’On Any Sunday: The Next Chapter’ estreinatuko da Savage Cinemaren 2. edizioan
Dana Brownek zuzendutako ‘On Any Sunday: The Next Chapter’ filmaren Europako estreinaldia egingo da Donostiako Zinemaldiko Savage Cinema sailaren bigarren edizioan. Filmak motorren kultura eta bere diziplina guztiak aztertzen ditu.
‘On Any Sunday: The Next Chapter’ filmaren Europako estreinaldia egingo da Donostiako Zinemaldiko Savage Cinema sailaren bigarren edizioan, antolatzaileek jakinarazi dutenez.
Zinemaldiko arduradunentzat, ‘On Any Sunday: The Next Chapter’ abenturazko eta kiroleko zinema definitzeko «lan giltzarria da, akziozko kiroltzat jotzen denaren mugak gainditu ahala eboluzionatzen duen generoaren adierazle bat».
Dana Brown zuzendaria bere aita Bruce Brownekin (‘Endless Summer’ eta ‘On Any Sunday’) batera aritu da pelikula sortzen. Filman, besteak beste, Marc Marquez, Mickey Rourke, Travis Pastrana, Roland Sands, Ashley Fiolek, Kenny Roberts, Dani Pedrosa eta Scott Caan ageri dira.
1971n, Steve McQueen protagonista zuen ‘On Any Sunday’ filmak zinema aretoak bete zituen eta motoziklismoaren historiaren parte bilakatu zen. Filmak kirola gainditu eta mundu osoko ikus-entzuleak bereganatu zituen, protagonista konprometituei eta haien benetako gertaerei esker. Motorraren kultura maite dutenen artean erabateko miresmena sortzen duen lana da.
Motorraren kulturari keinua irudian
Bestalde, edizio honetarako irudi gisa, Savage Cinema sailak ‘Impostor’ aukeratu du protagonista gisa, El Solitario artista taldeak egindako motorretako bat. Horrela, irudi muturreko, indartsu, basati eta generoko topikoetatik edo irudi ohikoenetatik haratagokoa zabalduz, motorraren kulturari keinu zuzena egingo dio.
Arrazoi beragatik, Savage Cinemak motorraren eta surfaren kulturaren inguruko Wheels&Waves ekimenarekin bat egin du. Ekainaren 12an hasiko da, Biarritzen, eta ekainaren 13ko gauean, ‘Impostor’ / ‘El Solitario’ protagonista duen Savage Cinemako mini film laburra estreinatuko da, ekitaldien gune nagusian, Biarritzeko Faroan.
Saria
Antolatzaileek azaldu dutenez, Zinemaldiak Alliance Française Euskadi saria lortu du, Frantziako hizkuntza eta kultura zabaltzen egindako lanagatik. Saria astearte arratsaldean jaso zuen Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinosek, Gasteizko Villasuso jauregian.