INFO

#inBECendentzia hizpide nagusia izan da Twitterren

EH Bilduk Barakaldoko BECen antolatu duen ekitaldi nagusiak interneten ere oihartzun zabala izan du. Laura Mintegik hitza hartu behar zuenean Twitterren hizpide nagusi (Trending Topic) bilakatu da #inBECendentzia eta saretik ehunka lagunek jarraitu dute ekitaldia.

BECeko ekitaldiko une bat, @EnekoAnder erabiltzaileak Twitterren zabaldu duen argazkian

«Alemaniatik bihotza Euskal Herrian! Gora gu ta gutarrak!», ‘Jokintxo’ erabiltzaileak BECeko ekitaldia internetez ikusten zuen bitartean igorritako mezua izan da. Barakaldon ez ezik, sarean ere jarraipen zabala izan du EH Bilduren ekitaldiak.

Frogarik argiena, Laura Mintegiren hitzartze nagusia izan denean Espainiako Estatuko erreferentzia harturik #inBECendentzia gaia hizpide nagusi bilakatu dela.

Hitz gako horrekin Barakaldoko BECetik bertatik argazkiak, iruzkinak eta emozioak hedatu dituzte ekitaldian parte hartzen zirenek. Etengabeko jarioa eragin du horrek interneten eta ekitaldiaren gora beherek sortzen zituzten erreakzioen neurgailu ere izan dira txioak.

Horren adibide izan da Twitter bidez jakin dugula hainbat jende atzerantz bidali dutela, aski leku ez zelako denentzat: «azken ilarara bidali gaituzte, hain urrun sapaiak eszena estaltzen digula. Begira zein betea dagoen #inBECendentzia».

Gainera, EH Bilduk streaming bidez eskaini duen emanaldiak jarraitzaile ugari izan ditu sarean, eta etengabeko hitz trukean aritu dira txatean ekitaldia internet bidez ikusten ari ziren pertsonak.

Txina, Alaska, Estonia...

Internetez ekitaldia bertan ez zirenek jarraitu dute, noski. Euskal Herritik bertatik askok eta nazioartetik ere bai. Txinatik ari zen ‘qiaoran’ izeneko erabiltzailea eta jada EH Bildu bozkatu duela esan du, hori bai, Shangairaino 2.000 KM-ko bidea egin ostean.

Portugaldik ere ari ziren ekitaldiari jarraika, Estoniatik ere eta baita Alaskatik ere, besteak beste.