INFO

Vuelta irauli eta lidertzan jarri da Contador, etapa irabazita

Contador izan da vueltako 17. etapako irabazlea. Sei segunduko aldea atera dio bigarrenari eta 2.37koa ‘Purito’ Rodriguezi. Modu horretan, lidertzan jarri da Saxo Bankeko txirrindularia.

Etapa eta lidertza lortu ditu Alberto Contadorrek gaurko egunean. (Jaime REINA/AFP)

Vuelta iruli du Alberto Contador Saxo Bankeko txirrindulariak. Santander eta Fuente De artean lehiatu den 187,3 kilometrotako etapa irabazi du eta ‘Purito’ Rodriguezi lidertza kendu dio, 2.37ko aldea aterata helmugan.

Collado de la Hoz-eko mendatean jo du erasoa Contadorrek eta bere aurkari nagusiak atzean utzi ostean, helmugarako bidea egin du, amaierara bakarrik iritsiz.

Sei segunduko aldea atera dio Valverderi helmugan eta 2.37koa ‘Puritori’. Modu horretan, lidertza galtzeaz gain, bigarren postua ere galdu du Katushako txirrindulariak, Valverderen mesedetan.

Etapako euskaldunik onena Gorka Verdugo izan da, laugarren postuan amaituz.

Bihar 204,5 kilometrotako etapa lehiatuko dute, Aguilar de Campo eta Valladoliden artean.

Jarraitu Vueltaren inguruko informazio guztia NAIZen webgune berezian.