
Jonathan Harker Transilvania urrunera bidaian doa. Hango bezero misteriotsu batek deitu dio, Londresen etxe bat erosi nahi duela-eta. Abokatua da Harker. Karpato mendi malkartsuetako gaztelu batean ezagutuko du Drakula kondea, eta, hortik aurrera, era guztietako emozioak piztuko dituen abentura-sorta abiatuko da pertsonaia gogoangarrien talde baten eskutik, tartean direla Mina Murray ausarta eta Van Helsing doktore bitxia. Hauxe nobelaren sinopsia.
«Terrorezko klasiko handi bat da eleberri hau, banpiroen istoriorik ezagunena, mila bertsio, komiki eta filmen oinarri izan dena eta guztion iruditeria kolektiboan leku nabarmena duena. Literatura gotikoaren elementu guztiak xurgatu eta ustiatzeaz gain, Ingalaterra viktoriarraren ifrentzua ere eskaintzen digu baina: bizimodu zurrunaren ihes-balbula, emakume berriaren aurreko lilura eta beldurra, errepresio sexualaren kontrako perbertsio-festa. Baita, gutxitan aipatu arren, umore etengabea darion kontakizuna ere. Hona, beraz, Ana Moralesen hitzaurre, ohar eta itzulpenaz, literatura unibertsaleko maisulan bat, irakurleari dar-dar eta kar-kar eragingo diona», aurkeztu dute Elkarreko arduradunek argitalpena.
Ana Moralesek (Bilbo, 1969) ekarri du euskarara nobela eta Xabier Mendigurenek egin ditu edizio lanak. Azken hau pozik agertu da. «Gaur egun izugarria da ‘Drakula’ euskaraz aurkezten dugulako. Liburu bitxia da, edukiagatik, eta denok ezagutzen dugulako ere istorioa. Aldi berean oso gutxik irakurri dute jatorrizko nobela», esan du.
«Xabierrek esan moduan Drakularen figura oso ezaguna da mendebaldeko herrialde gehienetan mila modutara ikusi edo jaso dugulako. Nobela honetan agertu zen lehenengoz. Ezustekoak hartuko ditu nobelara hurbiltzen denak. Ingalaterra viktoriarrean kokatua, XIX. mendearen bukaeran. Aro oso interesgarria. Batetik, aurrerapen teknologiko eta zientifikoen aroa da. Bestetik, oraindik oso nabarmenak ditu aurreko mendeko erromantizismoaren eta bertan girotutako nobela gotikoaren ezaugarriak», adierazi du Moralesek.
Ideologikoki oso garai kontserbadorea da. «Senar-emazte heterosexuala da gizartearen zutabea eta balore hauek zurruntasunez kontrolatzen dira. Aldi berean kolokan jartzen duten gertaerak daude. Bi figura aipatuko nituzke. ‘Emakume berria’ hedabideen hitzetan, feminismoaren aitzindaria. Bere burua entzunarazten ari da. Hedabide tradizionalek baztertu egingo dute. ‘Drakula’-n hitz hauekin agertzen da. Pertsonaietako batek, Mina Murrayk, haren ezaugarriak ditu, nahiz tarteka bere burua desautorizatzen duen bere lidergoan».
Ordena kolokan
«Gizarte victoriarraren ordena kolokan jartzen du ‘emakume berria’-k, lausotu egiten dituela genero rolak, eta Oscar Wilderen epaiketa ‘Drakula’ nobela argitaratu zen garaian izan zen. Lagunak ziren bi egileak. Gaia presente zegoen gizartean eta berdin Stokerren bizitzan. Sexualitate ortodoxoaren gaineko zalantzak jarri zituen agerian Wilderen epaiketak. Gauzak ez diren pentsatu nahi zuten bezain irmoak», esanez osatu du testuingurua.
Banpiroak aurretik ere egon dira literaturan, animaltasunetik gertukoak. Egon ziren baita aristokrata seduzitzailearen moduko pertsonaiak. Drakula bien arteko nahasketa da. Modernitataren eta gotikoaren arteko kontrasteari bigarren hau gehitzen zaio. «Erdi animalia, erdi gizona, erdi hila, erdi bizia» den Drakula aurkituko du irakurleak Bram Stokerren liburuan. «Higuingarria da eta era berean magnetismo eutsi ezina. Berak ere bitasun asko kolokan jartzen ditu. Kontraste festa da. Itxuraz ere androginoa da, masailezur sendoa ditu eta portaerari dagokionean ere anbiguoa da», azaldu du Moralesek.
Pertsonaien galeria koloretsua
Nobelak aurkezten duen «pertsonaien galeria koloretsua» aipatu du Moralesek. Cowboya eta psikiatra barne. Van Helsing doktorearen gidaritzapean Drakulari aurre egiten saiatuko dira. «Ongiaren patruila osatuko dute, Ingalaterrara iritsi den arriskuari edo horroreari aurre egingo diote. Abentura nobela bat ere bada».
Interesgarria da Moralesen iritzian munstroa aztertzea, bere aurpegiak ikustea, jakiteko gizartean edo autorearen gogoan zer zen beldurgarria. Jarioen trafikoa handia dago, odolarena batez ere. Aro viktoriarrean eta gurean kutsu erotiko nabarmena dauka horrek. Banpiroak biktimari haginka egitean enkontruen deskribapenek ezaugarri orgasmiko nabarmenak dituzte. Erakarpen eutsiezina sortzen du eta gonbidatu egin behar da etxera. Horrek ere ematen du zer pentsa».
Tabuekin eta perbertsioekin alderatu du. «Higuina eta erakarpen itzela sortzen ditu. Errurik gabeko bekatua egiteko aukera ematen du banpiroak».
Genero rolen trasgresioa
Genero rolen trasgresioaz aritu da. «Banpiroak haginka egiten dionean zer gertatzen zaio emakumeari? Lizuna eta haragikoia bihurtzen da, dominantea, begirada gogorrekoa, ez da eztia, emakume eta emazte victoriarrak izan behar lukeen bezala. Areago, ez zaizkio umeak interesatzen. Beno, bai, jateko. Ideal victoriarraren guztiz kontrakoa da».
«Oso aztoragarria» den eszena aipatu du itzultzaileak. «Menáge á trois bat da, oso aztoragarria izan behar zuena garaian. Penetrazioa, voyerismoa.. Drakulak zauria egiten dio bere buruari eta behartu egiten du biktima xurgatzera Gauza asko iradokitzen du culliningus, menstruazioa, edoskitzea. Kristauek eukaristian egiten dutena ere irudika dezakegu. Desio homoerotikoa iradoki dezaketen zertzeladan ere ikusten dira», komentatu du.
Liburuan Drakulak emakumeei bakarrik egiten die hozka. «Tabu handiegia litzateke. Gizonekiko erasoak zeharkakoak dira. Eta Drakularen eraginpean dagoen gizonezkoa feminizatu egiten da».
Egitura aldetik erakargarria iruditu zaio nobela Moralesi. «Narrazio kronologikoki jarraitua du baina ez tradizionala, dokumentu bilduma bezala aurkezten da. Hitzaurrean egileak dio dokumentuak –albisteak, gutunak, txosten medikuak, telegramak...–, benetakoak direla eta berak sailkatu bakarrik egin dituela, irakurleak jakin dezan ezer ez duela ez gehitu ez aldatu. True crime estilokoa du egitura sinesgarritasuna emateko. Ahots asko entzuten dira estilo eta genero desberdinetakoak, ez da zaila irakurtzeko».
Itzulpenean hainbat euskalki erabili ditu Moralesek. «Nabarmena da bigarren mailako pertsonaien hizkera, bost bat dira ingeles ez estandarra erabiltzen dutenak. Ez dira garrantzitsuak eta kolorea ematen diote kontakizunari. Niri iruditzen zait euskarak baduela hori islatzeko baliabiderik. Gaztelerazko eta frantsesezko itzulpenean ez da hau egiten. Nik aukera hori egin dut».

Sánchez, Abdul-Jabbar y una carrera por la pole entre EH Bildu y PNV

Los precios que publica Idealista ya están un 29% por encima de lo que firman los notarios

29N: Sánchez adelanta elecciones con la vivienda como ventana de oportunidad contra la derecha

Una violenta y fuerte tormenta inunda calles y provoca cortes de luz en Bilbo

