Podiumik gabeko erronka, euskara helmugan
2026ko Nafarroa Oinezen aurrekaria izan zen Oinez Krosa lasterketa herrikoia: 500 bat lagunek hartu zuten parte Zizur Nagusian, kirola eta euskara uztartuz. Gaur, bide horrek Nafarroa Oinezen du helmuga.

Irailaren 19an, Zizur Nagusia ehunka lagunen topagune bihurtu zen. 500 lagun baino gehiago bildu ziren aurtengo Nafarroa Oinezen testuinguruan antolatutako Oinez Krosa lasterketa herrikoian. Korrika, tipi-tapa, familian edo lagunartean, nor bere erritmoan, parte hartzaileek zangoak astindu zituzten euskararen eta euskarazko hezkuntzaren alde.
Ez zen ohiko lasterketa bat izan. Ez zegoen podiumik, ez sailkapenik, ezta saririk ere. Eta, hala ere, bazegoen helmuga bat. Edo, hobeto esanda, bazegoen helmuga partekatu bat: euskararen aldeko bidean aurrera egitea eta gure hizkuntzaren alde diharduen komunitatea elkartzea. Horixe izan zen Oinez Krosaren benetako erronka, eta horixe ere bada, gaur, urriaren 18an, Zizur Nagusian ospatzen ari den Nafarroa Oinez 2026 festa handiaren atzean dagoen helburua.
Oinez Krosa ez zen, horrenbestez, irailaren 19an egindako ekimen isolatu bat izan, 2026ko Nafarroa Oinezera iristeko egindako urratsetako bat baizik; “bidean bat gara” aurtengo edizioaren leloaren barruan txertatutako zerbait, alegia: oso ezberdinak izan arren, norabide berean aurrera egitea, eta euskararen inguruan komunitatea eraikitzea.
Krosean parte hartu zutenek hiru ibilbideren artean aukeratu ahal izan zuten: kilometro batekoa, bost kilometrokoa eta 8,5 kilometrokoa. Horrela, ekimena adin eta erritmo guztietara egokitu zen. Batzuek lasterka egin zuten; beste batzuek, astiro. Zenbaitek erritmo bizian bete zuten ibilbidea; beste hainbatek, berriz, patxadaz, familia edo lagunartean, inolako presarik gabe.
Hor dago, hain zuzen ere, kros horren berezitasuna. Berdin zion aurrena edo azkena iritsi. Kirola aitzakia bihurtu zen herritarrak elkartzeko, kalea partekatzeko, euskararekiko konpromisoa agertzeko. Parte hartzea bera izan zen emaitza; komunitatea, saria.
HILABETETAKO LANA
Irailaren 19ko parte hartze zabalak argi eta garbi erakutsi zuen Nafarroa Oinez ez dela urriaren 18an ospatzen den ekitaldi bakarrera mugatzen. Festa gaur gauzatuko bada ere, haren atzean hainbat hilabetetako lana, ekimenak eta topaketak daude.
Horregatik, atzera so eginda, Oinez Krosak badu esanahi berezia. Irailean ehunka lagunek Zizur Nagusiko kaleetan egindako ibilbideak gaurko Nafarroa Oinezerako bidea prestatu zuen. Krosean elkartu zen komunitateak gaur jarraituko du bidea, beste modu batean eta beste dimentsio batean, baina helburu berarekin.
Aurretiazko ekimen hura gaurko festarekin lotzen da eta biek partekatzen dute ideia bera: euskararen aldeko bidea elkarrekin egiten dela. Eta 2026ko Nafarroa Oinezen egunean, milaka urratsek erakusten dute bide horretan aurrera jarraitzeko gai garela.

Frente Amplio y Podemos no logran un acuerdo global y el PSOE pacta un frente para el Senado

EH Bildu propone sus candidatos para el 29-N: Matute, Otero, Etxebarrieta y Maiz

Asiron, tras los incidentes por Vito Quiles: «Tengo muy claro de dónde vino la provocación»

La provocación de Quiles con un acto fallido genera cargas y heridos en Iruñea
