
Endika Barrenetxea izango da Xabi Azpirozen aurkaria datorren larunbatean Galarretan jokatuko den erremonteko Buruz Buruko Txapelketaren finalean. Hernaniarrak Aritz Juaneneak baino sendotasun handiagoa erakutsi du gaurko finalerdian, eta 21-30 nagusitu da markagailuan.
Partidaren lehen erdia nahiko parekatua izan da. Nahiz eta lehen abantailak Barrenetxearenak izan (0-3 eta 2-7), hernaniarra ez zen erabat eroso ikusten sakearekin, bere arma nagusiarekin. Tantoren bat egin du, egia da, baina akats oso larri batzuk ere bai: bi sake motzegi atera ditu segidan 6-8an eta 7-9an.
Sakearekin dominatu ezean, Barrenetxeak askoz gehiago sufritzen du kantxa guztiko joko horretan, eta Aritz Juanenea piloteo azkar horiei zukua ateratzen saiatu da. Saldiastarrak bizpahiru jokaldi eder utzi ditu lehen zati horretan, baina berak ere akats batzuk egin ditu –deigarriena pilota jotzerik ere izan ez duen sake bat– eta ez du lortu inoiz markagailuan aurretik jartzea.
Bigarren erdian, ordea, Endika Barrenetxea sakearekin askoz gehiago asmatzen hasi da, eta horrek berehala izan du bere isla markagailuan. Partziala 1-11koa izan da urdinarentzat, eta hernaniarra 13-24 aurreratu da, partida ia erabakita utziz.
Juaneneari arriskatzea besterik ez zaio geratu une horretan, eta ikusleen gozamenerako bere-bereak dituen jokaldi pare bat utzi ditu, aurrean egindako dejada batzuk tarteko. Ez da irabazteko nahikoa izan baina egungo txapeldunak barruko amorruak askatu ditu tanto horietan.
Barrenetxea garaiz esnatu da, ordea, eta sakez egindako hamaikagarren tantoarekin finalerdia 21-30ean itxi du.
«Oso deseroso aritu naiz, finalerdi guztietan bezala. Azkenean, nahiz eta abantaila eduki beti pentsatzen duzu aurkariak takada bat egin dezakeela. Gainera, aste honetan izan ditudan sukarrekin, txisparik gabe geratu naiz. Hasieran indarra baneukan, baina azkenerako hori ere ez», onartu du Endika Barrenetxeak.
Finalari begira, beste hau gehitu du: «Niretzat pozgarria da Galarretako Buruz Buruko azken finala barrutik bizitzeko aukera izatea. Aurkari zaila izango da Xabi Azpiroz. Joko puntu oso onean dago eta azken urteetan ikusi da horrela iristen diren pilotariek txapelak irabazten dituztela. Ni saiatuko naiz egun hauetan txispa berreskuratzen eta finalera ongi iristen».

El apoyo a Sertorio pudo desencadenar la destrucción del poblado vascón de Irulegi

Ningún militar puede llevar una camiseta de un partido neonazi

Desahucian a una familia con dos menores en Gasteiz

En libertad con cargos los jóvenes detenidos por la agresión a los militares en Berriozar

