Olaizolak eta Zabalak egungo Binakako txapeldunei irabazi diete
Aimar Olaizolak garaipenarekin hasi du Binakako Txapelketa. Goizuetakoak eta Ibai Zabalak 22-14 irabazi diete egungo txapeldunei, Titin III eta Merino IIri.
Aimar Olaizolak Binakako Txapelketara sasoian iritsi dela erakutsi du Eibarren. Ibai Zabala hasiberria lagun zuela, protagonista nagusia izan da Astelena pilotalekuan.
Partidaren lehen minutuetan gorriak 5-1 aurreratu badira ere, Titin III eta Merino II, egungo Binakako txapeldunak, sartu dira norgehiagokan eta berdinketaren ondoren 6-7 aurreratu dira markagailuan.
Handik aurrera, ordea, Olaizola eta Zabala 13-7 jarri dira eta, nahiz eta errioxarrek ez duten amore eman, markagailuan bost eta zortzi tanto arteko aldea izan dute goizuetarrak eta berriztarrak. Azkenean, 22-14 gailendu zaizkie Titin eta Merinori.