
Seigarren martxa sartuta bizi garen garaiotan, opari bat da abiadura gelditu eta, bestelako pretentsiorik gabe, paisaiari begiratzera gonbidatzen gaituen edozer. Kategoria horretan dago ‘In My Father's Room’, Sail Ofizialean aurkeztu den Maha Haradaren filma.
Aitaren heriotzaren ostean ezusteko oparia jaso duen emakume japoniarra da protagonista. Giltza bat jasoko du postaz, baina hark irekitzen duena aurkitu ahal izateko, bidean atzera egin eta bere aitarekin egin beharko du topo: nor zen ulertu, haren begiez mundua ikusten ikasi eta lehioak irekitzeko eginak daudela erabaki. Geratzen ez dakienak mundua ez duela sekula ikusiko jabetu.
Mundu ikuskera horretara hurbiltzeko poesia eta artea ezinbesteko bidaide dira filmean zehar, baita Japoniako kulturan errotua dagoen tearen zeremonia ere: filme guztian zehar hari gidari gisa funtzionatzen du.
Filmaren lehen emanaldiaren ostean, prentsaren aurrean agerraldia egin dute zuzendariak eta bertan parte hatu duten zenbait arte aditu eta ekoizlek. Izan ere, zinema, artea eta literatura eskutik helduta doaz film honetan. Eta, hain zuzen ere, zuzendaria bera literaturaren mundutik dator: hainbat nobela ditu bere izenean, eta hau du bere lehen ikus-entzunezko lana.
Azaldu duenez, literaturaren munduan 20 urte badaramatza ere, hastapenak artean egin zituen, komisario gisa, eta bere literatur lanetan pisu handia du arteak. «Picasso interesatzen zait bereziki, arte modernoa. Orain 15 bat urte ‘Guernica’ asko interesatu zitzaidan eta hemen izan nintzen, Bilbon eta Gernikan. Liluratuta itzuli nintzen», ziurtatu du.
Bere literatur lanetan irudiak duen pisua ere nabarmendu du. Azaldu duenez, nobela bat eraikitzerakoan buruan ikusten dituen irudiak letretara ekartzea izaten da bere egitekoa, «askok esaten didate irakurtzean irudiak ikusten dituztela», eta, beraz, zinemarako pausoa natural etorri dela uste du: «Buruan nituen irudiak partekatu nahi nituen publikoarekin, horregatik egin dut film hau», esan du.
Erreferentzia gisa Margherite Duras idazle frantziarra hartu duela ere aitortu du: «Berak dio irudia literatura bilakatzea zaila dela, baina are zailagoa dela irudia ikus-entzunezko bilakatzea. Hori irakurri nionean erabaki nuen zuzendari izan nahi nuela».
Rothko eta Erice
Filmak artearen alde iradokitzailera garamatza etengabe. Sinbolismoa darabil ideien artean loturak egin eta aitaren ibilbidean gidatzeko. Eta, bereziki, Mark Rotkho artista surrealista estatubatuarraren obra bat dago erreferentzia horien erdigunean. «Rothkoren obra horrek lotura handia du tearen zeremoniarekin, biek elementu asko partekatzen baitituzte. Japoniarrok barnean daramatzagu tearen kulturaren kontzeptu abstraktu horiek, eta nik partekatu egin nahi nituen», esan du. Zentzu horretan, erreferentzia zinematografikoak ere izan dituela aitortu du. «Ezagutuko duzue, Victor Ericeren ‘El espíritu de la colmena’. Obra bikaina da. 50 urte ditu eta hala ere lan horretan dauden kontzeptuak, abstraktua, oraindik bizirik dago», jarri du balioan.
Haradak orain 40 urte ikusi zuen filma, «baina gaur ikusi banu bezala oroitzen dut», ziurtatu du. «Artearekin lotura handia izan dut eta gerrak edonon dauden garaiotan gauza txikiak ahaztu egiten ditugula uste dut. Nik horri eman nahi nion ahotsa. Badago ahots apala duen jendea, isiltasunean bizi eta gauza txikien garrantziaz jabetzen direnak. Batzuek hor jartzen dute euren bizitzen erdigunea, ustezko soiltasun horretan, ez dute dirua edo fama nahi. Bizitza lasai bat, besterik ez».

Ocho detenidos por la agresión a militares del pasado 19 de julio en Berriozar

Una concentración ultra contra Negu Gorriak destroza el coche de una diputada ceutí

Orain bai, Gatiburen atea itxi daiteke

Zupiria dice que en las fiestas del Carmen los agredidos fueron los ertzainas


