Laugarren egunean sartuko da gaur jaialdia, Nazioarteko film laburren maratoiak irekiko duen jardunaldian. Hamar film laburrez osatutako saioaren ondoren, programazioak beldurrezko zinemaren bi ikuspegi kontrajarri eskainiko ditu: Alemaniako ‘Bloody Tennis’ filmak eliteko tenisaren mundua eta haren indarkeria muturrera eramango ditu; Mexikoko ‘El diablo sabe tu nombre’ filmak, berriz, deabrutze-kasuen eta exorzismoen iluntasunean murgilduko du ikuslea.
Tenisa eta odola
Sophie da ‘Bloody Tennis’ filmeko protagonista, Europako hegoaldeko bazter ezkutu batean kokatua dagoen eliteko tenis-akademia batean onartu duten gaztea. Han, lehia basatiari eta erakundearen baitan ezkutatzen diren botere-harreman gero eta ilunagoei egin beharko die aurre.
Zuzendariak berak azaldu duenez, «tenisaren inguruko dinamismo fisikoa, monotonia hipnotikoa eta elitismoa uztartzea interesatzen zitzaidan. Indarkeria elementu horien deformaziotik sortzen da, ez haiek ukatzetik».
Horregatik, akademia, beldurrezko eszenatoki izateaz harago, erakunde itxi moduan aurkezten da, bertan sartzen direnen gorputza, desira eta pentsamoldea kontrolatu nahi dituen komunitate bat. Kirol profesionalak beldurra lantzeko material ezin hobea eskaintzen du: muturreraino eramandako gorputzak, agintea gehiegikeriarekin nahasten duten entrenatzailea, norberaren identitatea garaipenaren mende jartzen duten nerabeak eta sakrifizioa bertute bihurtzen duen industria. Hortik abiatuta, film deseroso eta kezkagarri bat eraikitzeko aukera ugari zituen Chryssosek.
Baina ez da horrela. Akademiaren barneko kontraesan psikologikoak arakatu beharrean, filmak nahiago du dena agerian utzi, errotuladore gorriz azpimarratuko balu bezala. Irudi groteskoak eta indarkeria gero eta muturrekoagoa bilakatzen da, baina gehiegikeria horrek ez du inolako ekarpenik egiten. Odolak hartzen du protagonismoa, eta kontakizunak, bitartean, indarra galtzen du. Pelikulak tenisaren ikonografia erabiltzen du, baina ez du haren berezitasun dramatikoetan behar beste sakontzen.
Estiloa edukiaren gainetik jartzeko joera horrek Dario Argento bezalako zinemagileen eragina agerian uzten du, baina erreferentzia estetikoak ez dira nahikoa film bati eusteko. Argento maisua da giroa, espazioa eta tentsio bisuala pixkanaka eraikitzen. Chryssosen kasuan, ordea, irudi deigarriak ez dira gidoiaren zerbitzura jartzen. Estetika badago, baina ez du ikuslea harrapatzeko behar den koherentzia narratiborik.
Umore beltzak ere ez du filma salbatzen. Zentzugabekeria baliabide eraginkorra izan daiteke beldurrezko generoaren konbentzioak hankaz gora jartzeko, baina probokazioak zehaztasuna behar du eta batez ere zentzua. Hori falta denean, absurdoa eta groteskoa dena, istorioaren hutsuneak estaltzeko baliabide errazegia bihurtzen da.
‘Bloody Tennis’ ideia iradokitzaile batetik abiatzen da, baina gehiegikerien pilaketaren azpian lurperatuta amaitzen du. Pertsonaien ñabardura faltak, gorearen errepikapenak eta egitura dramatikoaren ahuleziak probokazioa benetan kezkagarria eta gogoangarria izatea eragozten dute.
Irudi batzuek badute ikuslea aztoratzeko indarra, eta proposamenak nortasun bisuala ere badu. Baina ez da nahikoa, ikusleari zerbait esateko gaitasuna ere behar da. Gehiegikerian galtzen den film bat da: esateko asko duen premisa, baina hura garatzeko behar adinako heldutasun narratiborik ez duena. Zarata handia, odol asko, baina ideia gutxi.
Deabruak gure izena daki
William Friedkinen ‘The Exorcist’ filmetik gaur egun arte exorzismoei buruzko filmen indarra hiru elementuren arteko talkatik etorri da batik bat: gorputzaren hauskortasuna, Elizaren autoritatea eta arrazoimenak azaldu ezin duenaren agerpena.
Andres Beltran zinemagileak zuzendutako ‘El diablo sabe tu nombre’ film mexikarrak deabrutze-kasuen eta exorzismoen munduan murgiltzen du ikuslea. Mariel eta Tino, krimen kezkagarrietan espezializatutako dokumentalista bikotea, umezurztegi batean gertatutako tragedia bat ikertzen ari dira. Gisela izeneko gazte batek sutea eragin omen zuen haurrak zeuden logela batean. Ikerketak Romanengana eramango ditu, Vatikanoaren baimena duen exorzista batengana; haren esanetan, Gisela deabruak hartuta zegoen, eta berak egin zion exorzismoa.
Dokumentalaren eta fikzioaren arteko mugan kokatzen da filma, eta found footage baliabidea erabiltzen du kontakizunari sinesgarritasun dokumentala emateko.
Abe Rosenberg ekoizlearen hitzetan, «proiektuak beldurrezko generoaren ohiko osagaiak gaur egungo Mexikoko errealitate sozialarekin uztartzen ditu». Haren ustez, «emaitza esperientzia zinematografiko sinesgarria, freskoa eta ikusleentzat entretenigarria da» .

Una joya microscópica en la mano del neandertal de Abauntz

Descendientes de cátaros y sin rasgos diferenciales, el ADN aclara el misterio de los agotes

Hasta tres escaños podrían bailar en el limitado juego del 29N vasco

El Athletic se lleva el derbi, marcado por otro polémico penalti (2-1)

