
Realak Heartsen bisita hartuko du asteazkenean Zubietan (19.00etan, ETB1). Chelsearen aurka ez bezala, kanporaketa berdinduta dute donostiarrek, Edinburgoko partida hutsean amaitu ondoren. Baina Txapeldunen Ligan atarian izan zuten koltxoia desagertu da: jada ez dago B planik eta irabazi behar dute Europan lehiatzen jarraitu nahi badute.
Kirol erronkari, desafio animikoa gehiatu behar zaio. Realak zortzi partida ofizial jokatu ditu denboraldi honetan, ez du bat ere irabazi eta bost galdu ditu. Ilusioz beteriko ikasturte hasiera zena harriz betetako motxila bihurtzen ari da, aukera askorik uzten ez duena: pisua arintzeko galdutako aukera bakoitzak, zama handitu eta erronka zailtzen du.
Cecilia Marcosek Heartsen aurkako partidaren atarian azaldu duneez, taldeak ez du «antsietatean» erori behar, «gure esku dagoen guztia ahalik eta ondoen egiten ari baikara», baina «oraintxe bertan, taldeak gehien behar duena garaipen hori» dela onartu du. Inflexio puntu bat, alegia.
Eskoziarren bisita egokia izan daiteke helburu hori lortzeko. Gutxienez Realak hiru premisa betetzen baditu: Edinburgon egin zuen jokoari eustea, trebeagoa izan ate aurrean eta, golak sartzea lortzen badu, Real Madrilen aurka egin zuen bezala, partida horretan izan ez zuen erasoaren eta defentsaren arteko oreka izatea.
«Joaneko partidan espero genuen eszenatokia izan zen –azaldu du Gorka Alvarezek–. Baloiaren jabetza handia, aurkariari eskuak lotu, askotan arrisku gunera iritsi, egoerak sortuz… Agian espero baino eraso-egoera sorta zabalagoa izan genuen… Baina topikoari jarraituz, pilotak ez zuen sartu nahi izan eta, azkenean, egindako lanaren saria ez jasotzearen sentsazioa geratzen zaizu. Sariak izan behar du aste honetan kanporaketa gainditzeko balio behar digun berdinketa ekarri genuela». Horregatik, azken egun hauetan «horretan jardun dugu, areako egoerak, azken metroetako aukeraketak…, hor egongo baita klabea gure ustez, aldi batera utzi gabe alderdi defentsiboan bertan egin genuen lan sendo eta agresibo horri jarraipena ematea». Azken horregatik, entrenatzaile gipuzkoarraren ustetan, Real Madrilen aurkako partida ahaztu baino, hausnarketara eraman behar ditu txuriurdinak. «Bilatzen ari garen oreka horretan alde defentsibo eta ofentsiboaren artean, taldeak hiru gol sartu zituen baina desoreka handia izan genuen atzeko lan horretan. Partida atzean utzi nolabait ere, baina alderdi positiboei helduz eta akatsak zuzenduz».
Ligako jardunaldia apur bat hobeto besterik ez zaio joan Heartsi. Glasgow Cityrekin berdindu zuen, baina bi goleko abantaila eduki ondoren. «Baliteke horrek konfiantza zertxobait murriztea», uste du Alvarezek, baina aurkari «ausarta, oldarkorra eta buruz buruko dueluetan irabazteko zaila» izaten jarraitzen du.
Teknikariak Real Madrilen aurka jokatzeko osatu zuen deialdian sar daiteke Alazne Estensoro, Zubietan bueltan baitako 20 urtez azpiko Munduko Txapelketa irabazi ondoren.
Ainhoa Marin bere taldekidea lehen aldi deitu du Españako selekzioak. Irene Paredes, Clara Pinedo, Oihane Hernandez eta Adriana Nanclaresekin bat egin du Estatu Batuekin bi lagunarteko jokatzeko deialdian.
Txapeldunen Liga
Zubieta ez da izango Europako partidak hartuko dituen zelai bakarra. Asteazkenean jokatuko dira final 1/16ko kanporaketako itzulerako partida guztiak eta asteazken eta ostegun artean jokatuko da Txapeldunen Ligako bigarren jardunaldia.

Europa Cupen, Ajaxek, Wolfsburgok eta Czanik erabakita dituzte euren kanporaketak. Ezustekorik ezean, baita Brondby, Fenerbahce, Sparta eta Feyenoord taldeek ere. Heartsek eta Realak bakarrik berdindu zuten arren, oso orekatuta daude Fortuna-PSV, Torreense-Metalist eta, ustekabean, Frankfurt-FH lehiak.
Txapeldunen Ligari dagokionez, Damaris Egurrolaren OL Lyonnes eta Chelsearen arteko neurketan dago bigarren jardunaldiaren arretagune nagusia. Manchester Cityk eta Bayernek lehen garaipena lortu nahi dute, Munichen berdindu ostean. Irene Paredesen Bartzelonak Erromari egingo dio bisita eta Amaiur Sarriegiren Juventusek Hackeni.
Europa Cup – 1/16ko kanporaketa – Itzulerako partidak
(Parentesi artean, joaneko partidan sartutako golak)
Aktobe (0) – Ajax (8)
Farul Constança (1) – Sparta Praga (4)
Valerenga (1) – Feyenoord (4)
Rosenborg (1) – Slovan Liberec (3)
Brann (2) – HJK (0)
Spartak Myjava (3) – PAOK (2)
Fortuna (0) – PSV (1)
Sturm (1) – Wolfsburg (6)
Frankfurt (1) – FH (0)
Fenerbahce (4) – Minsk (1)
Malmo (2) – St. Polten (0)
Czarni (6) – Breidablik (2)
Real (0) – Hearts (0)
Rangers (0) – Hammarby (2)
Sporting Portugal (1) – Brondby (4)
Torreense (2) – Metalist (1)
Txapeldunen Liga – 2. jardunaldia
Asteazkena:
Roma – Barcelona
Hacken – Juventus
Paris FC – Arsenal
OL Lyonnes – Chelsea
Benfica – Bayern
Osteguna:
Austria – Inter
Koge – Servette
Manchester City – Real Madril
Paris Saint Germain – OH Leuven

La Policía Municipal abate a un vecino de Hondarribia y la comunidad senegalesa pide «justicia»

Ruidosas memorias del pionero y alternativo punk euskaldun

Muere Peón Kurtz, fundador del grupo Def con Dos

Deportazioa apurtu zuen Ramon Sagarzazu ‘Xenpe’ oiartzuarra hil da

