Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Gasteiz astindu zuen hiltzailearen istorioa

‘SACAMANTECAS’
Euskal Herria, 2026. 109’. Zuzend.: David P. Sañudo. Gidoia: Sergio Granda, David P. Sañudo. Akt.: Antonio de la Torre, Patricia López Arnaiz, Josean Bengoetxea, Eneko Sagardoy. Musika: Beatriz López-Nogales. Argaz.: Kenneth Oribe.

Antonio de la Torre, Juan Díaz de Garaioren rola jokatzen du
Antonio de la Torre, Juan Díaz de Garaioren rola jokatzen du ( La Claqueta PC, Amania Films)

Donostia Zinemaldian estreinatu ondoren, zinemetara iritsiko da ‘Sacamantecas’, David P. Sañudo bilbotarraren hirugarren film luzea. Aurretik, ‘Ane’ eta ‘Azken erromantikoak’ filmak zuzendu ditu. Hamar urteko lan-prozesu neketsuaren emaitza da lana. Sañudok eta Sergio Grandak Asier Guerricaechevarriak eta Joanes Urkixok aurrez idatzitako testu bat hartu dute gidoiaren abiapuntu.

XIX. mendeko Gasteizen Juan Díaz de Garaiok egindako hilketetan oinarritzen da ‘Sacamantecas’. Bigarren Karlistaldia amaitzear dagoela, emakume batzuen gorpuak agertuko dira hiriburuaren kanpoaldean, itota. Haietako baten ahizpak, Angela Berrostegietak, justizia bilatuko du, eta hilketen egilea Juan Díaz de Garaio nekazaria dela frogatzen saiatuko da. Bien bitartean, Pío Pinedo aguazilen buruak hainbat oztopori egin beharko die aurre: gerra garaiko baliabide faltari eta agintarien presioei. Izan ere, agintariek nahiago dute hilketak ezkutuan geratzea.

Sañudoren hitzetan, «’Sacamantecas’ orain arte egin dugun filmik anbiziotsuena da. Badakigu thriller honek Euskal Herrian piztu duen ikusmin handia, eta ziur gaude kondairari egingo diogun ekarpenak ikusleak XIX. mendera eramateko aukera bikaina eskainiko duela».

Filma euskaraz eta gaztelaniaz filmatu dute. Aktore-zerrendan, besteak beste, Antonio de la Torre, Patricia López Arnaiz, Josean Bengoetxea, Eneko Sagardoi eta Haizea Carneros daude.

Aktoreen aukeraketari buruz ere hitz egin du Sañudok. «Angela Berrostegietaren pertsonaia Patricia López Arnaizengan pentsatuta idatzi nuen. Antonio de la Torre ere ezagutzen genuen, eta argi genuen bera nahi genuela. Josean, berriz, casting-ean parte hartzera gonbidatu genuen, orain arte ez baikenuen halako paperetan ikusi. Haizea filmatu genuenean adingabea zen. Berak erakutsitako sentsibilitatea, heldutasuna eta determinazioa nabarmenduko nituzke», azaldu du zuzendariak.