
Estatu mailan etxebizitzaren alde UGT eta CCOOk deitu duten greba orokorra dela eta, erronka honi erantzuteko prest dagoela adierazi du LABek eta «beste sindikatuekin deialdia adosteko lanean» ari dela gaineratu du.
ELAk, bestalde, ohar batean azaldu duenez, greba orokorra deituko du «etxebizitzaren gaiari heltzeko». Gauzak horrela, greba «Hego Euskal Herritik jorratzea lehenetsiko du» eta horretarako etxebizitza sindikatuekin eta beste eragileekin lanean dagoela gaineratu du. EAE eta Nafarroako gobernuek arlo horretan eskumen zabalak dituztela gogoratu ondoren, hurrengo egunetan grebari buruzko zehaztapenak emango dituela esan du ELAk.
«Etxebizitza lehen mailako kezka soziala da Euskal Herrian. Langile guztioi eragiten digu, eta etxebizitzaren garestitzea eta espekulazioa langileak pobretzeko eta langileen arteko arrakaletan sakontzeko arrazoi nagusietako bat da. Etxebizitza-krisiak ez die langile guztiei berdin eragiten. Emakumeek, bereziki guraso bakarreko familiek, langile migratuek eta arrazializatuek, gazteek eta diru-sarrera ezegonkorrak dituztenek, oztopo handiagoak dituzte etxebizitza duin bat eskuratzeko. Lehen mailako kezka soziala da Euskal Herrian», esan du ohar batean LABek.
Eskuin muturrari ateak ixtea
«LABek langileen aldeko politiken alde borrokatzen du, politika birbanatzaileak aldarrikatzen ditu. Hori da eskuin muturrari ateak ixteko bidea. Izan ere, bete-betean bizitzen ari gara talka bat: sakonean birbanaketa politika justuen, gehiengoen interesen, eskubideen zabalpenaren, eta, oro har, bizitzaren aldeko defentsa, batetik, eta pribilegiatuen, errentismoaren, negozioaren eta kapitalaren agenda erreakzionarioa, bestetik. Talka horretan, etxebizitza eskubidearen aldeko borroka, langileak pobretzeko eta prekarizatzeko elementu nagusietako bat izanik, agenda erreakzionarioari aurre egiteko borroka nagusietako bat bihurtu da», gaineratu du sindikatuak.
Udaberrian Hego Euskal Herrian soldata propioaren aldeko greba orokorra egin zela gogoratu du eta sindikalismo eraldatzailearen beharra nabarmendu du. Honekin batera, «etxebizitza eskubidearen alde, errentismoaren eta espekulazioaren kontra, maizterrak antolatzen eta ekintza sindikala» egiten ari dela ekarri du gogora LABek.
«Etxebizitza larrialdiari aurre egiteko egiturazko neurriak behar dira, eta horretarako presio egin behar da. Ardura du Espainiako Gobernuak, baita EAEko eta Nafarroako gobernuek ere. Asteburuan maizterrekin batera antolatutako mobilizazioetan esan bezala, kalean, lantokietan eta instituzioetan presioa areagotzeko momentua da. Eskubide berriak irabazteko bidean, LABek ez du hutsik egingo», gaineratu du.
Kritika EAJri
«EAJk, orain arte, argi erakutsi du Madrilen noren interesak defendatzen dituen: higiezinen patronalaren eta, finean, espekulatzaileen alde aritu dira jeltzaleak. Hego Euskal Herrian, berriz, etxebizitzaren eskubidearen eta gutxieneko soldata propioaren aldeko neurriei bizkarra eman diete. Horregatik, LABek EAJri exijitzen dio Madrilen zein Euskal Herrian langileei bizkarra ematen dioten politikak ezartzeari uko egiteko. Norabide horretan, Madrilen posible ez diren aldaketak Euskal Herrian posible egiteko aukera dagoela uste du LABek, egiturazko aldaketak, eta norabide horretan neurriak hartzeko exijitzen die EAEko eta Nafarroako gobernuei», eskatu du LABek.
Hauen artean, alokairu mugabeak ezartzea eta extebizitza prezioak jaisteko esku hartzea, etxegabetze gutziak gelditzeko konpromisoa, funts putreen eskuetan dauden etxebizitzak berreskuratzeko neurriak eta errentismoa elikatzen duten politika publikoekin amaitzea aipatu ditu.

Ha cambiado el viento y, si se acierta, no es imposible ganar el pulso a la derecha

Pide judicialmente no repetir curso con tres suspensos, tras la polémica resolución de la PAU

Sánchez, Abdul-Jabbar y una carrera por la pole entre EH Bildu y PNV

29N: Sánchez adelanta elecciones con la vivienda como ventana de oportunidad contra la derecha

