik gabe kateatzeko indar fisiko eta mentala izan nuen. Erorikoa saihestea ezinbestekoa da, baina sokarik gabe ere ez nuen larritasunik bizi. Sentsazio itzela bizi izan nuen; izan ere, % 100ean erabat kontzentratuta egon nintzen».

Leo Cea

Nahiz eta soilik 13 urte dituen, Looserren izena ez bezala, Leo Cearena askoz ere ezagunagoa da. Duela pare bat urte, 11 urterekin eta 1,47 metroko garaierarekin, bederatzigarren mailan sartu zen ‘Tecnoking’ igo eta gero. Bi urte beranduago, Rodellarreko Ventanas sektorean dagoen ‘No pain no gain’ (9a+) sinatu du. Maila horretako bere lehen ibilbidea da. Nerabe honen jarduerak ere eite berezia du: 9a+ egiten eskalatzaile goiztiarrena da.

Oro har, onartu behar zaio, indartsu egoteaz gain, oso eraginkorra izan dela. Izan ere, 9a+ zailtasuneko bide horrek sei eguneko lanak eskatu dizkio. Biribildu duen proiektu horren inguruan, nerabe txiletarrak adierazi du oso emozionatuta jardun duela: «Joan den ekainean eginiko bidaian ezagutu nuen lerro hori, eta liluratu egin ninduen. 40 metroko bide horren sabai nagusia nahiko fisikoa da, eta mugimendu oso ederrak ditu. Lehen bisita hartan probatu ondoren, Frankenjurara itzuli nintzen, eta han metroak pilatzen jarraitu nuen. Hein handi batean, proiektu hori sendotu ahal izateko. Bertan, Alexander Megos eta Simon Weisser-ekin eskalada egunak partekatu nituen, eta entrenamendua “No pain no gain”-ek planteatzen dituen eskakizunetara bideratu nituen. Azkenean, lan horiek guztiek emaitza izan dute».

Ceak onartu du ibilbide hori kateatu ahal izateko, arlo ezberdinekin borroka handia izan duela. Besteak beste, beroarekin. Horregatik, oso-oso goiz abiatzen zen Ventanas sektorera; ahalik eta kondizio egokienak bilatzeko.

Behin betiko ekinaldia, joan den 2an egin zuen: «Berriz ere oso goiz abiatu nintzen; oraindik ilun zegoenean. Zuzenean bide berean berotu, atseden pixka bat hartu eta goizeko lehen saialdian katera erorikorik gabe heldu nintzen. Ekinaldi nahiko borrokatua izan zen. Lerroaren lehen giltza gainditu eta sabaian aurrera jarraitu nuen. Baina oraindik geratzen zitzaidan sekzio oso gogor bat: sabai nagusiko irteera. Lan eskerga egin eta gero, hura igo eta katera iritsi nintzen».