INFO

Urraketak salatzeko deia egin du Behatokiak, hizkuntza-eskubideak bermatuak izan daitezen

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak urteko txostena argitaratu du Iruñean eta bertan berretsi du hizkuntza-eskubideen bermean «aurrerabide bakarra» urraketak salatzea dela.

Garbiñe Petriati eta Xabier Maritorena, gaurko agerraldian. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)

Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendari Garbiñe Petriati izan da 2011. urteko txostena aurkeztu duena, Iruñean emandako prentsaurreko batean, eta ondorio nagusi gisa nabarmendu du aurreko urteekiko aldaketarik ez dagoela.

«Euskaraz bizitzeko eskubidea ez dago bermatuta eta nabarmenak dira egunero sortzen diren ezintasunak», azaldu du Petriatik agerraldian.

«Hizkuntza-eskubideak lurralde osoan eta administrazio guztiek urratzen dituzte. Behatokiak kudeatutako espedienteak ez dira salbuespena, errealitate zati bat baizik. Euskal hiztunari ukatu egiten zaio berezko hizkuntza erabiltzea bere eguneroko bizitzan, galarazi egiten diote administrazioetako zerbitzuek berezko hizkuntzak jasotzea», esan du Behatokiko zuzendariak.

Eskubideen bermatzaile izan beharko luketen botere publikoei, administrazioei eta erakundeei dagokie, Petriatiren aburuz, hizkuntza-urraketa egoera hauek ez gertatzeko bitartekoak eta neurriak abiatzea.

Hizkuntza-eskubideen urraketen aurrean, herritarrek egiten duten lana azpimarratu egin du Behatokiak, eta batez ere, urraketok salatzen jarraitzeko deia egin dute, hori baita «hizkuntza-eskubideen bermean aurrerabide bakarra».

Petriatirekin batera, eta urraketa horiek irudikatzeko, Xabier Maritorena egon da, bere egunerokotasunean bizi dituen egoerak eta euskaraz bizitzeko dituen zailtasunak azaltzen.