INFO

Amets Arzallusek irabazi du lehenengo finalaurrekoa

Gernika-Lumon ospatu da Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehen finalaurrekoa eta Amets Arzallusek eskuratu du lehen postua, 717 puntu pilatuta.

Amets Arzallusek irabazi du Gernikako kanporaketa. (ARGAZKI PRESS)

Gernika-Lumoko Jai-alai pilotalekua goraino bete da Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehen finalaurrekoan. Bertan, lehiari gaur ekin dion Amets Arzallus izan da nagusi, 717 punturekin. Bitxikeri moduan, bere urtebetetze egunean jokatu da hain zuzen finalaurreko saioa eta bertsozaleek kantatuz zoriondu dute, sailkapena jakin aurretik.

Gainerako bertsolariak hurrenkera honetan sailkatu dira: 657,5 punturekin Jokin Uranga; 653rekin Jone Uria; 640,5eekin Jon Martin; 639,5eekin Julio Soto; eta 633,5 punturekin Nerea Elustondo.

Bihar bigarren kanporaketa Tolosan izango da. Bertan izango dira kantuan Unai Iturriaga, Amaia Agirre, Etxahun Lekue, Igor Elortza, Iñigo Mantzizidor ‘Mantxi’ eta Jexux Mari Irazu.