INFO

Kirolak eta oroimenak bat egingo dute Idiazabalgo lehen Axari Trail mendi lasterketan

Igandean egingo dute Idiazabalen lehen Axari Trail mendi lasterketa. 2008an mendian izandako istripu batean hil zen Mikel Garmendia herritarra omentzeko asmoz antolatu dute kirola eta jai giroa elkartuko dituen lasterketa. Osteguneko gauerdia arte eman ahal da Euskal Herriko koparako baliagarri den froga honetan izena.

Axaritrail.wordpress.com webgunean jarri dituzte argibide guztiak.

Oroimena, kirola eta jaia. Hiruek bat egingo dute igandean Gipuzkoako Goierri eskualdeko Idiazabal herrian. Lehen Axari Trail mendi lasterketa antolatu dute herri ekimenez, 25 kilometroko froga eta Euskal Herriko koparentzat baliagarria dena.

9.30ean hasiko da lasterketa eta lehen parte hartzaileak bi ordu beranduago espero dituzte helmugan. Sari banaketaren ostean 800 lagunentzat paella erraldoia antolatu dute eta antolatzaileek kirolaz gozatu eta herria ezagutzeko proposamena egin dute.

Lasterketa nagusiarekin batera bigarren froga bat ere izango da, junior mailakoa. Bigarren hau ere Euskal Herriko koparentzat baliagarria izango da. Parte hartu nahi duen orok izena osteguneko gauerdia baino lehen eman beharko du, www.deporbox.com web orriaren bitartez.

Mikel Garmendiari omenaldia

Kirola ez da, ordea, lasterketa honen osagai bakarra izango. Lasterketa antolatzearen ideia Mikel Garmendia herritarra omentzeko asmotik sortu zen. Garmendia herriko aguazila zen 2008an istripuz mendian hil zenean. Herri kiroletan jarduten zuen eta baita mendi lasterketetan ere, antolatutako ibilbidea berak Zegama-Aizkorri maratoirako prestatzeko erabiltzen zuena da.

Gainera, Idiazabal ezagutzera emateko ere baliatu nahi dute eguna. Euren webgunean lasterketa ikusteko proposamen ugari egin dizkiete bertaratzen direnei.