Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Ispilu hautsiak

Jane Schoenbrunek beldurra baliatzen du ‘Teenage Sex and Death at Camp Miasma’ filmean, genero-identitateari eta transexualitateak zineman izan duen irudikapenari buruz gogoeta egiteko.

Horretarako, ‘Psicosis’ (1960) eta ‘The Silence of the Lambs’ (1991) bezalako klasikoetara jotzen du; izan ere, genero-disidentziaren eta munstrokeriaren arteko lotura iluna ehuntzen lagundu zuten film horiek. Schoenbrunen asmoa genero horren ondareari omenaldia egitea da, baina baita hura zalantzan jarri eta iraultzea ere.

Genero-identitatearen eta munstrokeriaren arteko lotura horrek kontraesan liluragarri bezain kezkagarria gordetzen du. Alde batetik, Schoenbrunek aipatutako filmek aurreiritziz betetako begirada elikatzen lagundu zuten: genero-arauetatik aldentzen zena mehatxu gisa irudikatzen zuten, zerbait arrotz, asaldagarri eta beldurgarria balitz bezala.

Hala, beldurrezko zinemak ezberdintasuna beldur-iturri bihurtu zuen, pantailatik kanpo ere ondorioak izan dituzten estereotipoak elikatuz. Baina, aldi berean, irudikapen horiek arrastoa utzi dute iruditeria kolektiboan, eta berriz bereganatu eta beste esanahi batez jantzi daitekeen ikonografia sortu zuten.

Hor datza, hain zuzen ere, Schoenbrunen proposamenaren indarra: kode horiek berreskuratzea, haien eragina aitortzea baina, aldi berean, haiei buelta ematea.