
‘NAZA’ izenburua Israelgo inteligentzia-zerbitzuek erabilitako akronimo militar ba da. Gazako bonbardaketetan «albo kalteak edota biktimen kopuru onargarria» izendatzeko erabiltzen duten termino beldurgarria da. Yuval Abraham eta Rachel Szor zinemagile israeldarrek zuzendutako dokumentalari ere izena ematen dio. Donostia Zinemaldiko Perlak sailean eta Venezian estreinatu ondoren, zinemetara iritsiko da. ‘The Guardian’-ek eta JW Filmsek ekoiztutako filma da, Jonathan Glazer izanik ekoizle exekutiboa.
Tel Aviveko teilatuetan gauez grabatutako filmak zehatz-mehatz erakusten ditu Israelgo gobernuak Gazan palestinarren aurka gauzatutako sarraski neurtuaren eta masiboaren atzeko hariak. Erabateko anonimotasunean grabatu dituzte 24 militar eta militar ohi israeldarrekin egindako elkarrizketak, Tel Aviveko teilatuetan, inork identifika ez zitzan. Ahotsa ere digitalki aldatu diete.
«Ez dugu esaten zenbat haur edo emakume hilko diren; 15 NAZA esaten dugu»; «Gaza mapatik ezabatu behar da. NAZA horiek ez ziren arazo bat; hori zen helarazten zigutena». Horiek dira, besteak beste, Yuval Abraham eta Rachel Szorrek dokumentalean elkarrizketatutako Israelgo Armadako eta inteligentziako 24 kideen testigantzetako batzuk.
‘NAZA’-k Venezian izandako oihartzun handiak Benjamin Netanyahuren Gobernuaren eta haren eskuin muturreko ministroen haserrea eragin zuen. Miki Zohar Kultura ministroak «estatuaren aurkako traizioa» leporatu zien Abraham eta Szorri.
Bi zinemagileei babesa adierazteko, eta Zinemaldiaren testuinguruan, Cinema With Palestine plataformak deituta, elkarretaratze jendetsua egin zuten Kursaaleko alfonbra gorrian. Bertan izan ziren Josa Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendaria, baita hainbat zinemagile eta aktore ezagun ere.
Interneten doan
Zinemetatik igaro ostean sortzaileek baieztatu dute filma azaroan doan argitaratuko dutela Interneten. «Badakigu filma ikusteko eskaera izugarria dela, eta espero dugu horrela denek laster ikusi ahal izatea, dela zinema-aretoetan, dela Interneten».

Entre renovación, descontrol y escabechina

Estebanen iritziaren aurka, BBBk Ibone Bengoetxea hautatu du Bizkaiko ahaldun nagusigai

El TSJPV da la razón a EHU en la causa por la nota de euskara en la PAU

Sánchez, Abdul-Jabbar y una carrera por la pole entre EH Bildu y PNV

