Echeverriaren paseoak
PPk, eta zehazki Jon Echeverriak Gipuzkoa bihurtu du bere kanpainaren epizentro, zertarako eta zergatik galdetzea dagokigu ordea. Ez du balio zepoa zerorrek jarri eta ondoren, erori zarelako, negar egiteak.

N-I errepidean topatu ditut Imanol Pradales, Aitor Esteban, Maribel Vaquero, Idoia Sagastizabal eta Gorka Urtaran aste honetan. EAJren propagandako furgoneta, Gipuzkoa zeharkatzen ari zela pentsatzen dut, errepidea izan daitekeelako milaka herritarrek egunero zeharkatzen dugun guneetako bat.
Ez dira furgoneta binilodunak eta bozgoragailudun autoak alde batetik bestera dabiltzan bakarrak, Jon Echeverria gaztea ere paseoan baitabil Gipuzkoan zehar. Hauteskunde kanpainan ezer ez da kasualitatea, eta ia guztia pentsatuta dago, edo hori pentsatu nahi dut behintzat.
Kanpainaren geografiek badute zer esana, nora doan bakoitza, eta zertara. Echeverria Donostian jaio zen, Zumarragako alkategaia izan zen 2023ko udal hauteskundeetan, eta orain, Espaniako Gorteetarako hautagaia da Gipuzkoatik. Mapa horren barruan, egin zuen lehen elkarrizketa ilustratzeko, ‘El Mundo’ hedabideko argazkietarako paisaia gisa Hernani hautatu zuen. Hernani, ia 25.000 biztanleko herria, PPk 2023ko udal hauteskundeetan 213 boz besterik irabazi ez zituena.
Pasa den asteburuan ere bertan egongo zela jakinarazi zuen; antza, ezin izan zuen autotik atera herritarrek arrautzak bota omen zizkiotelako, baina grabatu zuen bideo bat nola alde egin behar izan zuen erakusten, beraz, check.
Gipuzkoa bihurtu du PPk bere kanpainaren epizentro, ez du diputaturik lortu 2011z geroztik eta herrialde osoan zazpi zinegotzi besterik ez ditu. Hala ere, ez diot euskal jendarteari zuzendutako mezu edo proposamen politikorik aditu, eskariak bai ordea: Ertzaintzak babestu dezala kanpainan zehar.
Hasieratik zuen probokazio itxura bere paseoak, bere jarduna azaldu, defendatu eta herritarrei konbentzitu baino, bere alderdiaren babesa hutsaren hurrengoa den herrietara jotzea erabaki baitu. Azaroaren 29ko boto paperetatik haragoko intentzioa dela dirudi, bazterrak nahasi, biktima gisa aurkeztu eta herritarren iruditegia kolektiboa beste garai edota eszena batzuetara eramatekoa, bizitza lasai eta komunitarioa eguneroko ogia den herrietan.
Probokazioak probokazio, hautagai guztien parte-hartze segurua babestu behar da, bai, baina ez du balio norberak bere buruari zepoa jartzeak, bertan erortzearen itxura egin, negar zotinak zabaldu eta, ondoren, artatzea eskatzeak.

«Vil, ruin y mezquino»; el delirante fuego amigo entre Vox y PP en Gipuzkoa

La trama nazi, armada y golpista que no interesa a la Audiencia Nacional ni a la Guardia Civil

«Hay empate entre bloques, muchas encuestas siguen a semanas por detrás de la realidad»

Feijóo emplea una ikurriña mal dibujada para «evitar que Bildu tenga más fuerza en Madrid»

