Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea

Nerea Ibarzabalek hegan egin du Gasteizko saioan

Goi mailako finalaurrekoa Gasteizen. Ibarzabalek (760,5) puntatik puntarako saioa egin du, txorroskilo propioz zorroztua. Sustrai Colina bigarren, 735 punturekin. Poto batek arnasa moztu dio, baina bueltatu zaio. Gaztelumendi (734), Labaka (714,5), Bizkarra (714) eta Txoperena (702,5) segidan.

Nerea Ibarzabal izan da garaile Gasteizko saioan.
Nerea Ibarzabal izan da garaile Gasteizko saioan. (Endika PORTILLO | FOKU)

Berez agurrek ez dute punturik batzen, baina gauza asko kontatzen dituzte. Gasteizko Mendizorrotzan bi mila lagunetik gora bildu dira. Eta hasierako agurretatik sumatu da zer nolako saioa zetorren. Ez al da hausnarketa eguna? Bada, to hausnarketa. Seriotik, umoretik, patxadatik, ziritik, okurrentziatik... oso fin aritu da seikotea.

Finala gerturatu ahala, saio guztiak bihurtzen dira final txikiak. Nerea Ibarzabal izan da puntu gehien batu dituena, 760,5. Ozempic eta gaileta Maria errimatu ditu, gai guztiei punta atera die txorroskilo propioz eta plaza altxatu du, bai gogoeta apartez eta bai umore kolpe bikainez. 

Zozketak lehen aulkian eseri du eta berak abiatu du saio puntuagarria. Aitor Bizkarrarekin aritu da hamarreko txikian. Gai-emaileak bi nutrizionistaren larruan jarri ditu. Pazienteek pisua ahalik azkarren galdu nahi dutelako kezkatuta. Biak oso goitik aritu dira; «osasuna beti da bigarren platera» ireki du bidea Ibarzabalek. «... dena den hontan kuskus eta aguakate/ baraua agintzeak ze zentzu leukake/ desnutrizionistak izango ginake», segitu du elkarrizketa Bizkarrak. Eta Ibarzabalen arratsaldeko lehen kolpea, «...ta pilula ez bada bestela ozempic/ zenbat jende bizi da batzuen gosetik». Eta Bizkarrak ere aparteko erantzuna, «...kanpo irudiaren burnizko katea/ ez da irtenbide bat barrenak jatea».

Zortziko txikian berriz harrotu dute olatua plazan Ibarzabalek eta Gaztelumendik. Izeba-ilobak izan dira. Gaztelumendi Gasteiza ikastera etorri eta izebaren etxean ari da bizitzen. Hirugarren ostegunez segidan lagun bat ekarri du etxera parranda eta gero. «Baina hemen gabiltza gu nahiko amesti/ gaztea izatea hauxe baita noski/ gosaria etzaizu irtengo garesti/beti etortzen gara kruasan eta guzti», bota du Gaztelumendik. Eta, Ibarzabalen erantzun txalotua: «Kruasan eta guzti eta muxu gorriz/ hiru lagun gaude mahai berdinean jarriz/ zuk zer ikasten duzu galdetu dit irriz/ hau ondo etortzen zait ekartzazu berriz».

Eta, ganbarakoan, errematea. Hauxe izan dute gaia: Benetakoa ez den irribarrez erantzun duzu. Alabaren bikotea ezagutu duen amaren ahotik aritu da Ibarzabal. Hauxe hirugarrena: «Sarri barruko ahotsei hobe da ez egin kasu/ baina biografia bat barrenean badaukazu/ azkar igartzen da txispa noiz bihurtzera doan su/ gero bihurtzen da kontrol eta gero amenazu/ jan dugu ta esan diot ‘harantza lagunduidazu’/ ta astiro dator bera ai ze dardara dun pausu/ bideko zapoen eran aplastatuko zaitut zu/ nire alabari negarrik eragiten badiozu». 

Colinaren gazia eta gozoa

Sustrai Colinak txanponaren bi aldeak probatu ditu. Jenialtasunen olatu gainean surfean aritu da sarri eta puntukako ariketan poto bat egin du. Entzulea eta bera, biak parean konturatu dira potoa zetorrela, isilune astun baten ondoren. Baina hori baino ozenago entzun da zortziko txikian jaso duen txalo zaparrada. Bizkarra eta biak aritu dira hauteskunde giroan. Sustrairi mahaian egotea tokatu baino azaldu ez. Eta bere ordezkoa zen Bizkarra, Colinaren etxean tinbre joka. Colinaren lehen amaiera, «...etzaitez apuratu segi tenple lasaiz/ nere frente zabala orrazten ari naiz». Bigarrena, «...gai hau noiztik da zure interesekoa/ Aitor ez ote zinen GKSkoa». Eta, hirugarrena, perla: «Lehenik frente zabala orraztu dut garaiz/ ta lagunekin bildu hain aldarte alaiz/ gero Pepe agurtu, agurtzen bainau maiz/ igual lau urte barru ailegatuko naiz». Eta Colinaren ganbarakoa, aparta. 

Hirugarren tokian, Beñat Gaztelumendi, 734 punturekin. Oso beretik osatu du saio osoa, gai guztiak berak nahi tokira ekarriz. Eta horren adibide ganbarakoa. Hamazazpi urteko gazte baten ahotik, kuadrillarekin lokalean egon eta txiste matxista baten aurrean kokatu da Añorgakoa. «Baina zer esango diet halaxe gaude ohituta/ norena ote da errua norena ote da kulpa/ hamazazpi urte dauzkat izan nahi nuke arrunta/ ta hain zait beldurgarria hemendik kanpoko ruta/ armiarma ikusi dut sabaian hona sartuta/ amarauna josi digu horretan ohi du disfruta/ euli bat halaxe dauka bere besotan hartuta/ ta ni ere hala nago sarean harrapatuta». 

Laugarrena, Ane Labaka, 714,5 punturekin. Sekulako lana egin du Labakak ariketa guztietan. Hamarreko txikian eman du abisu, Colinarekin batera. Etxean lapurrak sartu zaizkie. «Neri barruan piztu zait herensugea/ nolako amorrua eta azkurea/ berdina da sabaia, horma, orubea/ juan zait lasaitasuna, juan zait logurea/ gure etxea jada ez da hain gurea».  

Bosgarren, 714 punturekin, Aitor Bizkarra. Ganbarako hirugarren bertsoa, seaska kanta baten bertsiotzat har daiteke. Aita izan berri den eta haur txikiaren beharrak dominatu ezinik dabilenaren tokitik, hitanoz eta gertutasunez, hauxe abestu du: «...hi haiz ezin kokatu/ ta ez nirekin etzaik tokatu/ zorte onaren hirusta/ barre egiten duk ez barre faltsu/ ni hasten banauk huzka/ baina ama falta ta hi negarrez ta ni egiten nau bi puska/ oro haiz lerden negar ta lerde/ hoi loa loa txuntxurunberde/ hoi loa loa maxusta/ arren egin lo kuluska».  

Seigarren Maddi Ane Txoperena, saio bikaina eta txapelketa bikaina sinatuz. Ofiziotan fin aritu zen, zortziko txikian adibidez, Labakarekin elkarlanean.