
Nafarroa Oinez asteburu honetan ospatuko da, Erentzun eta San Fermin Ikastolek elkarrekin antolaturik. Bi ikastolen arteko lotura sinbolizatuz, jaia Zizur Nagusitik Vianara doan bidearen hasieran antolatuko da, hiru gunetan banatuta: bi, zelaiguneetan; eta bestea, Zizur Nagusiko Luis Ibero plazan. Gune bakoitzak programazio eta jarduera propioak izango ditu, baina guztiak Nafarroa Oinez beraren barruan egongo dira, euskararen aldeko festa eta komunitatea elkartzeko helburua partekatzeko.
Aurtengo Nafarroa Oinezen berezitasun nagusia, beraz, ibilbidearen antolaketa izango da. Bi ikastolen errealitatea eta tamaina desberdinak badira ere, helburu bera partekatzen dutela nabarmendu du Erentzun Ikastolako lehendakari den Marta Tejadak: «Nafarroan euskararen berreskurapen eta normalizazio prozesuan aurrera egitea». Horixe izango da, hain zuzen, urriaren 18ko jaiaren atzean dagoen aldarri nagusia.
Bi guneetan egingo diren jardueren bidez, aurtengo Oinezek, bi ikastolen komunitateak elkartzeaz gain, euskararen alde diharduten eragile gehien bildu nahi ditu. San Fermin Ikastolako lehendakari den Eider Sagastibeltzak azaldu duenez, Oinez 26 «anbizio guztiz» antolatzen ari dira, «euskaldun eta euskaltzale ororen topagune izan dadin».
Horretarako, ikastolen komunitatetik harago begiratu dute. Sagastibeltzak «eragile, instituzio eta euskaltzale guztion arteko elkarlana sustatzeko» beharra azpimarratu du, eta helburua «indarrak biltzea» dela adierazi digu, Oinez 26 «euskararen jai erraldoia izan dadin eta euskararentzako etorkizun oparoa erein dezagun».
Gure hizkuntzaren normalizazioaren aldeko lana, ordea, ez dute ikastolen zeregin soiltzat jotzen. Marta Tejadak «erronka kolektiboa» dela azpimarratu du: «Euskararen etorkizunak indarrak biltzea eskatzen baitu, zonifikazioa bertan behera utzirik, euskaldunon hizkuntza eskubideak Nafarroako edozein lekutan bermatzeko». Bi herritan aldi berean egingo den festa honek aldarri hori Nafarroako eremu desberdinetara zabaltzeko aukera ere eskainiko du.
Sei hamarkadatako lana
Nafarroako ikastolen ibilbideari begiraturik ulertzen da aldarri horren atzean dagoen testuingurua. Lehen ikastolak 1960ko eta 1970eko hamarkadetan sortu ziren, euskarazko hezkuntza eta euskal kulturaren transmisioa bermatu ahal izateko. Sei hamarkadatan zehar egindako lan ikaragarria aitortu dute antolatzaileek, eta Tejadak nabarmendu du ikastolek egindako ekarpena «ezinbestekoa izan dela, orain ere badela, eta aurrerantzean ere izanen dela».
Ibilbide horrek fruituak eman baditu ere, oraindik lan handia geratzen dela nabarmendu dute. Izan ere, «bide luzea da euskararen normalizazioa». Hori dela eta, ikastolen egitasmoa geroari begira pentsatutako proiektua dela argudiatu du Sagastibeltzak: «Gureak etorkizuneko proiektua izaten jarraitzen du, euskararen eta euskal kulturaren transmisioa bermatze aldera».
Aurtengo Oinezen izaera kolektiboa hainbat eragileren parte hartzean ere nabarmenduko da. Bi ikastoletako ikasle, guraso eta irakasleekin batera, Adacen, Aspace, Down Sindromearen Elkartea, Partaide, Zaporeak, Ultreya Berri, Garrayoa Antzerki Taldea, Vianako Jubilatuen Elkartea, Club Atletico Vienes, Viana Trekking eta AIKEk bat egin dute egitasmoarekin.
Horrela, gaurkoan, hiru plaza izango dira Nafarroa Oinezen agertoki, Zizur Nagusia-Ardoi eta Galar ingurua zeharkatuko duen ibilbidea ardatz hartuta, Erentzun eta San Fermin Ikastolak lotuko dituztenak. Gune bakoitzak bere programazioa eta bere jarduerak izango ditu, bai, baina helburu eta ospakizun berbera. Bi ikastolen arteko elkarlanetik abiatuta, bi herri horietako komunitateak eta Nafarroako euskararen aldeko eragileak egun berean elkartzea izango da 2026ko Oinezen erronka.
60ko hamarkadatik euskarazko hezkuntzaren alde
«Bidean bat gara» leloak ezin hobeto laburbiltzen du Vianako Erentzun eta Zizur Txikiko San Fermin ikastolen arteko lotura, baina baita bi ikastolen historiak belaunaldiz belaunaldi partekatzen duen konpromisoa ere.
1960ko hamarkadan, euskararen presentzia publikoa eta hezitzailea oso mugatua zen Nafarroa aldean. Testuinguru hartan sortu ziren lehen ikastolak, familiek, euskaltzaleek eta komunitateek bultzaturik. Hezkuntza euskaraz eskaintzea ez zen soilik hezkuntza aukera bat, hizkuntza eta kultura bizirik mantentzeko eta etorkizuneko belaunaldiei transmititzeko apustu bat baizik.
1965ean abiatu zen San Fermin Ikastola, herritik sortutako kooperatiba gisa. Urteek aurrera egin ahala, proiektua sendotu eta hezkuntza eskaintza handitu zen; 1978an, BBB (Batxilergo Bateratu Balioaniztuna), garai hartako bigarren hezkuntzako ikasketen etapa, ezarri zuten, eta Nafarroan euskaraz bigarren hezkuntza eskaintzen zuen ikastetxe bakarra bilakatu zen.
Hamarkada berean, beste herri batzuetan ere ari ziren ereiten euskarazko hezkuntzaren haziak. Vianan, 1978an, hamazazpi ikaslerekin ireki zituen ateak Erentzun Ikastolak. Guraso kooperatiba baten ekimenez sortua, hasiera-hasieratik izan zuen helburu argia: euskaraz heztea, euskal kultura sustatzea, Vianan eta inguruko herrietan euskararen erabilera eta transmisioa bultzatzea.
Bi ikastolen hasierako egoerak oso ezberdinak baziren ere, erantzuna ematen zioten garai bateko behar bati. 1970eko hamarkadatik aurrera, berriz, ikastolen mugimenduak urrats garrantzitsuak egin zituen eta familiek eta komunitateek sortutako proiektu haiek, pixkanaka-pixkanaka, hezkuntza sare sendo bihurtzen joan ziren.
San Fermin Ikastolak 1990ean UBI (Unibertsitaterako Bideratze Ikastaroa), unibertsitatera sartzeko prestakuntza etapa, ezarri zuen, 32 ikaslerekin. Urte hartan, unibertsitatera sartzeko proba euskaraz egin ahal izatea lortu ondoren, ikastolak euskarazko bigarren hezkuntzaren eskaintza osatu zuen. Geroago, berrikuntza pedagogikoaren, nazioartekotzearen eta ikaslearen garapen integralaren aldeko bidea sakondu zuen.
Erentzunek, berriz, bere proiektua sendotu zuen Viana aldean: 1992an Nafarroa Oinez hartu zuen, 1995ean El Cueto gaineko instalazio berriak inauguratu zituen, eta 2006an legeztatu eta itundu zen.
Gaur egun, bi ikastolek tamaina eta errealitate desberdinak dituzte, baina ibilbide bereko bi adar dira. San Fermin Ikastolak 1.500 ikasle inguruko komunitatea osatu du; Erentzunek, berriz, ehun ikasle baino gehiago eta 96 familia biltzen ditu.
2026ko Nafarroa Oinez, beraz, iraganetik jasotako lekukoa elkarrekin hartzeko eta etorkizunera eramateko deiadar bilakatuko da. Duela hamarkada batzuk lehen urratsak egin zituzten haiek bezala, gaurko ikastolek ere aurrera egiten jarraitzen dute, adorez, herrigintzaz, profesionaltasunez.

Blocus, la ‘mano negra’ violenta que confunde a los Mossos y lanza mensajes en Euskal Herria

69 fallecidos ya en Toledo por otro accidente en el AVE atribuido a un error humano

La reivindicación de la República Vasca responde a la visita de Felipe de Borbón a Mondragon

Las potentes movilizaciones antifascistas echan atrás al agitador Vito Quiles en Bilbo
