
Joan den irailean aipatzen genuen Eneko Carreterok zirkulu bat itxi zuela ‘Zeleputza’ ibilbidearekin; aurretik ‘Celedon’ zuen. Biak ala biak 9a mailakoak. Hain zuzen ere, maila horretako lehen bi lerroak dira gipuzkoarrarentzat eta, gainera, eskalada murru berean lortu ditu: La Leze (Ilarduia).
Hirugarren 9a iritsi berri zaio, baina beste eskalada eremu batetik: Baltzolatik. Hortaz, badirudi Carretero zailtasun horretan sendotzen ari dela. ‘Il domani’ bidea izan da eskalatzaile gazteak aukeratuko proiektua eta kateatu berri duena. Berez, Baltzolako ibilbide horretako mugimendu zailenek ez diote «buruhauste» handirik eragin. Bai, ordea, prozesuan zehar izaniko etenek.
Carreterok adierazi digu betidanik ‘Il domani’ buruan izan duela: «Orain dela pare bat urte probatu nuen lehen aldiz. Uste dut Euskal Herrian dugun bide ospetsuena dela. Estatu espainiarrean ere, eskalatzaile askok ezagutzen dute, besteak beste, historikoki izan duen oihartzunagatik. Bai, 9a mailako lehenbiziko proposamenen artean ‘Il domani’ zegoen. Bide ederra izateaz gain, Euskal Herriko eskalatzaile mitiko batzuek egin dute: Patxi Usobiagak, Iker Pouk edo Iban Larrionek. Eta ginga jartzeko, Adam Ondrak bistan egin zuenean, mundu mailan izen handia hartu zuen ‘Il domani’-k. Eta nire izena horien artean egotea, bada ilusio handia egiten dit».
Zumaiarrak Baltzolako 9a horretan izan duen prozesuari dagokionez, aurreratu dugu faktore ezberdinengatik ez duela behar bezalako jarraitutasuna izan: «Duela bi urte lehen bisita egin nion, baina tarte horretan eten asko egin ditut. Beti zer edo zer pasa zait: motibazio falta, lan asko, probatzen hasi eta lesionatu… Horregatik maiz prozesua bertan behera uztera behartuta egon naiz. Hortaz gain, badakizu Baltzolan kondizio egokiak aurkitzea oso zaila dela. Azken bisita hauek kontuan hartuta, nahiko azkar egin dut. Iaz, adibidez, oso gertu neukan, baina lesionatu nintzen, eta orain arte ezin izan naiz itzuli. Duela pare bat aste joan eta lehen egunean ikusi nuen gertu nuela. Jakina, aldez aurretik eginiko ekinaldiek oinarria eman zidaten. Ohartu naiz ere, sasoiko eta arrokan sendo nagoela. Aurreko egunetan arrakasta gertu izan nuen, baina bero egiten zuen. Berez, hotz gehiago behar nuen blokea gainditzeko, eta kateatu nuen egunean hotz gehiago egin zuen. Azkenean, katera erorikorik gabe heldu nintzen».
«Bide ederra»
Carreterok adierazi du, ‘Il domani’, bide enblematikoa izateaz gain, asko gustatu zaiola: «Bide hori kosta egiten da egitea. Ez da soilik erresistentzia kontu bat. Gerta daiteke hasieratik ondo bideratzea edo kontrako eztarritik sartzea. Ni hasieratik ondo egokitu nintzen. Garrantzitsuena da blokera fresko heltzea, ze aurretik 30 mugimendutako 8b mailako tarte bat gainditu behar da. Jakina, helburua hor gehiegi ez nekatzea da; izan ere, blokea baino lehenago ez duzu atseden leku askorik».
‘Il domani’-ren mailari dagokionez, igotzaile guztiek ez dute zalantzarik izan 9a bezala aurkezteko, eta Carreterok berak bat egin du iritzi horrekin. Eta hori aipatzen dugu irailean ‘Zeleputza’ 9a+ mailatik 9a-ra jaitsi zuelako. «Zalantzarik ez dut: 9a da. Lerroaren erdian bloke hori edukitzeak galbahe handia egiten du. Kontuan hartu behar da ere, 9 mailan beti egon dela oso sendo».
‘Il domani’-rekin Carreterok 9a mailako hiru bide ditu, eta, irakurtzen den bezala, badirudi sendotzen ari dela maila hori. Galdetu diogu zailtasunean beste urrats bat egiteko prest dagoen edo maila hori sendotzen jarraituko duen. Honako erantzuna eman digu eskalatzaileak: «Motibatuta nago bide gogorragoak probatzeko, baina Euskal Herrian 9a mailatik gora konfirmatutako bide gutxi daude. Baltzolan bertan ‘Iñi Amerkietan’ (9a+) hasiko nahiz probatzen, eta gero etorriko dira beste proiektu batzuk. Denbora ateratzen badut motibatuta nago Herrialde Katalanetara joateko eta maila handiagoko bideak ikusteko eta probatzeko. Eta gero gerokoak. Oraindik bide asko ditut flash eran eta bistaz egiteko. Eta boulderra ahaztu gabe».

La Ertzaintza desahucia con extrema violencia a una familia con seis menores en Gasteiz

Ansola tiró de consultora y descartó a Bengoetxea para Bilbo porque «no ilusiona»

El juez encarcela a los dos detenidos en Irun, imputados por «terrorismo» pero sin pruebas

Aitor Esteban se marca un Alberto Núñez Feijóo, quien no fue presidente porque no quiso

