INFO

EH Bilduk emakumeen eskubideen defentsa Jaurlaritzaren egunerokoan txertatuko du

Hondarribian izan dira EH Bilduko Laura Mintegi lehendakarigaia eta Bea Ilardia lehendakariordegaia. Emakumeen eskubideak egunerokoan defendatu behar direla aldarrikatu dute eta egungo Berdintasun Legea mugimendu feministarekin elkarlanean «berridatzi, egokitu eta betearazteko konpromisoa» hartu dute.

Laura Mintegi bere ‘Ecce Homo’ liburua sinatzen gaur Hondarribian. Jon URBE / ARGAZKI PRESS

«Emakumeen eskubideak modu sistematikoan urratzen dituzte» Hondarribian EH Bilduren lehendakarigaiaren arabera. Laura Mintegi eta Bea Ilardia, lehendakariordegaia, beste hainbat hautagaiekin bertan izan dira gaur Lakuako Gobernura iritsiz gero emakumeen eskubideen defentsak izango duen garrantzia azpimarratzeko.

Hondarribian emakumeen eskubideen defentsa «egunerokoa» dela esan du Mintegik, alardearen ingurukoak gogoratuz, eta eurek Gobernua hartuz gero «jardun osoan» txertatuko dutela iragarri du. Horren adibidea da, hautagai independentistaren arabera, lehendakariordetzaren eskutan geratuko litzatekeela ardura.

Mugimendu femnistarekin elkarlana

Askotan emakumeen eskubideen inguruko legeak «emakumearen ahotsa kontuan hartu gabe» egin direla esan du Mintegik. Hori aldatzeko beharra dagoela uste dute independentistek eta horregatik, egungo Berdintasun Legea «berridatzi, egokitu eta betearazteko» konpromisoa hartu du hautagai independentistak eta hori mugimendu feministarekin eta elkarte sozialekin elkarlanean egingo dutela iragarri du.