Ane  Urkiri
NAIZeko zuzendaria / Directora de NAIZ

Euskal Selekzioa, herritik eta herriarentzat

Euskal Selekzioaren ofizialtasunaren aldarrikapena herri eragileen bitartez hauspotu da, 1979an, frankismoaren ostean, berriro zelairatu zenetik. 1937an Agirre lehendakariaren Gobernua aktore garrantzitsua izan zen selekzioaren sustapenean, 1936ko Gerra betean. 

Euskal Selekzioko jokalari eta teknikariak, zaleekin ospatzen eta aldarrikatzen.
Euskal Selekzioko jokalari eta teknikariak, zaleekin ospatzen eta aldarrikatzen. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Hunkigarria da Euskal Selekzioak jokatu osteko biharamuna. Euskal naziogintzaren bueltan hainbeste jende –eta batez ere, gazte– mobilizatzen ikusteak, erreferente argiekin, maiz mugitzen ditu sabeleko tximeletak. Herenegun, ariketa horretan, Euskal Selekzioak hartu zuen testigua –aurretik, Bilboko kaleetan, EH Bilduren deialdiari erantzunez, beste milaka pertsona faxismoaren aurka Euskal Herria «defendatzeko» prestu agertu ziren– eta «baikortasunez» bukatu zen eguna, Jagoba Arrasate Euskal Selekzioko hautatzaileak prentsaurrekoan esan legez.

Herri oso baten sugarra sentitu zen San Mamesen. Iaz Palestinaren aurka jokatutako partidak, orduan sentitu zenak, nolabait hauspotuta, bai eta azken urteetan eman diren aurrerapausoek ere lagunduta. «Erakutsi dugu herri hau batuta dagoela eta gehiago nahi duela», esan zuen Arrasatek. 

Herria da nahi eta behar horren atzean, urtez urte, aldarrikatzen egon dena, eta erakundeak izan dira galga: gogora dezagun 2018an onartu zuela Federazioko batzar nagusiak ofizialtasunerako urratsak izapidetzea eta ez zela egitate bilakatu 2020ra arte, UEFAn eta FIFAn eskaera erregistratuz, zenbait kirolarik manifestu bat sinatu ostean. Hain justu, Luis Mari Elustondoren agintaldia bukatzear zegoela. Irekitako zirrikitua bere horretan mantendu zen Javier Landetaren agintaldian. Selekzioa ere desagertu zen berdegunetik orduan, eta Lakuako Gobernuak ez zuen beharrizanik sentitu ez Federazioa behartzeko ez kontuak eskatzeko. 

2021ean hartu zuen kargua Landetak eta 2024ra arte ez zen itzuli berdegunera gizonezkoen Euskal Selekzioa. Hutsunea estaltzeko, saiatu ziren emakumezkoen partidak programatzen, baina ez merezitako antolakuntza, marketin eta bultzadarekin. Saiakera antzua; zerbait hutsuneak tapatzeko soilik egiten denean, erraz antzematen dira gabeziak. 

Herriratu beharrean instituzionalizatu

Are tristeagoa da, halere, EAEko instituzio nagusiak beregain dituen alderdiak orain Euskal Selekzioa bere talde gisa aurkeztea, herriaren nahia bere lorpen egitea, selekzioaren ikurra bereganatzea. 2022ko Kirol Legearen zuzenketaren negoziazioa «diskrezioz» egin zuten. Urteek ematen duten perspektibari so, arriskatuko nintzateke esatera, egiten ari diren hau bera egiteko egin zutela: domina beraien lepoan kolkoratzeko. Domina kolkoratzen duten bakoitzean albokoari kontuak aurpegiratzeak ere asko esan nahi du.  

Jose Antonio Agirre lehendakariaren oroimeneko biran kokatu da aurtengo partida, baina Agirreren «batzeko» esentziatik gutxi barneratu dute egungo agintariek. Donibane Lohizunen entrenatu zuen taldeak, Imanol Pradales eta Alain Iriart lehendakariak ere batu ziren bertara. Intentzioan geratu zen keinua, argazki ofizialen osaketan erakunde bakarra nabarmendu baitzen: Pradales selekzioaren kamisetarekin, Iriart beste bazterrean zegoela; eta Ibone Bengoetxea Lakuako lehendakariordea erdi-erdian, Agirreren hilobian lore-eskaintza egiteko ardurarekin. 

Donibane Lohizuneko hilerrian, Agirre Lehendakariaren hilobi parean. (Nathalie GUIRONNET)

Selekzioa «instituzionalizatu» baino «herriratu» egin behar da. Ofizialtasunaren sugarra piztuta mantendu bada, herri eragileen merituz izan da, eta hortik abiatuko dira mugimendu guztiak. Euskadiko Futbol Federazioak ofizialtasunaren bide orria berriro aktibatu badu, herri batek erakutsitako nahi baten ondorioz izan da, bai eta noski, gizartearen zati zabal baten aldarrikapena izaki, garai honetan –hauteskunde kanpainan– EAJri ere komeni zaiolako. Bestela erraz asko jarriko lukete galga, azken 40 urteetan inolako erreparorik gabe egin legez.  «Ofizialtasunerako berraktibazioa» zenbaterainoko eraginkorra izango den ere aztertu beharko da. «Akordioak aztertzea, kirolarien eta euskal futboleko estamentuen borondatea errespetatuz», hori helarazi zaio Gobernu espainoleko Kirol Batzorde Gorenari (CSD).  

«Madrilera kamiseta berdearekin» joaten direla nabarmendu zuen Aitor Esteban Euskadi Buru Batzarreko presidenteak. «Kanpoan otso eta etxean uso» direla ere esan beharko du norbaitek, eguneroko lana errazteko eskua luzatu ordez beste alde batera begiratzen baitute. 

Pilotako Euskal Selekzioak jokatu zuen urrian Munduko Txapelketa, berau prestatzeko oztopo guztiak gaindituta. EAEko erakundeetako ordezkariek ez zuten huts egin Argentinan –protokoloak ere hala esaten du–, baina bidea ez da hor bukatu, «hasi besterik ez da egin», Euskadiko Pilota Federazioko Joxemari Mitxelenak esan legez. Lau urteko ziklo honetan badago zer landu, inprobisazioari ateak itxi eta herriaren nahiari erantzuteko: EAEko selekzio izatetik Euskal Herrikora igarotzeko pausoak ematea –zailtasunak zailtasun–. 2028an dira federazioetako hauteskundeak, Olinpiar Jokoen urtean. Tentuz begiratu beharko da, jende konprometituek aktibatu dituzten bideek galga jasan baitezakete, eta instituzioen nahietara mugatutako selekzioa bilakatu.  

Eragile garrantzitsua

Euskal Selekzioa badelako nazioa egiteko eragile garrantzitsua. Hutsala, zentzu batean, baina badakigu futbola –kirola– dela «gauza ez-garrantzitsuenen artean garrantzitsuena»: milaka pertsona mobilizatzeko gaitasuna dauka, hamaikakoarekin Euskal Herria zazpi herrialdez osatuta dagoela ohartarazten dizu, immobilismotik herria egitera zaramatza. 

«Jokalariek adierazi dute; Federazioak ere aktibatu du bidea, olatu hau aprobetxatu behar dugu beste bultzada bat emateko. Sentitzen gaudena oso potentea da eta kontziente gara bakoitzak zer egin behar duen». Jagoba Arrasateren hitzak dira. Ondo marrazten du bakoitzari dagokion ardura. «Sentimenduei hitzak jarri eta ekintzak egin» behar direla ere azpimarratu zuen, Oihan Sancet babestuz.

Futbolari eta zaleen arteko sintonia da herri nahiaren adierazle; herritik eta herriarentzat izango den Euskal Selekzio ofizialarena. «Inoren aurka joan gabe, gu gurera», Arrasatek esan zuen bezala.