Abascalek ‘La Revuelta’ saioan lortutako lurrari sua eman dio, Jordi Wildi uko eginez

Santiago Abascal indartuta atera zen astelehenean Estatu espainoleko telebista publikoko ‘La Revuelta’ programatik. Orain, ordea, Jordi Wilden podcast famatura joateari uko egin dio ultraeskumako liderrak eta, ondorioz, Broncanoren aurka lortutako abantaila galdu du. Baina, nor da Jordi Wild?

Santiago Abascal ultraeskumako Vox alderdiaren liderra
Santiago Abascal ultraeskumako Vox alderdiaren liderra (Europa Press)

Goitibeherako astea bizi izan du Vox alderdiko ultraeskumako liderrak. Astelehenean, noraezean (berak aitortuta) zebilen David Broncanoren aurrean, TVEtik indartuta atera zen, Estatuko telebista publikoan bere diskurtso matxista, xenofobo eta negazionista aireratuz. Bi egun geroago, ordea, ‘The Wild Project’ podcast famatuan eman behar zuen elkarrizketari uko egin dio eta, horrekin, ‘La Revuelta’ saioan irabazitakoa galdu omen du Abascalek.

30 milioi ikustaldi baino gehiago ditu jada asteazkenean Jordi Wildek X sarean argitaratuko bideoak, non elkarrizketa horren ezeztapena azaldu eta Abascalen eta bere alderdiaren joera kritikatzen duen. Sare sozialak momentu hartan ere piztu ziren eta Abascalen kontrako mezuz bete, haiengandik gertu dauden hainbat ‘influencer’-engandik ere.

«Erabaki hori hartzeko hain inozoak bazarete, zer ez duzue egingo Gobernuan?» esan zuen Voxi buruz Xokasek, adibide modura, Twitch plataforman 4 milioi jarratzaile baino gehiago dituen eskumako joerako influencerrak, adibidez. 

Gaztelaniazko podcast famatuenetarikoa

Jordi Carrillo de Albornoz Torres (Jordi Wild izenarekin ezaguna) munduko gaztelaniazko podcast garrantzitsuenetarikoaren gidaria da, ‘The Wild Project’ izenekoa. Zifrak aski adierazgarriak dira: Jordi Wildek ia 20 milioi jarraitzaile ditu Youtuben, eta bere podcasteko kanalean argitaratuko 9.931 bideoek ia 5 mila milioi (4.986.943.106) ikustaldi dituzte, guztira. 

Bere jarraitzaileak, batez ere, gizon gazteak dira, 35 urtetik beherakoak, Voxen boto emaileen espazio demografiko garrantzitsua. Wildek, orain dela gutxi emandako elkarrizketa batean, horrela laburtu zuen bere joera politikoa: «Ekonomikoki liberala, baina maila sozialean progresista. Eta ez dago hori batzen duen alderdirik». Bere entzulegoaren gehiengoak eskubi aldera begiratzen duela antzeman daiteke. Datu bat emateko, urtero antolatzen duen MMA ekitaldian, hara joandako ikusleek ‘Pedro Sanchez, hijo de puta’ oihukatu zuten maiz.

Jordi Wildek elkarrizketa luzeak egiten ditu, sakonak, hainbat ordukoak askotan. Urriaren lehengo egunetan, azaroaren 29ko hauteskundeak deitu eta gutxira, Estatu espainoleko lau alderdi politiko bozkatuenen hautagaiak bere podcastera ekarri nahi zituela iragarri zuen. Elkarrizketa horiek, Wildek adierazi zuenez, «gogorrak» izango ziren, «bi kazetari independenterekin», politikariek esandako datu guztiak aztertu eta egiaztatuko dituztenak.

Hautagaien elkarrizketak 

Deialdi horri lehen erantzun zion hautagaia Alberto Nuñez Feijoo izan zen; bigarrena, Santiago Abascal; gero Ada Colau; eta, azkenik, Pedro Sanchez, Jordi Wildek emandako epemugaren azken egunean. Guztiek baiezkoa eman zuten. PSOE, Frente Amplio eta PPko liderren elkarrizketak egin dira jada, baina ez daude oraindik argitaratuta, Wildek bideo guztiak aldi berean publikatu nahi baititu, azaroaren 13an. 

Horrela, Ada Colauk, ‘The Wild Project’-etik pasa ondoren, «elkarrizketa oso gogorra» izan zela adierazi zuen asteartean, David Broncanoren ‘La Revuelta’ programan. Catalunya Radiori emandako elkarrizketan, Colauk adierazi zuen Abascal ‘The Wild Project’-en bera baino «erosoago» sentitu beharko zela: «Bereziki ulertezina iruditzen zait Abascal jauna [Jordi Wilden podcastera] ez joatea. Egia esan, oso gutxi fidatzen da argudiatzeko duen gaitasunaz».

Broncano eta lur errea

Abascal ‘La Revuelta’-ra joan zen, iragan astelehean. Ultraeskumako diskurtsoei kontra egiteko datuak eta prestaketa beharrezkoak dira, ez baitute benetan oinarri sendorik. David Broncanok, elkarrizketa horretan, prestakuntza falta erakutsi zuen eta urduriegi egon zen. Gainera, antzokiko publikoa bere aurka zuen, Voxi eman baitzitzaion hori aukeratzeko pribilegioa. Ondorioz, Abascalek zuen abantaila eta bere diskurtso negazionista, matxista eta xenofoboa aske zabaldu zuen TVEn.

Asteazkenean, ordea, lortutako inpaktu guzti horri, Jordi Wilden elkarrizketarekin batera, uko egin zion. Komunikatu baten bidez, Voxek iragarri zuen Abascal ez zela ‘The Wild Project” podcastera joango. Erabaki hori hartu zuten, komunikatuaren arabera, TVEk ‘La Revuelta’-ko elkarrizketako 40 minutu «bahitu» egin zituelako eta, beraz, Voxek ez dituelako kontrolatzen ez dituen elkarrizketa gehiago egingo.

Jordi Wilden iritziz, hau guztia aitzaki merkea baino ez da: «Iruditzen zait arriskuak minimizatu nahi dituztela, Broncanorena ondo joan eta gero». Gainera, iragarritako bideoan adierazi zuenez, lau hautagaiekin kontratu bat sinatu zuen, non konpromiso legala hartzen zuen «elkarrizketa guztia argitaratzeko, korte barik». Abascalen joera ere kritikatu du, bere «lanari errespetua faltatu» diolako elkarrizketari uko eginez.