Paseo bat gizartearen ertzetatik

Kamio, Soleko kanpalekuko irudiei begira ari zara; adi jarraitzen diezu handik iristen diren berriei. Askotariko jendea ikusten duzu telebistek eskaintzen dituzten grabaziootan. Kultura aniztasuna etorri zaizu burura, eta bizi zaren auzoan egunero gurutzatzen zareten ijito, beltz, hegoamerikar eta enparauak behatu dituzu autobus geltokiaren parean geratzen zaizun leihotik. Haietako batzuk agurtzen dituzu karrikan parez pare dauzkazunean, eta horrek zure identitate zuri-euskaldun-abertzalearen jabegotza berrestera eramaten zaitu. Bihotz onekoa zarelakoan zaude, nahiz eta badakizun parekidetasunetik begiratzea dela legokizukeen ariketarik behinena. Zintzoena. Eta konplikatuena.
Solera itzuli duzu arreta. Jende «alternatiboa» ikusten ari zarela iruditu zaizu, kanonetatik urrun samar geratzen den estetika delako, agian, atentzioa gehien eman dizuna. Zu eta zure irakurketa makurrak, berriro. Zikinkeria darabilzu buruan, eta metro geltokia itxiko duela esan dizu Madrilgo presidenteak, kanonizatuen izenean.
Gizartea haserretu egin da etxebizitzaren aferarekin, eta suminduen ageri direnak dira marjinatan bizi diren norbanako eta kolektiboak. Noiztik deitzen zaio, beraz, alternatibo ertzetan dagoen horri?
Pareko etxean bizi den familiako ama hil da berriki. Azal beltzekoa du senarra, 60ko hamarkadan Cabo Verdetik Euskal Herriratutako gizasemea. Kolore berekoak ditu seme-alabak, ez behin ez bitan beltzaran izatearen zama marjinala soinean eraman dutenak. Amak etxean hil nahi zuela eta azken unera arte izan dute haiekin, sufrimendu betean, semeak egoera lazgarriari ezin gehiago eutsi eta larrialdietara deitu duen arte. Erietxean sedazioa eman eta hiru ordutara pausatu da. Kamio, laguntza aringarrietara iristen ez diren bizilagunak dituzu inguruan, eta marjinatako lerroa are markatuago geratu da zure kontzientziaren koadernoan. Izan ere, ez duzu Soleraino joan behar gizartearen ertzetatik paseo bat emateko.

El juez encarcela a los dos detenidos en Irun, imputados por «terrorismo» pero sin pruebas

El PP elige a un joven muy activo en redes en busca de un escaño por Gipuzkoa 15 años después

El PNV alude a riesgo de «terrorismo» tras dos detenciones de la Ertzaintza rumbo a la AN

El rentismo tiene premio fiscal en Hego Euskal Herria

