INFO

Istiluak eta atxiloketak izan dira Fergusonen, bigarren protesta gauean

Gutxienez 23 lagun atxilotu dituzte astelehenetik astearterako gauean Fergusonen (Misuri, AEB), polizia zuri batek Michael Brown gaztea tiroz hil zueneko lehen urteurrenaren harira burutzen ari diren protestetan. Larrialdi egoera ezarri dute agintariek.

Ehunka lagunek hartu zuten parte Fergusonen izandako bigarren protesta gauean. (Scott OLSON/AFP PHOTO)

Saint Luis konderriko buru den Steve Stengerrek larrialdi egoera ezarria zuen arren, bart ere istiluak izan dira AEBetako Ferguson hirian, Misuri estatuan.

Gauean bakarrik 23 lagun atxilotu dituzte –Efek aipatutako polizia iturrien arabera–, eta astelehenean zehar ere hamarka lagun atzeman zituen Poliziak.

Igandeko istilu larrien ondotik adierazi zuen Stengerrek ez zituela «onartuko indarkeria ekintzak azken urtean berreraiketzeko modu nekaezinean lanean aritu den komunitatean». «Fergusonen inbertitutakoa ez dute gutxi batzuek suntsituko», gaineratu zuen.

Mezu horiek plazaratu izanagatik, ehunka lagun atera dira bart kalera protesta egitera, Michael Brown gaztearen heriotzaren urteurrenaren karietara. Armarik gabe zihoala, tiroz hil zuen polizia zuri batek.

Manifestarietako batzuek ‘Blacks lives matter’ (Beltzen bizitzek axola dute) zioten kartelak eraman dituzte. Brown zendu eta gero eskubide zibilen alde sortutako mugimenduak egin zuen ezagun esaldi hura.

Bestalde, igandean izandako istiluetan bi lagun zauritu ziren balaz. Haietako bat, 18 urteko gazte bat, larri dago Poliziak bere aurka tiro egin ondoren.