Garaipenarekin ekin diote Irujok eta Barriolak urte berriari
Irujok eta Barriolak osatutako bikoteak bigarren puntua lortu du Binakako Txapelketan, Bengoetxea VIa eta Aretxabaletari 22-17 irabazita.
Jendetza bildu da Eibarko Astelena pilotalekuan eta partida bizia ikusi ahal izan dute. Irujok maila ikusgarrian hasi du norgehiagoka eta 5-0ko aldea lortu du, lanak asko erraztuz.
17-8ko emaitzera iritsi arte ongi kudeatu dute aldea, baina urdinek zazpi puntuko partziala egin eta bi puntura jarri dira (17-15).
Irujoren gantxo batek Asegarcekoen boladari amaiera eman dio eta, azkenean, 22-17ko emaitzarekin bukatu da neurketa.
Binakako Txapelketaren hirugarren jardunaldiak datozen egunotan izango du jarraipena: larunbatean, Iruñean, Olaizola IIa-Beroiz eta Ezkurdia-Zabaleta bikoteen aurkako neurketarekin. Igandean, Eibarren, Berasaluze II- Zubieta eta Retegi Bi-Rezusta izango dira aurrez aurre. Asteartean, Tolosan, Xalak eta Merinok Artola eta Albisurekin neurtuko dituzte indarrak.