Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Muguruza FM: oholtzan, pantaila handian eta kalean

Belodromoa bete du Fermin Muguruzak ostegun arratsalde honetan ‘Muguruza FM 40 tour’ estreinatzeko. 2024-2025ean egindako bira mundiala abiapuntutzat hartuta dokumentala egin du, Euskal Herriko zein nazioarteko lagunen testigantzak bilduz eta kontzertuetako uneak tartekatuz.

Fermin Muguruza, ostegun honetan, Belodromoan.
Fermin Muguruza, ostegun honetan, Belodromoan. (Jon URBE | FOKU)

Esan eta egin, horixe da Fermin Muguruzaren estiloa. Anoeta beteko zuela esan zuen, eta 2025eko ekainaren 14an bete zuen estadioa, munduko bira egingo zuela esan zuen kontzertu bakoitza «akelarre antifaxista» bihurtuz, eta egin zuen. Biratik abiatuta dokumental bat egingo zuela esan zuen, eta belodromoa bete; eta ostegun arratsalde honetan ehunka ikus-entzule elkartu ditu Donostiako Zinemaldiaren baitan, esandakoa betetzeko. Baina ‘Muguruza FM 40 tour’ dokumentalaren proiekzioaz gain, «kalea hartu» eta arratsaldea ospakizun zein aldarrirako tartea izatea nahi zuen, eta zalantzarik gabe bete du. Proiekzioaren aurretik hala aitortu du Muguruzak berak ingurura begira: «Hemen daude Kaleko Afari Solidarioak, Palestina, Etxerat, ikurrina… hori da gure komunitatea, hori da gure biraren laburpena». 

«Dokumental beroa» egin zuela aurreratu zion NAIZi elkarrizketan, eta horretan ere bete; egun beroa izan da ostegun honetakoa, eguraldia eta Muguruza zaleak tarteko. Arratsaldeko 17:30ean egin zuen hitzordua Xanti tabernan. Jada festa giroa zegoen ordurako, baina batez ere aldarrikapenak zeuden: Kaleko Afari Solidarioetako erosketa orgak alderik alde eta pankarta erraldoi bat: ‘Elkartasuna ez da delitua, 300 pertsona otordurik gabe’. Beraien atzetik abiatu dira Broken Brothers Brass Band taldekoak, eta jarraian jendetza; batzuk doinurik martxosoenean dantzan, beste batzuk egindako geldialdietako batean muxikoak dantzatuz, baina denak giro onean eta aniztasuna aldarri hartuta.

Zerbaitek bereizten baditu Muguruzaren zaleak, aldarri sozial eta politikoak hain presente izateak izan daiteke. Kalejiran zein belodromo inguruan ere aldarrikapena nagusi: Etxerako oihal erraldoia, Gernika Palestinaren Palestinako bandera handia, ikurrina eta ‘Euskal Herriak erabaki’, independentzia zioen oihala; eta Harrea Sarekoen postua, ‘Kalea ez da etxea’.

Belaunaldiartekotasuna

Bazuen erronka pertsonal bat Muguruzak: belaunaldien arteko korapiloak eraiki eta sendotzea. Ostegun honetan belodromoko aulkietan eseritakoak ikusirik, esan genezake belaunaldien arteko besarkada bat eman dela, adin guztietako zaleak elkartu baitira, baita familia bereko belaunaldi ezberdinak ere. Lagun zaharrak elkartzeko parada ere izan da; garai batean kontzertuz kontzertu ibilitakoak pantaila handiari begira egon dira oraingo honetan. Ilara luzera iritsi nahian topatzen zuen oro besarkatzen ari zen lagunari hala egin dio batek errieta: «Mugi hadi, azkenak iritsiko gaituk».

18:20ean ireki dituzte ateak, eta Muguruzaren zaleek beren erara atondu nahi izan dute belodromoa, Kaleko Afari Solidarioen pankarta erraldoi bat ezarriz. Azken minutura arte jendea sartu eta sartu egon da, eta txalo-zaparrada handi batekin egin diote harrera talde guztiari. Muguruzak hartu du hitza zapi gorria lepoan: «Badakit ez direla sanferminak, baina gaur Fede Martin Arambururen epaiketa dago Parisen, eta familiaren alde egiteko jantzi dut».

Aitortu du biraren amaiera balitz bezala prestatu duela dokumentala, eta «zoragarria» izan dela. Bira guztian jasotako babesa eskertu du, bere esanetan inguru guztia barnebiltzen duen modu batean, bost aldiz oihukatu du: «Euskal Herria». Eta ondoren, tonu baxuagoan, «eskerrik asko».

Banaka-banaka aurkeztu ditu bere taldeko kide guztiak, denei hitz goxoren bat eskainiz, berarekin bizitako anekdotaren bat kontatuz eta oholtzan besarkada batekin ongi etorria emanez. Eta ikusten zeuden hiru mila lagunak oholtzan nahi lituzkeela aitortu ostean, hasiera eman diote proiekzioari.

Dokumental beroa zela esan zuen Muguruzak; hala dela baieztatu dugu, eta ikus-entzuleek ere halaxe hartu dute; izan ere, lehen minututik txaloak eta txistuak sumatu dira aretoan. Testigantza, aldarri antifaxista bakoitzean lehertu da belodromoa, eta amaiera iristearekin batera zutitu. Muguruzaren ekimen bat ezin zen bezala amaitu, Jon Maia kantuan, 'Zutik, makurtu gabe' doinuan Muguruzari egin dio erreferentzia: «Bizitza osoa beste mundu baten alde». Baita dokumentala laburbiltzen duen esentziari ere: «Artea borroka da ta borroka arte". 

Gonbidatutako musikariekin batera besarkatuta eta kantuan amaitu dira, momentuz, Muguruzaren doinuak: "Horrelakoa da bizitza».