
Olivia Wilderen film berria Cesc Gay sortzaile kataluniarraren ‘Els veïns de dalt’ antzezlanaren egokitzapena da; gerora, Gay-k berak sortutako ‘Sentimental’ filmaren oinarri ere izan zen. Zergatik erakartzen gaituzte hainbeste besteen bizitzek? ‘The Invite’, Wildek zuzendutako hirugarren film luzea, galdera horretatik abiatzen da.
Joe eta Angela (Seth Rogen eta Olivia Wilde) etxeko errutina itogarri batean bizi dira. Egun batean, Angelak Piña eta Hawk (Penélope Cruz eta Edward Norton), goiko bizilagunak, afaltzera gonbidatzen ditu. Eta hor hasten da dena. Afari arrunt bat izan behar zuena, poliki-poliki, beste zerbait bihurtzen da. Elkarrizketa zorrotzez mozorrotutako duelua. Ardo eta barre artean, tentsioaren ertzean, sexuaz, desiraz, fideltasunaz eta bikote gisa bizirik irauteko moduez hitz egiten dute. Batzuetan zuzenean; gehienetan, zeharkako gezi pozoidunak jaurtiz.
Lehen begiratuan, bikoteen inguruko komedia sexual arrunta dirudi, baina Wildek badaki lur labainkorrean barrena ibiltzen. Filma kokaleku bakarrean eta lau aktorerekin eraiki du, eta horrek pertsonaien arteko hurbiltasuna areagotzen du. Etxeko espazio itxiak, gainera, gero eta estuagoa bihurtzen du giroa: hasieran arina eta dibertigarria dirudien afaria pixkanaka deserosoago bihurtzen da.
Esaten ez direnak
Filmak, beraz, ez du soilik bikoteen arteko desioaz edo sexuaz hitz egiten. Harreman batean isiltzen den horretan jartzen du arreta. Zuzendariak bikoteak zeharkatzen dituzten eguneroko tentsioen esplorazio gisa deskribatu du filma. Izan ere, filmaren oinarrian dagoen premisaren arabera, gai deserosoak saihesteak pertsonak elkarrengandik urrundu ditzake.
«Ezinezkoa da... Tira, ez da ezinezkoa, baina uste dut batzuetan oso zaila dela pertsona bakar batekin luzaroan harremana izatea elkarrizketa zail hauek izan ezean. Eta horiek dira, hain zuzen ere, pelikulan jorratzen direnak», adierazi du zuzendariak.

El PP elige a un joven muy activo en redes en busca de un escaño por Gipuzkoa 15 años después

El PNV alude a riesgo de «terrorismo» tras dos detenciones de la Ertzaintza rumbo a la AN

El rentismo tiene premio fiscal en Hego Euskal Herria

Enfado en Geroa Bai por quedarse fuera de la papeleta conjunta PSN-FA para el Senado

