INFO

Manifestazioa deitu du Gasteizko Harresiak, epaituko dituzten lau gazte independentisten alde

Segiko kide izatea, lau gazte gasteiztar epaituko dituzte martxoaren 31tik aurrera Madrilgo Auzitegi Nazionalean. Bi egun arinago, hilaren 29an, manifestazioa deitu du Gasteizko Harresiak auziperatuei babesa adierazteko.

Gasteizko Herri Harresiak eta auziperatuek egin dute agerraldia. (Raul BOGAJO/ARGAZKI PRESS)

Aurki epaituko dituzten Xabier Fernandez de Gamarra, Federico Lomas, Koldo Moreno eta Aitor Juarez gazteek agerraldia egin dute gaur Gasteizen, Herri Harresiarekin batera.

Azaldu dutenez, martxoaren 31. egunean hasiko da haien kontrako epaiketa, Segiko kide izatea egotzita. Orotara 48 urteko espetxe zigorra eskatzen du Fiskaltzak.

Akusazioa torturapean lortutako inkulpazioetan oinarrituta dagoela gogoratzeaz gain, azpimarratu dute 2007an atxilotu zituztela, eta duela 10 urteko delituak leporatzen dizkietela gaineratu.

Horrez gain, salatu dute «aurten 23 gasteiztar gehiago pasa direla jada Auzitegi Nazionaletik», eta beste hainbeste direla datozen hilabete eta urteotan bidai beharko dutenak.

Gasteizko Harresiko kideek gogor salatu dute inkomunikazio aldian sinatutako adierazpenak froga gisa erabiltzea, «ez baitago adierazpenak borondatezkoak izan diren inongo bermerik». Era berean, kritikatu dute Auzitegi Nazionala bezalako «salbuespen epaitegietan ez dagoela prozedura justu baterako inongo bermerik».

Auziperatuei Segi erakundeko kide izatea egozten zaiela ere gogoan hartu dute Herri Harresikoek, hau da, «oinarrizko eskubide zibil eta politikoak praktikatzeagatik». «Oinarrizko eskubideez ari bagara, eta horrela ari gara, haien errespetuak ezin du testuinguru politikoaren menpe egon», salatu dute.

Aipatu eskubideak defendatzeko orduan, herritarren presioa ezinbestekotzat jo dute eta, ildo horretan, bi dataren berri eman dute: hilaren 29an, manifestazioa egingo dute lau gazteei babesa adierazteko, eta bi egun beranduago, epaiketaren hasiera dela-eta, mezu berbera Madrilera eramateko deia egin dute.